Saneamendu sarean sartzen ez diren etxeei, hobi septikoa

Imanol Garcia Landa 2018ko ots. 21a, 08:00
Bidea zabaltzen eta saneamendu sareko lanak egiten ari dira.

Baliarraingo aurtengo udal aurrekontua 240.000 euro ingurukoa da, horietatik 73.000 inbertsioentzat. Etxe guztietara saneamendua bideratzea da aurtengo proiektu nagusia.

Baliarraingo Udalak badu 2018rako aurrekontua, eta zehazki 239.410 eurokoa da. Kopuru horretatik inbertsioetara 73.000 euro bideratuko dira. Bai aurrekontua osotasunean bai inbertsioena aurreko urteetako antzeko kopuruetan mantentzen direla azaldu du Olatz Iriarte alkateak. Proiektu nagusiena saneamendu sarean sartzen ez diren baserriei hobi septikoa jartzea izango da.

Gaur egun Baliarrain obretan murgilduta dago. Batetik herrira iristeko errepidea zabaltzen ari dira, eta, bestetik, herriguneko etxeen saneamendua bideratzen ari dira sare orokorrera. Aurtengo egin nahi den inbertsioa saneamendu obra horietatik kanpo geratzen diren etxebizitzei bideratutako lanak dira. «Herrigunetik gora geratzen diren baserrietara ez da iristen saneamendu sare nagusia eta horregatik hobi septikoak egingo zaizkie», zehaztu du Iriartek. «Ea laguntzak lortzen ditugun ere proiektu horretarako eta ikusiko dugu nola kudeatu dezakegun».

Aurtengo inbertsioak proiektu horretara bideratuko dira, beraz. «Iazko proiektuaren jarraipena izango dira inbertsioak. Bukatu gabe utzi beharren, hori bideratu nahi dugu. Gero ikusten badugu gelditzen zaigula beste zerbaitetarako, horretarako erabiliko dugu. Beti egoten da bideren bat konpontzeko beharra», azaldu du Iriartek. Bestalde, diru laguntzak ateratzen diren heinean, ze proiektu gehiago egin daitezkeen ikusiko dutela gaineratu du.

Errepidearen zabaltze obrei dagokionez, urtarrilaren erdialdetik martxan daude. «Nahiko txukun ari dira eta nahiko gustura gaude lanen martxarekin», esan du Iriartek. Errepidearen alde bat itxita izaten da eta semaforo bidez pasatzen dira autoak. Urtebete iraungo dute lanek, eta momentuz herritarren partetik ez dela kexarik iritsi esan du Iriartek.

Errepidea zabaltzearen proiektuak ez du luzera guztia hartzen. Errepidearen erdian geldituko da zati bat zabaldu gabe. «Zati hori zabaltzea ez dago udalaren esku», esan du Iriartek. «Diru bat dago, urtegia egin zenekoa, bide zati horretara bideratuta zegoena, eta horren zain gaude». Iriartek gaineratu duenez, «egokiena izango litzateke zati horren lanak ere orain egitea, obrarekin daudela aprobetxatuz. Baina udalaren esku ez dagoenez, gure aldetik adi gaude zati hori egitea onartzen duten ala ez».

Baliarrainentzat «proiektu handia» dela esan du Iriartek. «Aurretik datorren proiektua da, Martzelino Dorronsoro aurreko alkateak bideratutakoa. Gu segida ematen ari gara».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!