Gari Garmendiak jantzi du txapela

Leyre Carrasco 2025eko abenduaren 22a

Atzo, Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa jokatu zen Asteasuko Usarrabi pilotalekuan, eta idiazabaldarrak lortu zuen garaipena, guztira 7.100 kilo jasota. Bestalde, Jokin Eizmendik txapelketak agurtu zituen eta omenaldi beroa egin zioten haren senide, lagun eta harri munduko kideek. Estefania Etxebestek emakumezkoetan historiako bigarren marka egitea lortu zuen, 150 kiloko harria bi aldiz jasota.

Gari Garmendiak, atzo, Asteasuko Usarrabi pilotalekua konkistatu zuen. Harri jasotzaile idiazabaldarrak Euskal Herriko Harri Handien garaipena lortu du lehen aldiz, guztira 7.100 kilo jasota. Atzetik izan zuen txapelketako faboritoetako bat zen Jokin Eizmendi zarauztarra, 6.750 kilo jasota. Sergio Mielgo madrildarra izan zen azkena, 3.775 kilo jasota.

Hiru harri jasotzaileek lau harri desberdin jaso behar izan zituzten; 200 kiloko errektangularra, 175 kiloko zilindroa, 150 kiloko kubikoa eta 125 kiloko bola.

Eizmendik lortu zituen jasoaldi gehien harri errektangularrekin –zortzi jasoaldi eginda–. Garmendiak sei egin zituen. Zilindroarekin, berriz, idiazabaldarra nagusitu zen, guztira hamahiru jasoaldi eginda eta zarauztarrak hamar jasoaldi egin zituen. Zarauztarra berriro nagusitu zen kubikoarekin, guztira hamaika jasoaldi eginda eta idiazabaldarra, berriz, hamar egin zituen. Idiazabaldarrak lortu zuen azken harriarekin jasoaldi gehien egitea –guztira hamazazpi–, garaipena lortuz.

Marka lorpena eta omenaldia

Atzoko emanaldian bi une hunkigarria bizi izan ziren. Lehena emanaldi hasieran izan zen. Estefania Etxebestek emakumezkoetan historiako bigarren marka egitea lortu zuen, 150 kiloko harria bi aldiz jasota. Orain arte Idoia Etxeberriak bakarrik gainditu zuen pisu hori, orain arteko markarik onenarekin, hau da, 163 kilorekin.

Bestea emanaldi amaieran izan zen; Eizmendiren agurra. Izan ere, zarauztarrak atzo agurtu zituen txapelketak, eta omenaldi beroa egin zioten haren senide, lagun eta harri munduko kideek. Emozio handiz eskerrak eman zituen: «Pena handiarekin bukatzea erabaki dugu. Eskerrik asko nire inguruan laguntzen egon zareten guztiei, Josebari [Ostolaza] eta Imanoli [Royo Lartain] entrenamenduetan laguntzeagatik, nire aitari beti alboan izateagatik eta etxeko denei».

Kirol Herri, Asteasun

Asteasun izango da hurrengo hitzordua; Kirol Herri txapelketa. Abenduaren 31n aizkolarien eta harri jasotzaileen bakarkako finalak jokatuko dira, 17:00etan hasita, Usarrabi pilotalekuan. Egun horretan, gainera, Xabier Aranburu Guztak marka saiaketa egingo du, 200 kiloko kubikoarekin. Sarrera 15 eurokoa izango da eta egunean bertan eskuratu ahal izango da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!