ELKARRIZKETA

«Asteasun erromeria izaten denetan, plaza bete-bete eginda egoten da»

Jon Miranda Labaien

Larraitz Alkorta Aizpurua Asteasuko alkatea. J.M.

Larraitz Alkorta Aizpurua (Donostia, 1975) Asteasuko alkateak Eleuterio Tapiaren izaera balioan jarri du, eta asteburuan Asteasun izango diren ekitaldietan parte hartzeko gonbita luzatu du.

Zergatik erabaki du Asteasuko Udalak Eleuterio Tapiari omenaldia egitea?

Duela urte batzuk Joxean Agirrek atera zuen liburua eskuetan genuela, konturatu ginen aurten 100 urte beteko zirela Eleuterio jaio zela. Bagenekin, bestalde, bi urtez behin Hauspotuzek Trikitixa Eguna egiten duela Tolosan. Pentsatu genuen, akaso, bi gauzak uztartu zitezkeela, eta horrelaxe proposatu genien Hauspotuzekoei, ea ekarriko ote zuten festa gurera. Eleuterioren omenaldia osatuago geratu da modu horretara.

Asteburu betea duzue Asteasun.

Bai, asteburu borobila izango dugu. Omenaldia eta Trikitixa Eguna izango dira larunbatean, eta igandean, berriz, urteroko ganadu, elikagai eta artisau azoka. Asteburua bete-bete izango dugu herrian.

Asteasura bizitzera etorri aurretik ezaguna zenuen Eleuterio Tapia?

Bai. Aita trikitizalea genuen, eta harra sartu zigun barrenean. Nahiz eta donostiarrak izan, aitak anaia ekartzen zuen larunbatero-larunbatero Mutteiara Eleuteriorekin soinua ikastera. Beranduago, Usurbilen hasi ginen Juanekin: anaia trikitiarekin eta ni panderoarekin. Beraz, hona bizitzera etorri ginenean, trikitiaren munduan aurrez ezagutu genuen jende harekin egin genuen topo berriro ere.

Ez duzu akorduan Eleuterio ezagutu zenuenik, baina haren inguruko zein irudi zenuen gaztetan?

Irudikatzen nuen plazagizona. Erromeria zalea. Askok nabarmendu dute bere ingurura jendea erakartzen zuen pertsona zela, eta horrelaxe imajinatzen dut nik. Hura ezagutu zuten batzuekin hizketan ere aritu naiz eta azpimarratzen dute haren inguruan sortzen zen festa. Baserria bai, baina nagusiki, jai-giroa jartzea izan zuen ogibidea.

Eleuterio eta haren garaikoek egindako lanari esker bizirik dago trikitia gaur egun?

 

Bai, nik bizi-bizi ikusten dut. Badator jende gaztea atzetik, eta azkeneko hamarkadan trikitia berriro berpiztu dela esango nuke. Ikusi besterik ez dago Arizterrazuko erromeria. Jendetza biltzen da bertan igandero. Horrek erakusten du badagoela atzetik erreleboa.

Bereziki trikitizalea da Asteasu?

Bai. San Pedro festa nagusietan edo santakrutzetan izaten dira erromeri giroko saioak, eta halakoetan plaza bete-bete eginda egoten da. Hasieratik egiten du jendeak dantza, bukaerara arte. Gainera, esango nuke, belaunaldi arteko kontua dela. Adin guztietako jendea ateratzen da plazara dantzara.

Trikitia bada Asteasuko ezaugarrietako bat?

Bai. Bertsoarekin eta herri kirolarekin batera. Plazan, elkarren aldamenean jarrita dauzkagu Eleuterio Tapia eta Pello Errotaren irudiak, eta ondoan daude idi probetako harriak. Trikitia hemengo kulturaren beste zutabeetako bat izan da, eta horregatik trikitia edo panderoa jotzen duen jende asko daukagu herrian. Eleuterio zenaren ikasleak dira horietako batzuk, eta gerora Juanekin ikasitakoak beste asko. Orain, Manex Torrealdaik ematen ditu trikiti eskolak Asteasun, eta jende askok ematen du izena. Urtero festetan egiten den kalejira handi horretan denak elkartzeko aukera izaten dugu, eta oso okasio polita izaten da.

Biharko omenaldia herritarrekin batera egin nahi duzuela diozue.

Bai. Hiru pieza aukeratu dituzte omenaldirako eta ez dira batere zailak jotzen. Jendeari deia egiten diogu pixka bat entseatu dezala eta hautsa kendu diezaiola trikitiari edo panderoari.

Zuk ere joko duzu?

Panderoa bai. Trikitiarekin hasi, hasi nintzen, baina ez nuen jarraitu. Nik panderoa jotzen dut eta kantatzea asko gustatzen zait. Hortaz, larunbatean bertan izango naiz goizean. Omenaldian herritar bezala ere parte hartuko dut, eta bazkarian eta ondorengo erromerian ere egongo naiz. Egun ederra pasatuko dugu.

Hemendik aurrera nola gustatuko litzaizuke jendeak Eleuterio Tapia gogoratzea?

Gustatuko litzaidake etorkizuneko asteasuarrek gogora dezaten Eleuterio. Herriarengatik, kulturarengatik, euskararengatik eta gure tradizioagatik egin zuen guztia balio handikoa izan zen, eta etorkizunean hori guztia gogoratzea gustatuko litzaidake.

Erlazionatuak

Jai giroa jartzea ofizio zuen soinu-jotzailea

Jon Miranda Labaien ira 25, 07:59 Asteasu

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!