Baliarraingo jaiak 2022

Bezperak eta ondorenak

Irati Saizar Artola 2022ko abuztuaren 9a

Ama Birjin jaiak ospatzen dituzte Baliarrainen, eta aurten ere, hiru eguneko festak antolatu dituzte. Ekitaldi berriek zein urteroko hitzorduek lekua izango dute; tartean, Ama Birjin egunean, Jexux Nazabalen oroimenezko 58. txirrindulari igoera egingo dute.

Ama Birjin bezperan hasi, eguna bera ospatu eta ondorengo egunerako ere indarrak gordeko dituzte festarako Baliarrainen. Hiru egun festaz bete-beteta izango dituzte. Txupinazoa lehertzean hasiko dituzte jaiak eta abuztuaren 16an, herri afariarekin eta ondorengo erromeriarekin amaituko dituzte festak. Herri afarirako tiketak Zartagi jatetxean egongo dira salgai.

Urteroko hainbat hitzordu mantendu dituzten aurtengo festetarako. Tartean, Ama Birjin egunean ospatuko den Jexux Nazabalen oroimenezko bizikleta lasterketa. Aurten, berrogeita hemezortzigarren edizioa izango da. Eredu enpresa paretik hasi eta plazarainoko bidea osatu behar izaten dute parte hartzaileek, denera bi kilometro inguruko ibilbidea osatuz. Antolatzaileek esan dutenez, edonork hartu dezake parte.

Hurrengo egunean, abuztuaren 16an, mozorro eguna izango dute, eta gai baten bueltan jantzi beharko dute herritarrek: aurten, kirolaren inguruko mozorroak prestatu beharko dituzte. Eta eguna, toka eta maratoi herrikoiarekin hasiko dute. Adinaren arabera, herrian buelta bat, bi edo hiru eman beharko dizkiote korrika. Eta azken kartutxoak mus txapelketarekin, puzgarriekin eta herri afariarekin gastatuko dituzte.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!