ERREPORTAJEA

Jai giroa jartzea ofizio zuen soinu-jotzailea

Jon Miranda Labaien

Eleuterio Tapia jaio zela 100 urte bete dira aurten. Asteasuko Udalak sustatuta omenaldia egingo diote bihar herriko plazan. Hitzorduarekin bat eginez, Hauspotuz elkarteak Tolosaldeko IV. Trikitixa Eguna egingo du Asteasun bertan.

Plazaz plaza, soinu txikiaren eta herri kiroletan, osatu zuen Eleuterio Tapia Amenabarrek (Asteasu 1926–1988) bere ibilbidea. Bizitzako mugarriak ez ezik, ingurukoen oroitzapenek ere marrazten dute haren figura: semearen hitzek, lagunen pasadizoek eta etxean gordetako objektuek. Hona hemen haren historia, urtez urte.

1926

Artilleriako ofizialen matxinadari erantzunez, gerra-egoera ezarri zuen Primo de Rivera diktadoreak 1926ko irailaren 5ean. Alfonso XIII.ak eta biak Donostian sinatu zuten errege dekretua.

Handik ez oso urruti, une hartan bertan, Andazarrateko Errotaberrieta baserrian jaio zen Eleuterio Tapia Amenabar. Bizitzako lehenengo bost urteak eman zituen dagoeneko erorita dagoen baserrian. Espainiako II. Errepublika ezarri zutenean, aldatu zen haren familia osoa Asteasuko Beballaran dagoen Mintegiaga baserrira —izen ofiziala du horixe, nahiz eta bertakoek Mutegia edo Mutteia deitzen dioten—.

Harrezkero, han emango zuen bizitza osoa, Zizurkilgo herriarekin muga egiten duen baserrian. Hamabost senide ziren, beharra gorri, baina tapia-amenabartarrek zuten umorea eta «grazia» nabarmendu ditu soinu-jotzaile ezagunaren semeak, Juan Tapiak (Asteasu, 1963). Eleuterioren soinurako joera amarengandik zetorkion: ahoko-soinua jotzen omen zuen Maria Julia Amenabarrek.

Aita, ordea, jenio bizikoa zuen, eta ez zuen begi onez ikusten semea soinua jotzen ibiltzea.

1940

Santa Eske, Gabon Eske eta horrelakoetan aurreztutako diruarekin, Legarralde baserrikoei erosi zien Eleuteriok lehenengo soinu txikia, 1940. urte inguruan.

Soinua ekarri zuen gau hartan bertan, tentazioari ezin eutsi, eta senideak inguruan zituela egin zituen lehenengo saiakerak trikitiarekin. Sekulakoak esan zizkion aitak, eta aste barruan, etxean soinua jotzea debekatu.

Handik gutxira atzendu zitzaizkion aurreiritziak aitari, semeak trikitiarekin lehenengo saioak egin eta lortutako sosak eskura eman zizkionean. Hurrena deitzen bazioten, lasai joateko esaten omen zion aitak semeari.

Are gehiago, ikastera ere bultzatu zuten etxean; Villabonako soinu handia jotzen zuten batengana bidali zuten aurrena, eta gero, Jacinto Rivas Elgeta ekarri zuten Mutteiara. Etxez etxe ibiltzen omen zen soinu-jotzaile ezaguna, astebeteko egonaldiak eginez. Aurrerapen handiak egin omen zituen Eleuteriok Elgetarekin.

Ezagutu zutenek haren intuizioa nabarmendu dute. «Ikusi zuen ezin zuela horretan geratu, egin beharra zeukala pausoa eta aurre egin beharra zeukala. Azkar antzeman zion soinutik bizimodua atera zezakeela, eta horretara jarri zen», dio Juanek. Lehenengotako saioetako bat Zizurkilen egin omen zuen, artean sei abesti baino ez zekizkiela —horietako hiru esku bakarrarekin jotzen zituen—.

Handik aurrera, pieza gehiago ikasi, eta bidea egin zuen, mendiko erromerietan bezala, ezkontzetan, despedidetan eta herriko jaietan. Joxean Agirre Odriozolak 2018an Eleuterioren biografia biltzen zuen liburuari Bera zen festa azpititulua jarri zion, Iñaki Perurena harri-jasotzailearen esana aintzat hartuta. Jendearekiko zen. Zihoan lekura zihoala, giroa jartzeko dohaina zuen, txisteak kontatuz, soinua joz edo bertsotarako gaia jarriz.

1952

Plaza gizona zen, baina horretarako etxean sostengu garrantzitsua zuela gogoratu du Juan semeak: Anastasia Arzallus (Errezil, 1928-2022) emaztea, Asteasun hil zena.

Baserriko martxa, neurri handi batean, Anastasiak eraman zuen Eleuterio plazarik plaza zebilen bitartean. «Uste dut aitortza egin beharko litzaiekeela soinu-jotzaileen emazteei, gure amari eta gainerako guztiei. Ikusten ez ziren lan horietako asko egin zituzten, senarrak etxetik kanpora zeuden bitartean», azpimarratu du Juanek.

1952. urtean ezkondu ziren Eleuterio eta Anastasia. Sei seme-alaba izan zituzten. Aurrena lau neska: Arantxa, Maria Pilar, Maribi eta Ana Mari; eta gero bi mutil: Juan eta Jabier.

Garaiko gizona zenez, Eleuteriori poz berezia egin omen zion lehenengo semea jaiotzeak. Juanek aitortzen du aitak harengan esperantza asko jarrita zituela. «Hura bezala ni ere soinu-jotzaile izatea nahi zuen, kirolaria, eta denetan onena. Borondate onarekin egingo zuen, baina presio pixka bat ere jartzen zidan».

Soinu txikia jotzen du Juanek eta irakaslea da; Jabierrek, berriz, ibilbidea egin zuen soinu handiarekin. Isidro Larrañagarekin ikasi zuen eta hainbat txapelketatan aritu zen. «Bistarekin egin zuen aitak, Jabierrek soinu handiarekin ikasitako pieza haiek txikiarentzat moldatzen zituen», esan du Juanek.

Alabak, berriz, ez zituen behin ere bultzatu soinua jotzera. Gaueko ibilera denez trikitilariena, alabak ordu txikietan hortik zehar ibiltzerik ez zuela nahi uste du Juanek. Hala ere, arreba gazteenak, Ana Marik, belarria baduela eta musikarekiko erraztasuna duela erantsi du. «Seguru xamar nago horretara jarri izan balitz egingo zuela berak ere ibilbidea».

Zorionez, Juanen alabak eta Eleuterio zenaren beste hainbat bilobek ere jarraitu diote aitonaren ofizioari. Soinu eta pandero jotzen ibili izan dira.

1955

Ofizioa baitzuen Eleuteriok soinu txikiarena. Askotan aipatu izan dute bi bihotz izan zituela, eta biek egiten ziotela taupa aldi berean: batek trikitian, eta besteak herri kirolean. Semea ausartu da esaten «maiteagoa» zuela herri kirola.

«Bene-benetan, mundu horrek kitzikatzen zuen. Hala uste dut nik behintzat. Soinuarekin saiatua zen. Ahaleginduko zen pieza berriak ikasten, teknika hobetzen, soinu egokiak bilatzen... Baina hori guztia ofizioa zuen, lanari etekina ateratzeko eginbeharra. Herri kirolarekin, ordea, piztu egiten zen», dio Juanek.

Euskadiko sega txapeldun izan zen, eta Migel Irazusta Goikoetxea Polipaso-rekin ere apustua jokatu zuen, 1955. urtearen inguruan. Batez ere segan, baina harri-jasotzen, aizkoran eta prestatzaile gisa aritu zen urte luzetan. Bertatik pasatu ziren Gibitegi, Perurena, Nemesio Arregi, Urtain, Erasun eta beste kirolari asko.

Denen artean, ordea, bereziki maitea zuen Jose Mari Zulaika, Paskualsoro (Zarautz, 1938-2021), Bedaion hil zena. Apopilo hartu zuten Mutteian. Soldaduska bukatuta jarri zen han lanean, eta handik atera zen ezkontzera. «Oso ondo hartzen zuten elkar», esan du Juanek.

Ezaguna da elkarrekin Endañetaren aurka jokatutako apustua. 19 arroako harriarekin egin zuten, eta Paskualsoro-Tapia bikoteak irabazi zuen. 1974ko martxoaren 3an izan zen apustu sonatua, Tolosako zezen plazan.

1971

Maite zuen lehia Eleuteriok, ez bakarrik herri kiroletan, baita trikitiaren munduan ere. Juanek dio aitaren garaiko trikitilariek bazutela soinua jotzerakoan ere indarra erakusteko joera; trikitiari soinua atera behar izaten zioten. «Estilo bizia zuen, azkarra, eta oso berezkoa. Oraindik ere, haren grabazioren bat entzuten badut, azkar antzematen diot bera dela soinua jotzen ari dena. Garai hartako trikitilari askorekin gertatzen da».

Iñaki Garmendia Laja-k (Azkoitia, 1944–2019) ere oso bizi jotzen zuen trikitia, eta elkarren aurkari ere izan ziren trikiti txapelketetan. Lajaren atzetik, bigarren egin zuen Eleuteriok 1971n, Alegiako Juan pandero-jotzaile zuela. Sei alditan hartu zuen parte txapelketan.

1974an, esate baterako, Landakandarekin joan zen txapelketara, baina pandero-jotzaile berarekin hartu zuen parte Maltzetak ere. «Garai hartan, Sakabi eta Egañazpi kenduta, trikitilariek ez zuten bikote finkorik izaten. Libre egoten zen pandero-jotzailearekin moldatzen ziren. Aitak asko ibili zituen, baina gehien-gehiena, Alegiako Juan izan zuen aldamenean».

1975

Trikitiaren munduan aldaketa handiak ezagutu zituen Eleuteriok. Bakar-bakarrik aritzetik, aldamenean kantuan egiten zuen pandero-jotzaile batekin aritzera pasatu zen. Horrek errepertorioa moldatzera ere eraman zuen.

«Gure aitak, eta bere garaiko gehienek, ez zuten piezak sortzeko joerarik izaten. Aldiro-aldiro modan zeuden abesti horiek gehituko zizkioten errepertorioari eta segi egiten zuten. Alde horretatik ez ziren gehiegi arriskatzen. Jotzen zituzten pieza konplikatuak, baina ez ziren gehiegi endredatzen horretan. Haientzako bizimodua ateratzeko modua zen, funtzionatzen zuen horrekin moldatzen ziren, eta ez zeuzkaten hainbesteko kezka artistikorik», onartu du Juanek.

Hori bai, zekiena erakusteko ez zuen batere eragozpenik izaten. Erakusle on bezala gogoratzen dute ingurukoek, pazientzia handikoa. Etxean eman izan zituen trikiti-eskolak, aurrez aurre, eta gerora, 70eko hamarkadaren erdialdera, Usurbilgo Kale Zaharrean akademia zabaldu zuen. Horretan ere aitzindari izan zen: ume eta gaztetxo asko pasatu ziren handik.

Horietako bat Joseba iloba izan zen, Eleuterioren anaia Luisen semea. Nahiz eta txikitan soinu kromatikoarekin hasi, osaba ikusten omen zuen trikitiarekin eta hura gustatu. Eleuteriok, liluratuta, begiratzen zion Josebari, eta berdin Josebak Eleuteriori. «Justu-justuan ezagutu zituen Kepa Junkerak eta haien bueltakoek trikitiaren mundura ekarri zuten aldaketa. Baina Josebarengan ikusten zituen joera berri horien zantzuak eta begi onez hartzen zituen. Aitak txikitan igarri zion gure lehengusuari soinurako gaia zuela».

Juanek aita zenak erabilitako hainbat soinu ditu etxean, baina bereziki bat du estimu handitan: 80ko hamarkadaren hasieran Italiara, Giulietti —gerora Zero Sette izena hartu zuen— fabrikara egindako bisitatik ekarritakoa. Laja eta Eleuterio joan omen ziren elkarrekin, eta bina soinu erosi. Asteasuarrak horietako bat berehala saldu zuen, eta handik urte batzuetara, bigarrena, anaia Luisi saldu zion Josebak erabili zezan. Handik puska batera, Juan ezkondu zenean, lehengusuak ezteietako opari gisa eman zion, eta Mutteiara itzuli zen soinu hura. Erlikia gisa gordeta daukate han.

1984

Ezusteak ere izan zituen Eleuterio zenak. 1984ko urriaren 23an, beste sei lagunekin batera atxilotu zuten. Tartean ziren Mikel Arrastoa zizurkildarra eta Juan Antonio Rezola tolosarra. Asteasun, Tolosan eta Zizurkilen, adibidez, haien atxiloketak salatzeko osoko bilkurak egin zituzten.

Legedi antiterrorista aplikatu zieten, eta inkomunikatuta izan zituzten Intxaurrondon hainbat egunez. Tortura gogorrak jasan zituen. Madrilera epailearen aurrera eraman eta kargurik gabe aske utzi zuten.

57 urte zituen ordurako Eleuteriok. «Pasada handia» hartu zuen atxiloketarekin, ingurukoek gogoratzen dutenez. Handik gutxira, minbizia agertu zitzaion, eta 62 urte zituela hil egin zen. Gazterik.

«Bere burua asko zaintzen zuen eta oraindik sasoiko zegoen. Nahiz eta askotan gauez ibili, ez zuen parranda handirik egiten. Berdin zitzaion zein ordutan etxeratu, goizean goiz prestatzen zen oilagorretara joateko. Pena handia izan zen bere heriotza, bizitzeko gogoa eta poza, eta artean gauza asko zeuzkalako eskaintzeko», ziurtatu du seme zaharrenak.

1988

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!