Gehigarria: Gastronomia

Baliarrainen, kalitatezko zerbitzua

Ataria 2025eko azaroaren 11

Goi mailako sukaldeetan aritua da Diego Sorarrain gasteiztarra, besteak beste, Donostiako Akelarre, eta Danimarkako Alchemist eta Geranium jatetxeetan.

Bada, martxoan Baliarraingo ostatua ireki zuen. Harrera oso ona izaten ari da lehen urtean, eta gustura ari dira lanean. Bertako nahiz inguruko herritarrek ohitura handia dute hara joateko, eta, askotan, leku falta izaten da jabeen buruhauste nagusia. Erraz betetzen da 40-50 lagunentzako tokia duen jangela. Horrez gain, bi terraza dituzte: bat, plazan, eta bestea, Txindokira begira. Bezeroak disfrutatzera joaten dira. Herrian oso estaldura ona ez dutenez, une batez, munduaz ahazteko aukera izaten dute.

Poltsiko guztietarako irisgarria den eskaintza dute, askotarikoa. Batetik, eguneko menua izaten dute asteazkenetik ostiralera; aldakorra da, garaiaren, produktuaren eta elaborazioen arabera, eta 19,80 euroko balioa du, edaria barne. Bestetik, asteburu eta jaiegunetan, 45 euro balio duen menua; preziotik kanpo, nahi duen edaria hartzeko aukera du bezeroak. Eta azkenik, eskaintza informalagoa, ostiral eta larunbat gauetan; plater konbinatuak eta ogitartekoak izaten dira eskuragarri. Aurten, Gabonetarako, menu berezia prestatuko dute; azaroan zehar azalduko dute xehetasun gehiagorekin.

Plater politak eta elaborazio mamitsuak egiten dituzte. Begiratzean itxura ona izateaz gain, dastamenerako gustagarria eta sabela betetzeko modukoa izatea da helburua. Asteburuetako menuko plateren elaborazioak landuagoak izaten dira, eta produktuak ere garestiagoak dira, eguneko menukoekin alderatuta. Su baxuan ordu luzez egositako jakiak kozinatzen dituzte.

Bertako produktuak, bertako merkatuetakoak. Ideia horrek indartzen du ostatuko jarduna, eta horri esker, kalitate handiko platerak sortzen dituzte. Errespetuan oinarrituta, bertako ekoizleen produktu onenak lortzen saiatzen dira, kanpora begira jarri gabe. Eta garaian garaikoa. Orain, babarrunarekin eta perretxikoekin ari dira lanean.

Hondakin organikoei probetxua

Halaber, jasangarritasunaren konprometituta daude ostatuan. Berriki, hondakin organikoak alferrik ez galtzeko proiektua jarri dute martxan, udalarekin eta zenbait bizilagunekin elkarlanean. Ostatu ondoko lursail batean ahuntzak eta txerriak dituzte, eta egunean zehar sortu eta kontsumitzen ez duten hondakin organikoa horiei ematen diete, elikatu daitezen.

  • Ordutegia. Asteazkena: 11:30-16:30. Osteguna: 11:30-22:30. Ostirala eta larunbata: 11:30-23:30. Igandea: 11:30-20:00.
  • Telefono zenbakia. 943 788 710.
  • Webgunea. zartagi.eus
  • Instagram. @baliarrain_ostatua

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!