Asteasuko San Pedro jaiak 2026

Odol emaileek piztu dute suziria

Ataria 2026ko ekainaren 26a

Boluntariotzaren eta elkartasunaren aldeko mezua zabaldu dute Asteasuko jaiei hasiera emateko txupinazoan. Asteartera arte iraungo dute festek.

Herritarrek horrela erabakita Asteasuko odol emaileen taldeko arduradunek bota dute gaur Asteasuko jaien hasierako txupinazoa. Elkarteko kideek poz handiz jaso dute festen hasierako suziria pizteko enkargua.

Pregoian, 1994an Asteasuko odol emaileen taldea sortu zuten lagunak izan dituzte gogoan: Mari Juli, Bittorio, Joxan, Mila, Amagoia, Ixiar, Ixaskun eta beste hainbat. Haien lekukoa hartu dutenek nabarmendu dute lau hilabetero egiten duten odol bilketaren bidez gizartearen beharrei erantzuten saiatzen direla. «Sinesten dugu boluntario lana beharrezkoa dela, gizartearen beharrei erantzuteko, komunitatearen parte sentiarazteko eta herria egiteko», adierazi dute.

Odola ematen duten Asteasuko eta Larraulgo herritar guztiei ere eskerrak eman dizkiete, haien keinu eta borondaterik gabe odol emaileen taldeak zentzurik izango ez lukeela azpimarratuz. Era berean, Asteasuko Udalaren babesa ere eskertu dute, urteotan emandako laguntza ekonomikoagatik eta azpiegiturak erabiltzeko aukera eskaintzeagatik.

«Ez dakizu nori lagunduko diozun, baina badakizu iritsiko dela behar duen horrengana. Ez ahaztu egunen batean guk ere beharra izan dezakegula», gogorarazi dute. Bi herritar ere bereziki omendu dituzte txupinazoaren unean: Rufino Garmendia, 100 aldiz baino gehiagotan odola eman duena, eta Arrate Omeñaka, 18 urte bete bezain laster odol emaile bihurtu den gaztea. Biak udaletxeko balkoian izan dira, gainerako taldekideekin batera.

Asteasuko festen ikur den sorginak ere hartu du hitza. Datozen egunetan herria alaitasunez eta jarrera morez betetzeko deia egin du, eta jaiak herritik eta herriarentzat antolatutako ospakizunak direla azpimarratu du. «Herritik eta herriarentzat sortutako festa egunak izatea nahi genuke. Antolakuntzan ez ezik, parte hartzen ere norberak bere alea jartzea ezinbestekoa da, talde giroan eta auzolanean gauzatu daitezen festak», adierazi du.

Txupinazoaren ondoren, gaztetxoenen artean goxokiak banatu dituzte. Ondoren, Zizurkilgo erraldoiak kalejiran atera dira herriko txistulariekin batera, eta buruhandiak ere ibili dira kalez kale kuadrillen bazkariaren aurretik. Eguerdian, ia 500 lagun elkartuko dira plazan bazkaltzeko.

Hau da gaurko egitaraua:

 

  • 14:30. Kuadrillen arteko bazkaria.
  • Ondoren. Bingo musikatu berezia.
  • 17:30. Haurrentzako eta gaztetxoentzako DJ Kaktus, Ibargaingo zelaian.
  • 19:00. Elektrotxufla elektrotxaranga.
  • 23:00. Itzal erromeria taldea. 
  • Bukatzeko. DJ Fifi eta Fefa.

 

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!