«Ilusioz» hartu dute Urtasun ahizpek Zartagi taberna-jatetxea

Imanol Garcia Landa 2018ko aza. 22a, 09:34

Ostalaritzan eskarmentu handia duten Itziar eta Amaia Urtasun ahizpek hartu berri dute Baliarraingo Zartagi taberna-jatetxearen ardura, lehiaketa irabazi ondoren.

Baliarraingo Zartagi taberna-jatetxearen kudeaketa lehiaketa irabazi ondoren, Itziar eta Amaia Urtasun ahizpek orain gutxi jarri dute martxan zerbitzua. «Etxera bueltatzeko gogoarekin geunden. Denbora asko Andaluzian bizi izan gara eta etxera bueltatzeko garaia zela ikusi dugu», esan du Amaiak.

Ostalaritzan eskarmentu handikoak dira biak. Andoaindarrak jaiotzez, bertako futbol zelaiaren Alfaro jatetxearen ardura izan zuten, eta ondoren Andaluziara joan ziren. Lehenengo Amaia joan zen, eta Granadako Hotel Lodge-ko eta Almeriako Hotel Golf Almerimar eta Casa Club Golf Almerimar jatetxeetako sukalde burua izan da. Horrez gain, udan Segovian ere aritu da lanean. Bere aldetik, Itziar Granadan izan da hamasei urtez, Juan Ranas jatetxean lanean. «Oso pozik egon gara baina urte asko pasa dira eta bueltatzeko momentua izan da», esan dute biek.

Baliarrainen anaia bizi da, eta berak azaldu zien aukera zegoela Zartagiren kudeaketaren lehiaketara aurkezteko. «Bueltatu nahi bagenuen, aukera polita zela esan zigun, eta hementxe gaude», dio Itziarrek. Andaluziatik zuzenean etorri dira, bertan lana utzi eta Zartagiko ardura hartzeko. Esperientzia berria da beraientzat, aurretik jatetxe handietan egin dutelako lan. «Ilusioarekin gaude, herriari ere bizitza pixka bat emateko, eta ea jendea hasten den hona gora igotzen. Oso polita da eta animatzen diegu etortzera», diote.

Batez ere hemengo sukaldaritza egingo dutela diote, tradizionala, eta gero Andaluziako sukaldaritzako zenbait plater jarriko dituzte. «Hainbeste urte bertan izan ondoren, dagoeneko geurea bezala daukagu», esan du Amaiak. Pastela moruna, barazkien kuskusa, eta uda partean salmorejoa eta gazpatxoa jartzeko asmoa dute.

Asteartetik ostiralera eguerdietan eguneko menua izango dute 12 eurotan, karta berezia ere eskainiko dute, eta ogitartekoak eta plater konbinatuak eskainiko dituzte. «Aukera zabala eskaintzea da gure asmoa, besteak beste, jende gaztea ere erakartzeko. Bestalde, familia giroan etortzeko ere leku aproposa da, herria oso ondo dagoelako haurrekin etortzeko», esan dute.

Ordutegiari dagokionez, taberna 10:00etan irekitzen dute, eta itxiera egunaren arabera izango da. Sukaldea 13:00etatik 15:00etara eta 20:00etatik 23:00ak ingurura arte egongo da irekita. Astelehenetan jai egingo dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!