Asteburu borobila

Tolosaldeko Ataria 2016ko aza. 23a, 10:26

Hiru egunez, ostiraletik igandera, ekitaldiak antolatu dituzte Baliarrainen, asteburu kulturalean; larunbateko jarduerak Lopetedi baserrian egingo dira.

Ekitaldiz beteta dator asteburua Baliarrainen. Aurten hiru egunetan izango dituzte pilatuta jarduerak, ostiralean hasi eta igandera arte. «Urte guztian zehar ekitaldiak antolatzen dira, baina bakarkakoak izaten dira», azaldu du Ane Garmendia zinegotziak. «Garai honetan ekitaldiak batera antolatzen ditugu, astea edo asteburua borobiltzeko».

Adin guztiak kontuan hartuta antolatu dituzte ekitaldiak, eta lehenengo egunean, ostiralean, haurrak izango dira arratsaldeko jardueren protagonistak. Batetik, jogurtak egiten ikasiko dute Orendaingo Larreta baserrikoek gidatuta. Bestetik, merienda bat izango da haurrentzat. Arratsaldeko jardueraren ondoren, helduagoei begira, Amama filma ikusteko aukera izango da erabilera anitzeko gelan. Ane Garmendia zinegotziak azaldu duenez, «arrakasta izan duen filma da, eta ea eskaintzen dugun aukera honekin herritar guztiek ikusteko aukera duten».

Larunbateko ekitaldi guztiak Lopetedi baserrian izango dira. Izan ere, Agurtzane Garmendia herritarrak egitasmoak antolatzeko martxan jarri du Heu&Neu enpresa, egoitza Lopetedi baserria duena. «Ekarpena egin du Agurtzanek asteburu kulturala antolatzeko, eta egun horretako egitasmoak egiteko Lopetedi baserrian elkartuko gara», azaldu du zinegotziak.

Lander Egia bidaiari tolosarraren solasaldia entzuteko aukera izango da lehenbizi eta ondoren afari-merienda egingo dute. Azken horretarako txartela eskuratuta izan behar du joan nahi duenak. Txartelean agertzen den zenbakiak zozketa batean parte hartzeko aukera emango du. Egunari amaiera emateko, Etxe bakarlariaren saioa izango da.

Igandean bazkaria izango da, Harkaitz elkarteak antolatuta. «Urtero antolatzen du Harkaitz elkarteak bazkariren bat eta aprobetxatu dugu bazkari hori, herri mailakoa denez, aldi berean erretirodunei bazkaria eskaintzeko, eguerdian izango den mezaren ondoren», esan du zinegotziak.

Erretirodunek 680915334 telefono zenbakira deitu behar dute izena emateko eta udalak gonbidatuko ditu igandeko bazkarira. «Erretirodunek ere asteburu kulturalean presentzia izateko, igandeko bazkarian parte hartzeko gonbidapena egin diegu», zehaztu du Garmendiak.

Ekitaldiak antolatzerakoan jendearen parte hartzea izaten dela gaineratu du Garmendiak. «Espero dugu jendea egitarauarekin gustura geratzea. Asteburu kulturala antolatzen hasten garen unean helburua izaten da herritar guztiengana iristea, eta horrela ekitaldi batzuk bideratzen ditugu haurrentzat, beste batzuk erretirodunentzat, eta besteak gainontzekoei begira».

Behin asteburu kulturala pasa ondoren, ekitaldiei dagokionez, Baliarrainen Eguberriei begira jarriko dira. «Urtero bezala abesten aterako gara etxez etxe abenduaren 24ean, eta hori izango da urtea bukatzeko geratzen zaigun ekintza bakarra», esan du Garmendiak.

Ikastaroei dagokionez, bi daude martxan egun. Horietako bat haurrentzako dantza ikastaroa da eta bestea helduentzako pilates ikastaroa. «Abenduan beste deialdi bat egingo da ikusteko herritarren interesak zein diren, eta horren arabera hurrengo hiruhilabeterako ikastaroak antolatzen joango gara», azaldu du zinegotziak.

EGITARAUA

Azaroak 25, ostirala

17:00. Haurrentzako jogurt tailerra, Orendaingo Larreta baserriaren eskutik. Jarraian, haurrentzat merienda.

21:00. Amama filma ikusteko aukera.

Azaroak 26, larunbata

Egun honetako ekintza guztiak Lopetedi baserrian egingo dira.

18:00. Lander Egia bidaiari tolosarraren hitzaldia.

19:30. Afari-merienda: txistorra, hirugiharra eta gaztainak.

22:00. Etxeren kontzertua.

Azaroak 27, igandea

12:30. Meza.

14:00. Harkaitz elkarteak antolatutako bazkaria elkartean. Erretirodunek izena eman beharko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!