Baliarraingo jaiak 2024

«Gure helburua gazteei txirrindularitza munduan murgiltzeko grina sustatzea da»

Endika Apalategi Labayen 2024ko abu. 10a, 07:59

Alfontso Jauregi Baliarraingo plazan. E.A.

Abuztuaren 14tik 16ra, Ama Birjin jaiak ospatuko dituzte Baliarrainen. Ekitaldi berriek zein urteroko hitzorduek lekua izango dute; tartean, Ama Birjin egunean, Jexux Nazabalen oroimenezko 60. txirrindulari igoera egingo dute. Alfontso Jauregi Baliarraingo txirrindulari igoerako antolatzailea da.

Aurten ere, 1984. urtean zendu zen Jexux Nazabalen oroimenezko txirrindulari proba antolatu dute. Alfontso Jauregi lasterketako antolatzaileetako bat da, eta «mimo eta gogo askorekin» prestatzen duten lasterketa dela adierazi du.

Zer oroitzapen dituzu Baliarraingo lehenengo txirrindulari igoeraz?

Gogoratzen dut, herriko apaiza zen Joxe Mari Aizpuruak antolatu zuela txirrindulari igoera lehen aldiz Baliarraingo jaietan. Garai hartan, lasterketa bakarrean lehiatzen ziren adin guztietako txirrindulariak, eta gu, ziklistei animatzen egoten ginen errepide bazterrean.

Zenbat urte daramatzazu lasterketa hau antolatzen eta zenbat kidek osatzen duzue lantaldea?

Ez naiz zehazki gogoratzen lasterketa antolatu nuen lehen urtea noiz izan zen, baina 50 urte inguru daramatzat antolakuntzan. Gaur egun, guztira, 25 lagun inguruk osatzen dugu lantaldea, eta ni bezala, askok urteak daramatzate Baliarraingo Txirrindulari proba antolatzen.

Zenbat mailatan lehiatzen da Baliarraingo txirrindulari igoera?

Esan bezala, lasterketa egiten hasi zen lehen urteetan txirrindulari guztiek batera lehiatzen zuten. Antolakuntzatik ohartu ginen, gaztetxoenentzat frustragarria izatera iritsi litekeela jende zaharrarekin lehiatzea. Horregatik, 15 urtetik berakoek haurren lasterketan lehiatzen dute, eta adin horretatik gorakoek berriz, helduen mailan. Lasterketako parte hartzaileek bete behar duten baldintza bakarra, federatuak ezin direla izan da.

Azken urteetan zenbat txirrindularik parte hartu dute Baliarraingo igoeran?

Bataz beste, 70 txirrindularik parte hartu izan dute azken urteetan. Aipatu beharra daukat, inguruko herrietatik jende asko animatzen dela igoera egitera; izan ere, ospe handia duen lasterketa da Baliarraingoa.

60 urte hauetan izan al da profesional mailara saltoa ematea lortu duen txirrindularirik proba lehiatzen? 

Izen aipagarrienak Jokin Mujika eta Ion Izagirre direla esango nuke. Mujikaren kasuan, beti aipatu izan du, bere herritik kanpo irabazi zuen lehen lasterketa Baliarraingoa izan zela, eta hemen bizi izandako sentipenek sorrarazi ziela txirrindulari profesionala izateko nahia. Guretzat, Jokin Mujika bezalako txirrindulari baten partetik horrelako lausenguak entzutea pozgarria da; izan ere, lasterketa hau antolatzearen helburua gazteak txirrindularitza munduan murgiltzeko grina sustatzea da.

Igoerako markarik honena bi txirrindulari hauetako batek ezarri al zuen?

Hala da! Ion Izagirrek 2013. urtean ezarri zuen marka bost minutu eta berrogeita bost segundoan, 50. urteurrenean egin zuen bakarkako igoeran. Lasterketa batean txirrindulari ez federatu batek ezarritako marka berriz, sei minutu eta hogeita zazpi segundoan dago.

Lasterketako irabazleak saritzeaz gain, beste sari mota batzuk ere banatzen dituzue txirrindularien artean. 

Maila bakoitzeko lehen bost sailkatuei, eta igoeran parte hartzen duten txirrindulari txikiena eta zaharrena saritzeaz gain, lasterketan parte hartzen duten txirrindulari guztiak sagardo botila batekin saritzen ditugu. Parte hartzaileen artean ilusio gehien pizten duen saria ordea, igoerako lehenengo kilometroan dagoen tarteko helmuga lehenengo postuan zeharkatzen duen txirrindulariari ematen zaion urdaiazpikoa da. Txirrindulari askok, indarrak lehen kilometroan xahutzen dituzte urdaiazpikoa lortzeko helburuarekin.

Eta aurrera begira zein dira zuen asmoak?

Orain arte bezala jarraitu nahi dugu lanean. Antolakuntzako kideak indarrez beterik jarraitzen dugu, eta datozen urteetan, emakumeen parte hartze kopurua areagotzea gustatuko litzaiguke Baliarraingo Txirrindulari Igoeran.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!