Harri Handien Euskal Herriko Txapelketa izango da jokoan Asteasuko pilotalekuan, igande honetan, 18:00etatik aurrera. Bertan parte hartuko dute Jokin Eizmendik, Gari Garmendiak eta Sergio Mielgok. Txapelketaren jaialdi berean Joseba Ostolazaren eskolako Estefania Etxebeste (Ituren, Nafarroa, 2002) harri-jasotzailea bere marka berria egiten saiatuko da 150 kiloko harri laukizuzena altxatuta. Hiru minutu izango ditu marka saiakera horretarako.
Noiztik duzu buruan Asteasuko marka?
Orain dela bi hilabete inguru. Ikusi genuen plaza berezia zela Asteasun abenduaren 31n egitea, baina gero proposatu zidaten 21ean egiteko. Ikusi nuen entrenamendu bat galtzen nuela, ez zela asko, eta erabaki nuen 21ean egitea.
Euskal Herriko Harri Handien Txapelketan Ostolaza eskolako bi kide izango dira, Eizmendi eta Garmendia.
Asteasun marka saiakera egitea berezia izango da. Egun horretan Jokinek txapelketak uzten ditu, beraz, Asteasukoa bere azken txapelketa izango da harri handietan. Ilusioa egiten dit egun horretan hor izateak, eta ea jaialdi polita ateratzen den.
Azken bi hilabete hauetan zer gorputzaldi duzu?
Urduritasun handia. Egin ditudan beste ahaleginak oso ezberdinak izan dira; ez ziren altxaldi bakarrekoak izan, ahal nituen guztikoak, baizik. Oraingoan behin jasota ere marka da. Altxatu egin behar da, eta horrek niri presio handiagoa eragiten dit. Hasieratik altxaldi on bat ematen saiatuko naiz, eta egun horretarako falta den denbora ahalik eta gehien zaintzen.
Emakumezkoetan marka onena Idoia Etxeberriak du, 163 kilokoa jasota. Bigarrena 140 kilokoa da. Bigarren marka hori haustea zenuen buruan hasieratik?
Nik esan nion Josebari inoiz baino indartsuago sentitzen naizela, gorputza inoiz baino prestatuagoa ikusten dudala. Nire maximoa zein den ikusi nahi nuela esan nion, eta berak erantzun zidan probatuko genuela ea noiz arte iristen nintzen, eta gero data iristerakoan erabakiko genuela zer pisutara joan. Entrenamenduko lehenengo egunean 150 kilokoa jaso nuen, baina bigarrengoan ez. Lehenengo egunean nahiko erraz altxatu nuen. Bigarrengoan oso sineskor nengoen, eta hiru saiakera egin eta hirutik ez nuen batere altxatu. Oso haserre joan nintzen etxera. Harriarekin ezin nuela pentsatu nuen. Errealitate-kolpe bat izan zen. Zalantza sortu zitzaidan eta buruari buelta asko eman nizkion. Baina gero ikusi dugu altxatu ahal dudala, eta 150 kilokoarekin saiatuko naiz. Nire onena ematen saiatuko naiz, marka guztietan bezala.
Hasi zinenean pentsatu zenuen horrelako harria altxatzen saiatuko zinela?
Hobby bezala hasi nintzen harri-jasotzen orain bi urte. Nire bidea egiten ari naiz, eta horretan jarraituko dut. Ea etorkizunean nitaz oroitzen diren.
Entzun elkarrizketa osoa audioan