Astean zehar itxita egongo da Ibiur urtegia inguratzen duen pasealekua

Ataria 2024ko uzt. 17a, 11:58

Urtegia inguratzen duen pista zabaltzeko eta amaitzeko lanak ari dira egiten; obrak irauten duen bitartean asteburuetan soilik erabili ahal izango da bidea.

Ekainaren amaieran hasi ziren obrak Ibiur urtegian eta urtebete inguru iraungo dutela aurreikusten du Baliarraingo Ugaitz Garmendia alkateak. Udaleko ordezkariak azaldu duenez, duela «ia 20 urte» onartutako obra bat da, eta orain jarri dute martxan.

Hainbat lan egingo dituzte eta, orain, besteak beste, urtegia inguratzen duen pista zabaltzen eta amaitzen ari dira. Lan horiek irauten duten bitartean, astelehenetik ostiralera, itxita egongo da urtegia inguratzen duen bidea. Asteburuetan, berriz, zabalik egongo da. Garmendiak azaldu du «segurtasun arrazoiak» direla eta itxiko dutela pista astean zehar: «Makinekin lanean ibiliko dira atzera eta aurrera. Ezbeharren bat gertatzea saihesteko, segurtasun neurria da lanean dauden bitartean bidea ixtea».

Horrez gain, «hainbat hilabeteetan» Baliarrainera igotzeko «zenbait eragozpen» izango direla ere aurreratu du alkateak: «Lanengatik errepidea moztuko da, eta semaforoak jarriko ditugu trafikoa bideratzeko. Guztion onurarako izango dira lanak, eta pazientziaz hartu beharko ditugu eragozpen horiek».

Gaur egungo egoeraren inguruan galdetuta, alkateak esan du  «urtegiaren inguruko pista egin zutenean zati bat egin gabe geratu zen, buelta osoa ixteko» eta orain zati bat errepidez egin beharra dagoela. 

Bestelako lanak
Bada, pista zabaltzeaz eta bukatzeaz gain, beste hainbat lan ere egingo dituztela azaldu du: batetik, bidearen zati bat falta da –hain zuzen, Baliarrainera igotzeko bidea– eta hori bukatuko dute; bestetik, ur zikinen saneamenduaren zati bat ere egin gabe geratu zen, eta hori ere amaituko dute; eta, horiez gain, bidearen ixtea baliatuko dute beste zenbait konponketa egiteko, horien artean, luizi bat kentzea, errepide zatiak eta zuloak konpontzea eta kanalizazio lan batzuk egitea.
Kostuari dagokionez, onartu zen garaian «bi milioi inguruko» aurrekontua zuen obrak; baina prezioek gora egin duten heinean «dena garestitu» da eta, gaur egun, ia lau milioi euroko aurrekontua dute lanek. Proiektua finantzatzeko diru laguntza Espainiak eman dio Kantauriko Ur Konfederazioari –urtegiaren jabeari– eta lanak egiteaz Tragsa enpresa arduratuko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!