Trafiko eragozpenak Ibiur urtegiko lanak direla-eta

Ataria 2025eko abenduaren 4a

Semaforoa Baliarrainetik jaisteko errepidean, bidea ixten. A. ARROYO

Baliarrainera igotzeko itxita dago errei bat, eta ibilgailuak txandaka pasarazten dituzte bi semaforok. Lanak datorren ekaina baino lehen amaitu behar dituzte.

Atzera obrak eta semaforoak topatuko ditu Baliarrainera joateko errepidea hartzen duenak. Iazko udan hasi zituzten lanak eta, izatez, hamabi hilabeteko epean amaitu behar bazituzten ere, beste urtebete izango dute egin beharrekoak bukatzeko. Une honetan itxita dago Ibiur urtegitik gertuena dagoen erreia, eta ibilgailuak txandaka igaroarazten dituzte bi semaforok.

Baliarraingo Ugaitz Garmendia alkateak azaldu du, dagoeneko, bukatu dituztela zenbait lan, horien artean, Eredu enpresatik herrira doan bidea zabaltzea, San Joaneko bidea berritzea eta ur zikinen saneamendurako lanak: «Lan gehienak Baliarrainen baziren ere, egin dituzte beste zenbait Abaltzisketan eta Orendainen ere».

Orain zertan ari diren

Aipatutako lanez gain, hasierako beste egiteko bat zen urtegia inguratzen duen pista bukatzea; hain zuzen, azken zatia egin gabe zegoelako, eta oinez errepidetik borobildu behar zelako itzulia. Bada, orain, azken zati hori oinez egiteko ari dira egokitzen ingurua.

Horrez gain, Ibiur urtegiaren inguruko bidean hainbat luizi eta kalte eragin dituzte iazko udatik hona izan diren euri jasek, eta horiek konpontzen ere ariko dira langileak.

Garmendiak azaldu du datorren urteko ekainerako bukatu behar dituztela lanak, eta «lehenago bukatzea» espero duela. Guztira, hiru udalerrien eremuetako obrak kontuan hartuta, hiru milioi euro baino gehiagoko kostua izango dute lanek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!