ELKARRIZKETA

«Eskualdeko trikitizaleok harreman handiagoa dugu orain»

Jon Miranda Labaien

Julene Otegi Beldarrain. ATARIA

Julene Otegi Beldarrain (Mungia, 1994) Hauspotuz elkarteko kidea da. Eleuterio Tapiaren omenaldiarekin bat eginda, bihar, larunbata, Trikitixa Eguna ospatuko du Hauspotuz elkarteak Asteasun.

Trikitixa Eguna da urtean zehar Hauspotuzek antolatzen duen ekimen nagusia?

Bai. Egia esan, bai, nagusiena dela esango nuke nik. Hauspotuz sortu zenetik ia ohitura bihurtu den bakarretakoa. Bi urterik behin egiten dugu Tolosaldeko Trikitixa Eguna. 2019an hasi ginen, gero, pandemiak hankaz gora jarri gintuen, baina, tira, bi urterik behin, gutxi gorabehera, mantendu dugun ohitura da.

Orain arte beti Tolosan egin duzue.

Bai, Eskualdeko hiriburu moduan hartzen dugulako denok. Aurten ere, Tolosan antolatzen hasi ginen, eta horretan geundela, Asteasuko Udalaren deia jaso genuen esanez Eleuterio Tapia jaio zela ehun urte bete direla. Aurtengo Trikitixa Eguna Asteasura aldatzea proposatu ziguten, hari egingo zitzaion omenaldiarekin bat egiteko. Prest eta pozik hartu genuen erronka, eta udalarekin elkarlanean ibili gara asteotan dena antolatzeko.

Asteasura bizitzera etorri aurretik, ezaguna zenuen zuk Eleuterio Tapia?

Bai, noski. Eleuteriori buruz, badakit soinu-jotzaile aparta izan zela. Baina, horretaz aparte, pertsonaia ere bazen. Istorioren bat edo konturen bat kontatzen hasten zenean, jende piloa inguruan bildu eta korroa osatzen zen, berak zer esaten zuen entzuteko. Hori nahiko esanguratsua da, ezta? Pertsona inportantea zen.

Hauspotuzen ibiltzen diren gaztetxoak ezagutzen al dute? Badakite nor zen Eleuterio?

Nik sinetsi nahi dut Asteasuko bertako ikasleek jakingo dutela nor den. Baina Tolosaldeko ikasle guztiek, bada, zalantza egiten dut. Penaz esango nizuke ezetz, denek ez dutela ezagutzen. Hausnarketarako ere balio digu galdera horrek. Hauspotuzen lana bada transmisioa bermatzea, eta nik uste dut, Tolosaldeko Trikitixa Eguna aurten Asteasura eramanda, hori behintzat lortuko dugula. Tolosaldeko ikasle gazteek lehen eskutik jakingo dute nor izan zen Eleuterio.

Transmisio-lan hori egitea da Hauspotuzen egitekoetako bat, baina gainontzean, Julene, zer dinamika dituzue?

Egia esan, hor boluntario gabiltza taldetxo bat lanean. Eta nik uste dut helburu nagusienetako bat, Hauspotuz elkartea sortu zenean behintzat, eta gaur egun ere bai, Tolosaldeko trikitilari eta trikitizale denak biltzeko gunea izatea eta haien arteko harremanak bermatzea zela. Mundu hau nahiko sakabanatuta ikusten genuen. Bi urtez behin antolatzen dugu Trikitixa Eguna, eta iaz Trikitixa Jaialdia antolatzen hasi ginen. Erantzun positiboa izan genuen, eta ikusteko dago horrekin jarraituko dugun edo ez. Bi urtez behin antolatzen denez eguna, tarteko urte horretan data berean antolatu nahiko genuke jaialdia. Hori da, behintzat, ideia. Ea aurrera ateratzen den.

Noiz sortu zenuten Hauspotuz?

2019an egin genuen lehenengo Trikitixa Eguna. Orduan, ba pentsa, urtebete lehenago edo hasiko ginen apur bat biltzen eta, trikitilariei mezu pare bat zabaldu, ea bazegoen gogorik bazkaritarako. Ikusi genuen baietz, bazegoela gogoa, eta horrelaxe hasi ginen, 2019 aurretxoan.

Urteotan egindako lanak utzi du arrastoa?

Nik esango nuke baietz. Trikitixa Egun hori ohitura bihurtu da, eta elkarren artean harreman handiagoa dugu. Bai, pozik gaude egindako lanarekin.

Osasuntsu dago trikitia?

Berriz ere gora etorrita dago. Jendea badabil erromerietan eta, bai, nik esango nuke gorakadan gaudela. Ikasle asko dabil, eta antolatzen ditugun ekitaldietara dezenteko kuadrillak biltzen dira. Bai trikitilariak, bai pandero-jotzaileak, baina baita trikiti-zaleak ere. Aristerrazuko plaza da adibidea; ikustea besterik ez dago igande arratsaldetan zenbat jende ibiltzen den.

Badago ohiturarik erromerietarako Tolosaldean?

Iraileko igandetan erromeria izaten da Zelatunen, eta eskualdeko jende asko joaten da bertara. Udan herriko jaietan beti erromeria egoten da. Eta ni neuk badaukat Asteasuko erreferentzia: herriko plazan erromeria dagoen bakoitzean korro zabal bat osatzen da. Plazera da Asteasuko plazan dantzariak zeinen gogotsu ibiltzen diren ikustea.

Bihar zenbat jende bilduko den jakiterik bada?

150 inguru bilduko gara, gutxi gorabehera.

Nola antolatu duzue eguna?

Egia esan, urteroko egitaraua mantentzea erabaki genuen. Bertan txertatu dugu omenalditxoa, herriak egin nahi duena. Gero kalejiran jarraituko dugu. Hainbat taldetan banatuko gara herrian soinua zabaltzeko. Eta gero, bazkaldu egingo dugu denok batera. Bazkalostean, betiko moduan, sorpresatxoren bat edo beste egongo da. Eta aurten bai, erromeria batekin amaituko dugu eguna: Izer eta Alabier izango dira jotzen. Eguna dantzan eta gozatzen bukatuko dugu.

Zer esango zenieke herritarrei gertura daitezen?

Urtero moduan Tolosaldeko Trikitixa Eguna polita izango dela. Elkarrekin momentu ederra pasatzeko aukera izango dugu, eta aurten, gainera, Eleuteriori keinua egiteko aprobetxatuko dugu. Badago arrazoi nahikoa, beraz, bihar Asteasura egun-pasan etortzeko.

Erlazionatuak

Jai giroa jartzea ofizio zuen soinu-jotzailea

Jon Miranda Labaien ira 25, 07:59 Asteasu

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!