ELKARRIZKETA

«Artzaintzak duintasunez bizitzeko aukera eman behar du»

Jon Miranda Labaien

Ane Gartziandia Gabilondo Gomiztegiko artzaineskolako formazio arduraduna. J.M.

Landa munduaren eta gizartearen arteko lotura indartzea eta belaunaldi berriei artzaintza erakustea dira erronka nagusietako batzuk, Ane Gartziandia Gabilondo Gomiztegiko Artzain Eskolako formazio arduradunaren iritzian.

Ane Gartziandia Gabilondok (Donostia, 1973) aspalditik du Asteasu bizileku eta landa mundua lanbide. Albaitaria da ikasketaz, eta ardiekin lotutako ibilbide luzea egin du. Ardi Latxaren Elkartean hamabi urtez jardun ondoren, duela sei urte heldu zen Gomiztegiko Artzain Eskolara. Gaur egun, prestakuntza koordinatzailea da, eta etorkizuneko artzainen formazioa eta lehen sektorearen transmisioa ditu bere eguneroko lanaren ardatz.

«Jaten jarraitu nahi badugu, lehen sektorea behar dugu»

Argi al zeneukan artzaintzarekin lotutako ofizio batean arituko zinela?

 

Txikitatik oso gustuko izan ditut bai landareak, bai animaliak. Osaba-izebek Zaldibian esne behiak zituzten, eta hara joaten ginenean erakarri egiten ninduen mundu horrek. Albaitaritza ikasteko aukera izan nuen, eta Zaragozara joan nintzen. Albaitaritza ikasi nuenean argi nuen ez nuela maskotekin lan egin nahi. Han ikasten ari nintzela, irakasle batzuk ardiekin lanean aritzen ziren. Garai hartan Aragoin ardi sektoreak indar handia zuen, eta nik ere oso gustuko nuen. Haiekin joaten hasi nintzen, eta hor hasi zen nire ibilbidea ardi mundura bideratzen. 

Zergatik ardia?

Oro har, ardia animalia goxoa iruditzen zait. Bere kudeaketa oso konplexua da: osasuna, elikadura, ingurumenaren kudeaketa... dena uztartu behar da. Bestalde, kulturaren ikuspegitik ere oso aberatsa da; mendeetan bizirik iraun duen jarduera da, nahiz eta gaur egun egoera zaila bizi. Artzainek duten behatzeko gaitasuna ere asko miresten dut. Isiltasunetik, lasaitasunez, animaliei begiratzen ikasten dute, eta hori oso polita da.

Sektore honetan hainbat lanetan aritu izan zara.

Bai. Bi urte eman nituen Huescan (Espainia), kanpaina garaian ustiategi batetik bestera, eta halako batean Euskal Herrira itzultzeko gogoa sartu zitzaidan. Baserriren batean aritu izan nintzen lanean, eta baita administrazioan ere, sanitate arloan sei hilez. Horretan aritu nintzela, Ardi Latxaren elkartetik deitu zidaten eta hamabi urte eman nituen han lanean.

Nola iritsi zinen Artzain Eskolara?

Elkartean nuen lana uztea erabaki nuen, ama ere izan bainintzen, eta mundu honetan kontziliazioa ez da erraza izaten. Autonomo gisa aritu nintzen hainbat ustiategitan esnearen kalitate-programak kudeatzen, eta horretan ari nintzela Batis Otaegik deitu zidan. Orduan Artzain Eskolako prestakuntza koordinatzailea zen, eta erretiroa hartzera zihoan. Errelebo kontratu baten bidez sartzeko aukera eskaini zidaten, eta baiezkoa eman nuen. Harrezkero, azken sei urteak bertan eman ditut.

Zein da zure egitekoa Artzain Eskolan?

Ni Gomiztegi kooperatibako kideetako bat naiz. HAZI fundazioak duela pare bat urte finantziazio apustu bat egin zuen eta baserria erosi zuen; harenak dira, artaldea eta gaztandegia ere. Lehiaketa publiko bitartez, lau urteko emakidaren bitartez kooperatibako kideek kudeatzen dugu Gomiztegi: maneiatzen dugu artaldea, egiten dugu gazta, eta aldi berean gu arduratzen gara formazio eskaintzeaz ere. Kasu honetan, niri dagokit kooperatibaren barruan prestakuntza koordinatzea.

Gogora ekarriko al diguzu Gomiztegiren historia?

1950eko hamarkadan Arantzazuko frantziskotarrek erosi zuten baserria. Garai hartan ehunka fraide eta seminarista bizi ziren Arantzazun, eta Gomiztegi elikagaiak ekoizteko erabili zuten. Behiekin, txerriekin eta bestelako abereekin jarduten zuten, eta baratzea ere bazegoen. Denborarekin egoera aldatu egin zen. Industrializazioa iritsi zen, jende gutxiago geratu zen Arantzazun, eta orduan beste norabide bat ematea erabaki zuten. Nikolas Segurolak paper garrantzitsua izan zuen erabaki horretan. Artzaina zen, ardiak oso gustuko zituen, eta sektorearen garapenean aitzindarietako bat izan zen. Pixkanaka ardi latxaren aldeko apustua egin zuten, Idiazabal gaztaren sorrera etorri zen, Ardi Latxaren Elkartea ere garai berean indartu zen, eta testuinguru horretan sortu zen Artzain Eskola ere. 1997an jarri zen martxan, neurri handi batean Ipar Euskal Herriko esperientzian oinarrituta. Garai hartan teknikariak, artzainak eta administrazioko ordezkariak elkartu ziren, eta proiektuari forma eman zioten. Gaur arte iritsi den ibilbidea izan da.

Antzeko eskolak badaude?

Bai. Gomiztegikoa izan zen estatuko lehenengoetarikoa, baina gero beste hainbat sortu dira. Katalunian, Extremaduran, Andaluzian, Gaztela eta Leonen, Castellonen eta Galizian ere badaude antzeko prestakuntza-eskolak. Aurten, gainera, Nafarroan ere lehenengo edizioa jarriko dute martxan Erronkarin. Eskola bakoitzak bere errealitatera egokitzen du eredua, baina guztiek helburu bera dute: artzaintzaren etorkizuna bermatzea. Gainera, elkarren artean harremana dugu. Esate baterako, Ostabateko (Nafarroa Beherea) eskolarekin elkartrukea egiten dugu urtero.

Zer-nolako formazio eskaintza egiten duzue?

Alde batetik, urtero egiten den zortzi hilabeteko ikastaro trinkoa dago; aurten 30. edizioa da. Bestetik, sektoreko profesionalei zuzendutako etengabeko prestakuntza ere eskaintzen dugu, ikastaro laburren bidez. Ikastaro trinkoak 950 ordutik gora ditu. Denboraren erdia teoria da eta beste erdia praktika. Teorian animalien osasuna eta ekoizpena lantzen ditugu, baina baita ekonomia, marketina, merkaturatzea eta baserri baten eguneroko kudeaketan behar diren beste hainbat alderdi ere. Azken finean, gure ustiategiak mikroenpresak dira, eredu txikiak eta familiarrak, eta bertan denetik egin behar da. Horregatik, ikasleek ikuspegi osoa jasotzea da gure helburua. Gero gainera, praktikak egiteko aukera dute, hemen Gomiztegin bertan, baina gehienak baserrietan. Artzainen sare sendoa dugu. Sare hori, nire ustez, Artzain Eskolaren baliorik handienetako bat da. Horien artean dago Berastegiko Gazpio baserria.

Zenbat ikaslek osatzen dute promozio bakoitza?

Normalean zortzi eta hamabi ikasle artean izaten dira. Izena ematen duen jende gehiago ere bada, baina taldeak mugatu egiten ditugu, ikasle bakoitzaren jarraipen estua egin ahal izateko eta ditugun baliabideetara egokitzeko. Datorren ikasturterako, adibidez, hamar laguneko taldea osatu dugu. Ikasleen profila aldatzen ari da. Lehen gehienak etxeko jarduerari jarraipena eman nahi zioten baserriko seme-alabak ziren, eta, gero, etortzen ziren nekazaritzako ikasketak egindakoak ere. Gutxiengoa ziren, baserriarekin harremanik eduki ez eta bizitzan norabide aldaketa bat nahi zuen jendea. Joerak aldatzen ari dira, eta gero eta jende gehiago dator baserritik kanpokoa. Orain arte pentsatu izan da soilik arbasoengandik jasotako ofizioa zela, eta ezin zitekeela ikasi; gauzak, zorionez, aldatzen ari dira. Gainera, profil desberdinetako ikasleak nahastea ikaragarri aberasgarria da, beste ikuspuntu batzuk ekartzen dituelako. 

Gazteak dira ikasleak?

Urte hauetan guztietan ikasleen batez besteko adina 27 urte ingurukoa izan da. 29 urte hauetan 350 ikasle baino gehiago igaro dira Artzain Eskolatik. Lehentasuna Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako ikasleek dute, eta gehienak hemengoak izan dira. Beste autonomia-erkidego batzuetako ikasle batzuk ere izan ditugu, eta baita atzerritik etorritakoak ere. Ikasleen arabera moldatzen dugu eskolako hizkuntza: denak euskaldunak badira, euskaraz egiten dugu. 

Gizonezko adina emakumek ematen dute izena?

Historikoki, ikasleen % 80 inguru gizonezkoak izan dira. Azken hiru urteetan, ordea, emakumeen kopurua nabarmen igo da, eta espero dugu joera horrek jarraipena izatea. Ipar Euskal Herriko Artzain Eskolan, adibidez, aspalditik da alderantziz: emakumeak gehiago dira gizonezkoak baino. Horrek erakusten digu aldaketa posible dela.

Ikasleek amaieran sektorean jarraitzen al dute?

Kalkulatzen dugu Artzain Eskolatik igaro diren ikasleen erdiak baino gehiagok sektorean jarraitzen dutela. Baserririk ez duenarentzat instalatzea oso zaila da. Lurra badago, baina lur horretara iristea ez da erraza. Instalazio berriak eraiki behar badira edo gaztandegi bat martxan jarri, inbertsio handia egin beharra dago. Hutsetik abiatzea oso zaila da, ia ezinezkoa, esango nuke. Horregatik ari gara familiaz kanpoko errelebo-formulak lantzen. Jarraipenik ez duten ustiategiak, eta lanean hasi nahi duten gazteak, elkarren harremanetan jartzeko bideak bilatzen ari gara. Hor ikusten dut etorkizuneko erronka handienetako bat.

Beste erronkarik sumatzen al duzu sektorean?

Asko. Lehen, baserriak familia osoaren ekonomian oinarritzen ziren. Familia osoak egiten zuen lan; eskulan oso kualifikatua zen, askotan doan lan egiten zuena. Aitona-amonen lana, adibidez, ezinbestekoa zen, baina ez zen inoiz zenbakitan agertzen. Gaur egun eredu hori aldatzen ari da. Gazteek beste bizi-eredu batzuk ere ezagutzen dituzte, eta hori guztiz normala da. Gustuko dute ofizioa, baina aisialdia ere nahi dute, asteburuan atseden hartzeko aukera ere bai, edo oporralditxoren bat hartu noizean behin. Horretarako, ordea, ustiategiak errentagarriak izan behar du, sostengatu ahal izateko nahikoa irabazi eman behar du. Baserrian beti soberan dago lana, baina, ekonomia, berriz, beti ez. Hor dago gakoa.

«Lana soberan dago baserrian; ekonomia, berriz, beti ez»

Zergatik kostatzen da erreleboa aurkitzea?

Nik uste dut arazo nagusia ez dela gazteek interesik ez izatea. Gero eta arrakala handiagoa dago hiriaren eta landaren artean, baita herrietan bertan ere. Lehen ia familia guztiek zuten nolabaiteko lotura baserriarekin. Gaur egun hori asko galdu da. Horregatik uste dut hezkuntzan ere gehiago erakutsi behar dela lehen sektorea aukera profesional bat dela. Batxilergoa edo DBH amaitzen duten gazteei lanbide asko erakusten zaizkie, baina nekazaritza eta abeltzaintza askotan ia ez dira aipatzen. Ez da planteatzen beste aukera baten gisan. Gutxietsita ez dakit, baina ikusi ere ez da egiten sektorea. Hori akatsa da.

Artzain izatea gero eta lan konplexuagoa dela iruditzen al zaizu?

Bai, zalantzarik gabe. Gero eta arlo gehiago menderatu behar dira. Lehen artzaina gutxietsi egiten zen, herriko tontotzat hartzen baitzen, baina gaur egun ikusten da zenbateko ezagutza behar duen lan honek. Larreak kudeatzen jakin behar da; animalien elikadura eta osasuna kontrolatu; gazta ondo egiten jakin; administrazioarekin lotutako tramite guztiak bete; analitikak, fakturazioa, merkaturatzea... Azken batean, denetik jakin behar duzu. Egia da, administrazioaren aldetik burokrazia sinplifikatu eta erraztu litekeela. Hala ere, nire ustez arazo nagusia ez da hori. Arazo nagusia da lanbide honek duintasunez bizitzeko aukera eman behar duela.

Zein da zuretzat ustiategi eredu ona?

 

Niretzat garrantzitsuena da ustiategia bere baliabideetara egokituta egotea. Lurrak ematen duenarekin orekan dagoena da ustiategi ona. Nik gero eta gehiago ikusten dut gazte askok ikuspegi agroekologikoa dutela. Naturaren erritmoetara egokitutako ustiategiak nahi dituzte. Gainera, gero eta gehiago hitz egiten da elikadura-subiranotasunaz eta tokiko ekoizpenaz. Gure ardi latxa ez dago ekoizpen industrial handietarako pentsatuta; lurrera eta mendira egokitutako arraza da. Horregatik, gure indarra ez dago ahalik eta gehien ekoiztean, daukagun ingurunea ahalik eta ondoen aprobetxatzean baizik.

«Lehen sektorea ez da folklorea; eguneroko lana da»

Nola eman balioa lehen sektoreari?

Lehen sektorea ez da folklore hutsa. Funtzio asko betetzen ditu. Hor ikusten dugun eta hainbeste goraipatzen dugun gure paisaia, ez da berez sortu, naturalizatutakoak dira. Mendizainen, artzainen eta abeltzainen lanaren emaitza da; askotan ez gara konturatzen paisaia horren atzean egunero zenbat jende dabilen lanean. Eta elikagaiekin ere antzeko zerbait gertatzen da: ez ditugu erdigunean jartzen. Prest gaude bidaietan edo bestelako kontsumoan diru asko gastatzeko, baina askotan zalantzan jartzen dugu bertako elikagaiek duten prezioa. Hor badugu kontraesan bat. Ez dut uste borondate txarra denik; ezjakintasunetik dator neurri handi batean. Lehentasunak aldatuta dauzkagu. Lehen jendeak bazekien zenbat lan zegoen larre zaindu baten edo gazta baten atzean. Gaur egun, berriz, lotura hori galdu egin da. Eta nik uste dut hori berreskuratu behar dugula.

«Paisaia ez da berez sortzen; artzainen lanaren emaitza da»

Artzain Eskolak lagundu al du lehen sektorea gizarteratzen?

Nik uste dut baietz. Artzain Eskolak izan dituen indargune eta ahuleziekin, ekarpen handia egin du sektorea ezagutarazteko. Jende askori erakutsi dio artzaintza ere badela etorkizuneko aukera bat. Horrek ez du esan nahi denek artzain izan behar dutenik, baina eskolak balio izan du erakusteko lehen sektorea existitzen dela, profesionalak behar dituela eta balioa duela.

Zenbateko artaldea duzue Gomiztegin?

Gaur egun 400 buru inguru ditugu guztira, ahariak, arkumeak, arkazteak eta denak kontuan hartuta. Horietatik 258 dira jezten direnak, arkazte diren arte ez ditugulako ume egiten jartzen. 

Gomiztegin zenbat kilo gazta ekoizten duzue?

Gutxi gorabehera sei-zazpi litro esne behar dira kilo bat gazta egiteko. Urtero 12.000-13.000 kilo gazta inguru egiten ditugu. Gehiena Idiazabal gazta da, bai naturala, bai ketua. Horrez gain, Handixa deitzen diogun tamaina handiko gazta ere egiten dugu, 11 kiloko piezetan. Gazta urdina ere egiten dugu, nahiz eta kopuru txikiagoan.

Sariak ere irabazi izan dituzue.

Bai. Horrelakoek laguntzen dute ikusgarritasuna ematen. Uste dut, ez gurea bakarrik, hemengo gaztagintza oso maila altuan dela. Baserri askotan gazta bikainak egiten dira; profesional oso onak daude sektorean. Gaztagintza mundu ikaragarria da. Batzuetan pentsatzen dut bost bizitza beharko nituzkeela zerbait ikasteko.

Nola merkaturatzen duzue gazta?

 

Salmenta zuzena egiten dugu, batez ere. Jendea hona etortzen da gazta erostera, eta hori da gure salmenta-bide nagusia. Horrez gain, inguruko harategi eta denda batzuetan ere saltzen dugu, baita upategi batzuetan eta inguruko zenbait saltokitan ere. Salmenta zuzena oso egokia da ekoizpen jakin batera arte. Urtean sei mila kilo ingurura arte ondo defendatzen da; hortik gora, ordea, merkaturatzeko sare handiagoa behar da. Guk gaur egun dugun tamainarekin eroso sentitzen gara. Garrantzitsua da zuk zeuk ezagutzea bezeroa, jakitea nori saltzen diozun eta nola egin nahi duzun lan.

Egunerokoa askotarikoa izango da zure kasuan.

Bai, hemen denetik egin behar da. Bakoitzak bere ardurak ditu: nik prestakuntza koordinatzen dut; beste lankide batek artaldea; beste batek administrazioa eta salmentak. Gainera, bi langile eta erdi ere baditugu kontratupean. Oporrak, txandak edo ustekabeko lanak antolatu behar direnean, guztiok moldatu behar izaten dugu, eta denetik egitea tokatzen zaigu. Horrelakoa da baserriaren egunerokoa.

Zein duzu lanik gustukoena?

Animaliekin aritzea dut gustukoena, eta gaztagintza ere bai. Nire ardura nagusia, orain, formazio arlokoa da. Ez naiz irakaslea ez ikasketaz, ez bokazioz, baina ikasleekin lan egiteak asko ematen dit. Energia handia ere eskatzen dit, eta neka-neka eginda bukatzen dut, baina aitortu behar dut, aldi berean, asko aberasten nauela. Orokorrean talde oso politak osatzen dira, eta nik ere asko ikasten dut haiengandik. Askotan gure aurreiritziekin bizi gara, eta bat-batean etortzen dira haiek beste ikuspegi batekin.

Irakasteko gaitasun berezia behar dela iruditzen zaizu?

Nik ez dut neure burua irakasle petotzat jotzen. Baina ikasi dut garrantzitsuena ez dela bakarrik edukia transmititzea. Garrantzitsuena da taldean giro ona sortzea. Gure ikastaroa oso trinkoa da. Denbora asko pasatzen dugu elkarrekin, eta konfiantza sortzen denean ikaskuntza ere askoz errazagoa da. Nik uste dut nire energia gehiena horretan jartzen dudala. Eta zorionez, urte gehienetan talde oso politak osatzen dira. Harreman horietako batzuk adiskidetasun bihurtzen dira, eta bikote batzuk ere sortu dira Artzain Eskolan.

Eta amaitzeko: zer ematen dizu lan honek?

Gustura nago. Sinesten dut egiten dugun horretan. Badakit hobetzeko gauza asko ditugula, bai Artzain Eskolan, bai sektorean oro har. Baina sektore honetan sinesten dut. Maite dut egiten dudana. Eta, gainera, uste dut egin beharreko lana dela.

 

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!