Bi asteburu ekitaldiz bete dituzte Baliarrainen

Imanol Garcia Landa 2017ko aza. 8a, 09:10
Maiatzean egin zuten txekor jatea Baliarrainen. Igandean, txerria erreko dute.

Ostiralean hasiko dira ekitaldiekin eta igande honetan txerri jatea egingo dute. Adin guztietarako jarduerak antolatu dituzte.

Hilabete kulturalari hasiera emango diote etzi Baliarrainen. Bi asteburu oso antolatu dituzte, adin guztietarako ekitaldiak prestatuz. Lehenengo egunean, esaterako, haurrentzako eskulan tailerra izango dute eta gero herritar guztientzako luntxa izango da. Herrian dauden hainbat eragile ari dira antolakuntza lanetan: Harkaitz elkartea, guraso elkartea, udala eta kultura batzordea.

Lehenengo asteburuko ekitaldi nagusia igandeko txerri jatea izango da. «Maiatzaren 1ean txekorrarekin egiten dugun moduan, igandean txerria erreko dugu, eta horrekin bazkaria osatuko dugu», azaldu du Ane Garmendia zinegotziak. 40 pertsona inguru elkartzea espero dute.

Hain justu, aurretik, larunbatean, odolkiak prestatuko dituzte eta horiexek jango dira gero txerri bazkarian. Garmendiak azaldu duenez, «herri txikietan odolkiak egiten dira etxe batzuetan, baina ez da jende guztiak ezagutu duen zerbait, eta horregatik antolatu da tailerra». Udalak igandeko bazkarira herriko erretirodunak gonbidatu ditu, eta horretarako izena eman behar da udaletxean.

Bazkariaren ondoren, herrian egiten diren ikastaroetan musika instrumentuak ikasten ari diren herritarrek emanaldia eskainiko dute. «18-19 urtetik beherako musikariak ariko dira, piano, gitarra, biolin eta abarrekin. Herrian musikariak ditugula erakusteko modu bat izango da», esan du Garmendiak.

Bigarren asteburuan hainbat ekitaldi ere izango dira: aurtengo jaietako errepasoa egiteko bideo emanaldia, haurrentzako merienda, orain urte batzuk herrian izan eta asko gustatu zitzaien Eriz magoaren saioa, eta Harkaitz elkartean egingo den ardo dastaketa eta ondorengo gaztaina jatea. «Gure asmoa ekitaldiak herri giroan amaitzea da», esan du Garmendiak. «Urtero antolatzen du Harkaitz elkarteak gaztaina jatea eta aurtengoan ekitaldi kulturalen barruan sartzea erabaki dugu. Arratsalde horretan haurrei begirako ekitaldiak jarri ditugunez, gero horri jarraipena emango diogu».

Hainbat ekitaldi antolatzea «esfortzua» suposatzen duela azaldu du Garmendiak. «Azkenean denok gure aldetik zerbait jarri behar dugu horrelako ekimen bat aurrera ateratzeko».


EGITARAUA

Azaroak 10, ostirala

17:30. Haurren eskulan festa.

19:00. Luntxa Zartagi jatetxean.

Azaroak 11, larunbata

15:00. Harkaitz Elkarteak antolaturiko odolkiak egiteko tailerra, elkartean bertan. Hurrengo eguneko txerri bazkarian jango dira.

Azaroak 12, igandea

14:00. Harkaitz Elkarteak prestatutako txerri bazkaria, pilotalekuko txokoan. Bazkal ondoren herriko hainbat musikarik emanaldia eskainiko dute.

Azaroak 17, ostirala

19:00. 2017ko urteko jaietako bideo emanaldia beheko lokaletako areto nagusian.

Azaroak 18, larunbata

16:30. Haurrentzat merendola, guraso elkarteak jarrita.

18:00. Eriz magoarekin Emozioen magia emanaldia.

20:00. Ardo dastaketa Harkaitz Elkartean.

20:30. Gaztaina jatea Harkaitz elkartean. Txartelak Zartagin salgai azaroaren 12ra arte, eta prezioa 15 euroren truke. Azken bi ekitaldiak Harkaitz elkartearen eskutik antolatu dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!