Asteasuko San Pedro jaiak 2026

Soka dantzaren ohitura berritu dute

Ataria 2026ko ekainaren 29a

San Pedro eguna dela-eta, urtero bezala soka dantza egin dute Asteasun. Dantza amaitutakoan hamaiketakoa egiteko aukera izan dute bertaratutako herritarrek.

Euri langarra gorabehera, urteroko hitzordua berritu dute Asteasun. Herriko jaien barruan soka dantza egin dute gaur, San Pedro egunez, eta segidan hamaiketakoa jateko aukera izan dute bertaratu diren herritarrek.

Izatez, esku pilota partidak ere jokatu behar zituzten soka dantza amaitutakoan, baina Asteasuko Udalak jakinarazi du bihar 10:00etan izango direla norgehiagokak. Goizeko hitzorduez harago, arratsaldean ere izango dituzte jarduerak Asteasun, besteak beste, magia ikuskizuna, kalejira eta Izer eta Alabier trikitilarien kontzertua.

Bihar, azken eguna

San Pedro egunaren ondotik, jubilatuen eguna izango dute bihar Asteasun, eta egun osoko jardunaren ostean, Sorgina igotzearekin batera bukatuko dituzte herriko festak.

 

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!