ELKARRIZKETA

«Gizon fina zen gure aita, langilea, eta beti laguntzeko prest zegoena»

Jon Miranda Labaien

Juan Tapia Arzallus. J.M.

Juan Tapia Arzallusek (Asteasu, 1963) aita zena, Eleuterio Tapia, gogora ekarri du.

Nola hartu duzue zuen aita zenari bihar egingo zaion omenaldia?

Izugarriko poztasunez. Ez genuen pentsatu ere egiten. Aurretik ere egin izan zitzaizkion omenaldiak: sega munduan ibiltzen zenean, eta gerora, utzitakoan ere egin zioten beste bat. Trikitixa elkarteak urtero antolatutako omenaldi horietako bat ere aitari eskaini zioten: 1977an izan zen, eta Landakandarekin batera omendu zuten hemen, Asteasun. Gero, 1988an hil zenean herrian sekulako jaialdia egin zioten eta monolitoa jarri plazan. Usurbilen eta Andoainen ere egin izan zizkioten. Omenaldiz nahiko osatuta joan zen gure aita.

Jendeak gogoan al dauka?

 

Baietz esango nuke. Aurten etorri dira 38 urte joan zela, eta ematen du ez dela hil. Askotan jartzen dituzte irratian bere abestiak. Gure iritziz oso maitatua izan zen gure aita, eta oraindik ere hala da. Trikiti irakaslea izan zenez, haren ikasleek beti ahotan hartuta darabilte, eta Eleuterioren izena beti dago mahai gainean; haren izena eta baita izaera ere.

Zergatik daukate Eleuterio Tapia hain presente trikiti munduan?

Aitaren garaian ez zeuden trikitilari asko; bailara bakoitzean pare bat edo hiru izango ziren. Aitak herri kirolak asko maite zituen, eta segan haren parekorik ez zen izan. Herri kirolen munduan jarraitu zuen, eta beti laguntzeko prest zegoen. Beti. Baten batek apustu bat egiten bazuen, hari galdetzen zion. Inguru handia hartzen zuen: soinua, irakaskuntza, sega, herri-kirolak... Edozein lekura joaten zenean giroa jartzen zuen. Perurenak esana du, hura zela festa. Oso-oso ondo esandakoa da. Haiek guztiak pilan jarri eta gauza horiek osatzen dute aitaz geratu den irudia. Karisma handikoa zen, intuizioa ere bazuen. Gauzak ahalik eta ondoen egiten saiatzen zen. Ez zitzaion zurikerietan ibiltzea gustatzen. Izango zituen kontrarioak igual, baina zekien hura erakusteko beti egoten zen prest. Errespetuarekin tratatzen zuen jendea, ahal dela minik eman gabe.

 

Zer moduzko gizona zen Eleuterio?

Gizon ona zen, baina jenio bizikoa. Jenio hori nirekin ateratzen zuen askotan. Lau arrebaren ondoren etorri nintzen ni: lehenengo mutila, maiorazkoa. Nahi izaten zuen ni hura bezalakoa izatea, bai segan, bai soinuarekin, bai kiroletan... Baina hori ezinezkoa da, bakoitza den bezalakoa da. Pentsaera hori zuen aitak, mutilak behar zuela haren ondorengoa. Nirekin gogorra zen bai, baina ona ere bai. Ahal bazuen nik eskatutako guztia emateko prest egoten zen.

Modu batera jarraitu duzue etxekook haren bidea.

Bai. Eta gainera jarraitu dioten gehienak neskak dira. Alaba, ilobak... gure ondorengo belaunaldian askok jarraitu diote aitonaren ofizioari, trikitiarekin ez bada, abesten edo panderoarekin. Ez da gure aitak irudikatzen zuen bezala gertatu, gaur egun neskak dira nagusi. Ni trikitia erakusten ibiltzen naiz, eta ia ikasle denak neskak ditut. Oso mutil gutxi ibiltzen dira.

Familiakoek zer prestatu duzue larunbateko emanaldirako?

Alkateak uztailan esan zidan bazutela asmoa aitari omenaldia egiteko eta oso ideia ona iruditu zitzaidan. Senideei eta ilobei esan, eta denak zoratzen jarri ginen, pentsatu genuen zerbait egin behar genuela elkarrekin. Kontua da, oporrak tarteko, ez dugula ia betarik izan entseatzeko. Badira batzuk aspaldian trikitia edo panderoa hartu ez dutenak, baina animatu dira. Hiru pieza herrikoi joko ditugu elkarrekin. Ederra izango da biharkoa, baina ederragoa izaten ari da prestaketa. Iñaki ilobak ere hiru bertso prestatu ditu omenaldirako; beraz, borobil aterako da. Hamabost senide zituen aitak, eta hiru baino ez dira bizi. Gure osaba Luisek ere parte hartu nahi omen du omenaldian, beraz, tapiatarren hainbat belaunaldi batuko dira biharko saioan.

Gero, gainera, Hauspotuz elkartekoek ere bat egin dute festarekin, eta gerturatzen diren soinu-jotzaile eta pandero-jotzaile guztiek beste hiru pieza joko dituzte elkarrekin. Hortaz, oso polita izango da. Festa luzatzeko aukera ere izango dugu Tolosaldeko IV. Trikitixa egunean. Gu ezin kontentuago gaude.

Nola gustatuko litzaizuke hurrengo belaunaldiek zure aita gogoratzea?

Gizon fin bezala, langilea, eta beti laguntzeko prest zegoena. Zekien hura erakusteko prest zegoen, ez zuen beretzako ezer gordetzen. Denetarako zen horrela. Exijentea zen bere buruarekin, eta baita besteekin ere. Errespetuz tratatzen zuen jendea. Ez zuen behin ere okasiorik jartzen. Dena ematen zuen, eta bere onena jartzen zuen egiten zebilen horretan.

Erlazionatuak

Jai giroa jartzea ofizio zuen soinu-jotzailea

Jon Miranda Labaien ira 25, 07:59 Asteasu

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!