Siesta garaiko ETBko pelkula bilakatuko da Baliarrain, siesta egin ostean. Aurten mozorro festa antolatzea erabaki da Festa Komisiotik. Festa norberak hasiko du horrela, jada mozorroak jarrita; izan ere, normaltasuna hautsita izaten da festa. Txakoliñaren indarrean batzuk, saltsa bila besteak, ez da giro izango hainbeste indio eta bakerorekin igande arratsaldean. Eta herritar guztiak mozorrotuta argi geratuko da zein den forasteroa.
Baina mozorro festa egitea ez da aurtengo ideia orijinala, aspaldikoa baita Baliarrainen jaietan mozorrotzearen ohitura. “50 urte? Baita gehiago ere, 70 igual” esan digute astearte arratsaldeko helduen tertulia sakonean. “Dexente mozorrotzen zan, urteroko ohitura jarri huan, baita edadeko jendea ere” gehitu aldamenetik, irribarrea ahoan, txakolin tragoa eman ostean besteak. Halakoak baitira asteartero herriko helduak elkartzen diren topaldiak, ahozko Baliarraingo entziklopedia irekia.
Eta behin gaia aterata, arrapaladan datoz mozorro istorioak. Oroitzapenean gordeta dago Baliarraingo futbol finaleko argazkia. Partidua hasita eta segituan hantxe azaldu ziren Gurutze Gorrikoak. Bat enfermeraz jantzita, eta bestea kamilleroz. “Ezer ez, ta festa!”, momentuan sortutako antzerki inprobisatua. Eta jendea barrez, algaraka. Gainera, momentuari saltsa gehiago jartzeko, komentarista, Toschak orduko errealeko entrenatzailearen ahotsa jarrita, partidua komentatzen.
Denboran ez hain atzera eginda, baina jada urte batzuk igarota, hortxe azaldu ziren gauerdian bi sardin-zahar. Bi herritar guardia zibilez jantzita, eta jendea urduri jartzen, berotuta, botila eskuan estutuz.
Mozorroak festa jartzen du norberatik. Mozorroak eguneroko nia albo batera utzi eta jendea transformatu egiten du. Egunerokotasunetik alde egin eta momentua jolasa bilakatzen da.
“Lehen mozorrotzeko lotsa gutxio zeon, oain bildurre ematen dio jendeari disfrazatzeak. Ezer gutxirekin jartzen zen festa!” esan dute helduek. Baina zer, ez garela mozorrotuko uste al dute? Eurak mozorrotuko al dira, ba? Noski baietz! Mozorrotuta, bai festa. Igande arratsaldean, plazan.