Ez dakigu Tolosaldeko herri txikien etorkizuna zein izango den, ezin inork jakin hemendik 20 urtera nolakoa izango den herri hauen dinamika. Gaur ez duen pisua izan dezake turismoak bihar, edota hori izan daiteke aukera bat. Baserri gehienak bizitoki dira, eta badira horien artean auto-ekoizpenari eutsi nahi diotenak: baratzea, animaliak... Duela hamarkada batzuk, ordea, zenbait baserri sagardotegi eta jatetxe bilakatu ziren, beste batzuk nekazaritza turismo, eta hainbatek teilatua nola erortzen zaien sentitu dute. Auskalo zertan bihurtuko diren etorkizunean. Baliarraingo Lopetedi baserrian Heu&Neu enpresa sortu du Agurtzane Garmendiak.
Heu&Neu enpresa sortze prozesuan buru-belarri zabiltza.
Izenarekin bezero eta nire arteko konexio hori irudikatu nahi dut: zu eta ni, biok. Labean dagoen enpresa honek hori izango du esentzia, biok elkarrizketaren bidez eta nire tresnekin forma ematea zure eskaera edo beharrari.
Noiz izan zenuen honetan hasteko krakatekoa?
Kartak irakurtzen dituen azti batek eman zidan bultzada, egia esan. Pertsonalitate handiko emakumea naiz, eta baneraman denboraldi bat azkar haserretzen nintzena: «Zer gertatzen zait?». Nondik jo ez nekiela tipo honekin egin nuen topo. Gakoak ziren galderak egin zizkidan: «Lanean gustura al zabiltza?», «Zerekin gozatuko zenuke?». Eta halaxe hasi nintzen ikastaro batzuk eginez, gaur arte.
Eta ospakizunen antolaketa zen erantzuna…
Bai, horixe. Moda, dekorazioa, ospakizunak… beti gustatu izan zaizkit, eta zaletasun hauek bizimodu izateko forma hartuko zuen ideia osatzen hasi nintzen. Orain abiapuntuan aurkitzen naiz.
Zein da abiapuntua?
Azken hilabeteotan gremioaren jira-biran dabiltzan enpresak ezagutzen aritu naiz, eta nire ideia orokorra zerbait zehatzagoan bilakatzen. Orain lerro batzuekin emango diot hasiera, eta denborak zein bizipenek emango diote jarraipena ideiari. Uste batzuk ditut hastapen hauetan, nolanahi ere esperientziek esango dute nondik jo behar dudan etorkizunean.
Lerroak aipatu dituzu. Zer eskaini nahi duzu hastapeneko momentu hauetan?
Bide asko irudikatu nituen hasieran, zaila da denekin aurrera egitea, ordea. Murriztuz joan naiz eta hiru alorretan egin nahi dut eskaintza. Batetik, Baliarraingo Lopetedi baserria hainbat ospakizun sozial edo ekimen desberdinetarako eskainiko dut. Eraikin berezi honetan ekitaldi desberdinak egiteko aukera izango da, ezkontzak esaterako. Bigarrenik, enpresekin harremanetan jarri eta ospakizunak egin behar dituztenerako laguntza edo koordinazioa burutzeko zerbitzua eman nahi diet. Hirugarrena turismoa da. Donostia inguruan turismoa gorantz doan fenomenoa da, hala ere barnealdera bisitariak erakartzea kosta egiten zaigu. Honetan ere saiatu nahiko nuke.
Lopetedi baserria ospakizunetarako gune.
Baliarraingo baserri historikoa da Lopetedi, XVI. mendekoa. 2005. urtean monumentu historiko izendatu zuen Eusko Jaurlaritzak. Jauntxoen bizitoki izan zen aspaldi, aurreko mendean baita oilategi ere. Azken urteotan hutsa egonda, eta bizia eman nahi diogu ekimen honekin. Eraikineko guneak eta ekimen desberdinetarako antolaketa eta koordinazioa eskainiko ditugu hemendik aurrera.
Berezia bada behintzat ideia…
Ezberdintasun edo esklusibotasun hori jarriko dugu erakargarritasun bezala. Eraikin berezi bat, ingurune zoragarri batean, ekimen esklusiboak burutzeko. Gastronomia izango du ardatz, hori baita gure kulturaren zutabe.
Sukaldaritza zerbitzua izango du orduan?
Bai. Enpresa eta sukaldari desberdinekin jarri naiz harremanetan, eta nik menu zabal hori eskainiko diot bezeroari. «Zer nahi duzu?» galdetu, eta aukera guzti horiek izango dituzu zure behar edo irudikapen horiek asebetetzeko.
Eta zein bezero motarentzat dago bideratua zure zerbitzua?
Ospakizun bereziak edozeinek behar izaten ditu, oso tarteka bada ere. Horiei guztiei eskaini nahi diegu zerbitzua. Nolanahi ere, egia da gure ekimenak luxura gerturatu eta ahalmen ekonomiko altua dutenentzako bideratuta daudela. Errepikatuko ez diren esperientzia ahaztezinak izango dira, berdinik ez dutenak.
Heu&Neu. Bakarrik al zabiltza hasiberri duzun abentura honetan?
Bai, nik bakarrik saiatu nahi dut, nire buruari erakutsi badudala ahalmena; apustu pertsonala ere bada. Hala ere, etorkizunean zer hobeto jende gehiago behar izatea baino, seinale ona izango litzateke; oso seinale ona. Orain beste antzeko enpresekin kolaborazioak egitea ere lantzen ari naiz.
Lan finkoa izan, eta bazoaz abenturara. Zer diote ingurukoek?
Denetik. Lagunek animoak ematen dizkidate, adoretsua naizela eta aurrera ekiteko. Ikuspegi seguruagoa dutenek, ez al dudan nahikoa dudanarekin. Eta bai, «dena daukat baina ez daukat dena» esaten diet. Bestetik, bikotekideak beldurrez aurrera egiteko esaten dit, aurrera egiteko horrek egiten banau zoriontsu. Denetik esaten didate.
Eskaintza honetan zer toki izango dute baliarraindarrek? Edo, zer emango diozu herriari?
Herriari bizia ematea gustatuko litzaidake. Nik irabaztearekin batera, herriak ere irabaztea nahiko nuke. Orain, adibidez, nire lehen ekimena herriarentzat egingo dut. Udalarekin hitz egin eta aste kulturaleko ekimen bat nik antolatuko dut. Bidaia kontaketa, afari-merienda gaztaina eta txerrikiekin, eta Etxe bakarlariaren kontzertua antolatu ditugu. Ilusioa egin dit nire lehen ekimena herriarentzat izateak.
Etorkizunean herriak eskatzen duena antolatzeko ere prest nago, elkarlanean.