Bi hamarkadatako lekukoa eskuz aldatu da Baliarrainen

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko urtarrilaren 9a

Irudian, Martzelino Dorronsorok Olatz Iriarteri aginte makila eman dion unea.

Gaur osatu dute udala, herritarren zerrenda abenduaren 20ko hauteskundeetara aurkeztu ondoren; Olatz Iriarte izango da, aurrerantzean, alkatea.

Hilabete korapilatsuak izan dira Baliarrainen, udalaren kudeaketari begira. Martzelino Dorronsorok, 20 urtean alkate aritu ondoren, pasa den maiatzeko hauteskundeetara berriro aurkezteko indarrik ez zuela azaldu zuen, baina haren hutsunea betetzeko hautagairik ez zen aurkeztu bozetara. Herria herritarrek ordezkatu gabeko udalik gabe geratzearen arriskuak, eta "Martzelinok ordezkorik ez zela ikusita hartutako penak", ordea, herritar talde bat lanean hastera bultzatu zuten.

Horrela, Olatz Iriarte, Ane Garmendia, Luis Lopez, Mikel Telleria eta Jokin Garmendiak osatu zuten, abenduaren 20ko hauteskundeetarako herritarren zerrenda. Gaur egindako kargu hartzearekin, beraz, Olatz Iriartek eta bere lan taldeak ia lau urte dituzte, aurretik, Dorronsororen lekukoari heldu eta aurrera egiteko.

Kargu hartzean, Dorronsorok esker hitzak eskaini nahi izan dizkie udal ordezkari berriei: "Eskerrik asko lekukoa hartzeagatik, eta animo zuen lanean". Bere aldetik, Olatz Iriarte alkate izendatu berriak ere jarrera bera erakutsi du alkate ohiarenganako: "Eskerrak zuri, Martzelino, 20 urteotan herriarengatik egin duzun guztiagatik".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!