Festa nagusiak asteburu honetan ari dira ospatzen Asteasuko Santamañan, eta gaur ez da girorik falta bertan. Mezaren ondoren hamaiketakoa eta trikitilariak izan dituzte, eta segidan hainbat bertso bota dituzte Irazu eta Peñagarikano bertsolariek. Ondoren, herriko gazteek herri kirolen erakustaldia ere egin dute, hain zuzen, bi taldetan banatuta, lehenik, harria jasotzen aritu dira; jarraian, lokotx apustua egin dute; txingekin lasterka aritu dira gero; zakuekin lasterketa egin dute segidan; eta, amaitzeko, korrika aritu dira.
Arratsaldean ere bertsolariek eta trikitilariek girotuko dute festa; 17:30ean hasiko da kalejira; eta, gauean, berriz, Izer eta Alabier trikitilariek emango dute kontzertua.