Asteasu kirol hitzordu garrantzitsu baten atarian da. Datorren larunbatean, irailaren 19an, Asteasuko II. Mendi Duatloia jokatuko da, 16:00etan hasita. Iaz bezala, aurten ere Euskal Herriko Mendi Duatloiaren Zirkuituari hasiera emango dio. Iazko lehen edizioaren harrera onaren ondoren, antolatzaileek bigarren ekitaldia prestatu dute, eta helburua argi dute: mendi duatloia lehiaketaz harago ulertzea, parte-hartzea, herrikoitasuna eta kirolarekiko zaletasuna sustatuko dituen hitzordu gisa.
Probak bi sektore izango ditu. Lehenengoan, parte-hartzaileek 7,18 kilometroko mendi lasterketa osatu beharko dute, 302 metroko desnibel positiboarekin. Ondoren iritsiko da mendi bizikletako zatia: 15,76 kilometroko ibilbidea izango da, 631 metroko desnibel positiboarekin.
Hala ere, ibilbidearen planteamenduan badago antolatzaileen asmoaren gakoa. Ez dute ahalik eta ibilbide tekniko edo konplikatuena bilatu, parte-hartzaile askoren eskura egongo den proba baizik. «Ibilbidea saiatzen gara teknikoki erraza jartzen, konplikazio handirik gabekoa behintzat, edozein pertsonak parte hartu ahal izateko», azaldu du Haritz Segurolak, antolatzaile taldeko kideak. Asteasuarra bera, probaren antolaketan parte hartzen ari den lagun taldearen izenean, gustura dago bigarren edizioa prestatzeko aukerarekin.
Iazko harrera onak bigarren edizioa ekarri du
Iazkoa izan zen Asteasuko lehen Mendi Duatloia, eta, Segurolaren hitzetan, esperientzia ona izan zen bai parte-hartzaileentzat eta baita antolatzaileentzat ere. «Aurreko urtean oso ondo atera zen, jendea oso gustura geratu baitzen. Antolatzaileok ere indarrarekin ikusi ginen bigarren edizio bat hartzeko», azaldu du.
Asteasuko probaren jatorria ere kirolarien arteko harreman batean dago. Antolatzaile taldeko kideetako batzuk zirkuituko parte-hartzaileak ziren aurretik, eta Adunan egindako proba baten ondoren hasi ziren Asteasun antzeko ekitaldi bat antolatzeko aukeraz hitz egiten. «Antolatzaileok zirkuituko parte-hartzaileak ginen, kirolari batzuk, eta lagun artean Adunako proba bat egin ondoren hasi ginen pentsatzen Asteasun ere horrelako proba bat antolatzea polita izango litzatekeela. Eta horrela animatu ginen», azaldu du Segurolak.
Hortik sortu zen gaur egun bigarren ediziora iritsi den ekimena. Antolakuntza ez dago talde edo erakunde bakar baten esku, Haritz Segurolak azaltzen duen bezala: «Antolatzaileok lagun talde bat gara, baina egia da batzuk Anttine Elkarteko kide ere bagarela. Anttine Elkarteak pixka bat bere gain hartu zuen proba, baina, azkenean, lagun artean sortutako elkartea da hori ere. Gero, Asteasuko Udala, Aitzondo Kirol Elkartea eta hainbat babesleren laguntzarekin antolatutako proba da».
Herrikoitasuna ardatz
Asteasuko probak ez dio soilik errendimenduari begiratzen. Euskal Herriko Mendi Duatloiaren Zirkuituak, oro har, izaera herrikoia du, eta horren aldeko apustua egiten ari dira antolatzaileak. Ez da eliteko kirolarientzako soilik diseinatutako zirkuitua, eta hori bera da Segurolaren arabera ekimenaren erakargarritasunetako bat. «Euskal Herriko zirkuituak, azken batean, giro oso herrikoia dauka. Normalean ez dago hemendik bizi daitekeen jende profesionalik; onenak ez dira ateratzen hemen. Gehienetan, Goierri inguruko gu bezalako afizionatuak ateratzen gara, Tolosaldekoak ere bai, eta Bizkaian Durangoko proba egiten dugunez, han ere jende mordoa biltzen da. Triatloiaren inguruan maila herrikoia duen jendea da, eta Nafarroa aldetik ere antzera», azaldu du.
Horregatik, Mendi Duatloia kirolari federatuen esparrura mugatu beharrean, kirolari herritarragoari ateak zabaltzeko moduko proba izatea nahi dute. «Ez nuke esango zirkuitu oso exijentea denik maila fisikoari dagokionez. Maila fisiko minimoa duen pertsona batentzako, maila herrikoia duen pertsona batentzako, parte hartzeko inongo arazorik gabeko zirkuitua iruditzen zait», dio Segurolak.
Izan ere, zirkuituaren azken urteetako bilakaera ere norabide horretan joan dela azaldu du. Hasiera batean, ibilbide teknikoagoak eta exijenteagoak izaten ziren, ikusgarritasuna bilatuz, baina denborarekin parte-hartze zabalaren aldeko apustua egin da. «Azken urteetan bilatu izan duguna zirkuitu errazak egitea da, teknikoki oso exijenteak ez direnak, eta edozeinek parte hartzeko modukoak izatea. Herrikoitasun hori bultzatzea da helburua», dio Segurolak.
Asteasuko ibilbideak, beraz, badu bere zailtasuna. Herriko eta inguruko mendiek ez dute aukera handirik ematen desnibelik gabeko ibilbideetarako, eta bizikletako sektorea bereziki izango da fisikoki zorrotza. Baina antolatzaileek ez dute oztopo tekniko handirik sartu nahi izan, ahalik eta parte-hartzaile gehienek proba amaitzeko aukera izan dezaten: «Bizikletako sektorea, batez ere, fisikoki pixka bat exijentea da, daukagun orografiagatik. Bizi garen lekuan aldapak besterik ez dauzkagu. Hala eta gutiz ere, denok egiteko modukoa da, baina nolabaiteko exijentzia maila minimoarekin».
Bakarka zein bikoteka
Parte hartzeko aukerei dagokienez, hainbat modalitate izango dira. Banakako sailkapenean gizonezkoen eta emakumezkoen kategoriak izango dira, eta bikoteka ere parte hartu ahal izango da, kasu horretan genero bereizketarik gabe.
Bikoteen modalitateak, Haritz Segurolak azaldu duenez, aurten badu berritasun bat:«Berrikuntza gisa, bikote mistoan, lehenengo sailkatzen direnentzat sari bat ematea erabaki dugu. Horren bidez, emakumeen parte-hartzea bultzatu nahi dugu. Horren aldeko apustua egiten ari gara sari hau jarriz».
Izena emateko epea irailaren 16an, asteazkenean, amaituko da. Izen-ematea RockTheSport plataformaren bidez egin behar da, eta probari buruzko informazio guztia Mendi Duatloiaren webgunean dago eskuragarri.
40-50 boluntario, probaren atzean
Kirolarien ahaleginaren atzean, ordea, beste talde baten lana egongo da: boluntarioena. Iaz 40-50 bat lagun inguruk parte hartu zuten antolakuntzan, eta aurten ere antzeko kopurua izatea espero dute. Horrelako proba bat aurrera ateratzeko ezinbestekoak dira ibilbidearen kontrola, hornidura, segurtasuna eta bestelako zereginak, eta horiek guztiak egiteko herritarren inplikazioa behar da.
Horregatik, antolakuntzak eskerrak eman nahi izan dizkie probaren atzean dauden guztiei. Asteasuko Udala, Aitzondo Elkartea eta Ederfil-Becker enpresa dira babesle nagusiak, baina herriko beste merkataritza eta eragile batzuek ere laguntza eman dute. «Babesleei eskerrak eman nahi dizkiegu, haien eta boluntarioen laguntzarik gabe ezinezkoa izango litzateke hau antolatzea», nabarmendu du Haritz Segurolak.
Horixe izango da, azken batean, larunbateko probak bilduko duenaren zati garrantzitsu bat: kirolariak mendian lehiatzen diren bitartean, herri oso baten ingurunea eta lana egongo dira haien atzean. Iazko lehen edizioaren ondoren, Asteasuk bigarren hitzorduari helduko dio, eta oraingoan ere mendi duatloiaren zirkuituari hasiera emango dio.