Albisu trikitilaria (aramarra) eta Arteaga pandero jolea (baliarraindarra) senar-emazteak dira, eta Baliarrainen bizi dira. "Ilusioa egiten digu parte hartzeak", esan du Arteagak. "Ezustean jasotako gonbita izan da egitasmo honetan parte hartzea. Egia da ez dela hain erraza trikitilari bat eta pandero jole bat etxe berean topatzea, eta gurekin gogoratu dira eta horrelaxe etorri da gonbita".
Aiako Andatza auzoan dagoen Aristerrazu jatetxeak antolatzen ditu igande arratsaldetan erromeriak, eta zale asko joaten da bertara. Egun ezin dira erromeria horiek, eta trikitilariak diren Etxalarko Elizagoien ahizpak harremanetan jarri ziren erromeria antolatzen duen Juanmari Azkuerekin, Internet bidez jarraipena izateko, eta horrela sortu da Arizterrazu Zuzenean Facebook-eko orria. Albisu eta Arteagak gaur egingo duten saioa hirugarrena da.
"Lehenengo aldia da horrelako zerbaiten parte hartzen duguna da", esan du Arteagak. "Atzo proba txiki bat egin genuen abesti batekin, eta dirudienez ondo joan zen, beraz, espero dugu gaur ere dena ondo joatea". Ordubeteko saioa prestatu dute. "Etxean askotan jotzen dugu trikitia eta panderoa, baina biak batera mikrofono aurrean ez gara behin ere aritu", esan du Arteagak. "Josuk duen errepertoriotik biok ezagutzen ditugun abestiak hartu eta probatu egin dugu, eta zerrenda bat egin dugu hogei bat piezatakoa, eta ea zer ateratzen den. Ea zer erantzun jasotzen duen; aurreko asteetan jendea bere etxean aritu omen da dantzan, eta ea gaurkoan ere horrela izaten den".