Larraitz Alkorta da Asteasuko alkate berria

Ataria 2025eko irailaren 27a

Gai bakarreko bilkura izan da ostiral iluntzean Asteasuko udaletxean; alegia, alkatea izendatzea. Honela, Larraitz Alkorta Aizpuruak hartu du alkate-kargua Asteasun, Pili Legarrak 2011tik bete duen alkate-kargua utzi eta gero.

Iluntzeko 20:00ak ziren, eta herriko plazan bilduriko asteasuarrak poliki-poliki, lotsati, solemnitatez bete dute pleno aretoa. Zinegotziak aulkietan eserita, eta jada alkate ohi den Pili Legarra Kortajarena ikusleen artean aginte-makila eskuetan duela, osoko bilkurari ekin diote.

Lehenik, zinegotzi berriaren izendapenaren txanda izan da. Pili Legarrak alkate eta zinegotzi karguak utzita, Ainhoa Landaberea Torremocha zinegotzi izendatu dute ostiraleko osoko bilkuran. Ondoren, alkatea izendatzeko bozketari ekin diote mahaiaren bueltan bildutako zinegotziek. Asteasu Batuz alderdiko zortzi kideen aldeko bozkekin eta EAJko Aitziber Egañaren abstentzioarekin, alkate izendatu dute Larraitz Alkorta Aizpurua, gehiengo osoz.

Emakume batetik beste emakume batera

«Legeak hala aginduta» alkate karguari zin egin dio Alkorta Aizpuruak, eta txalo zaparra ozena eta luzea entzun da pleno aretoan orduan. Ondoren, testigua jasotzeko unea iritsi da. Bi emakume elkarren ondoan, boteretik boterera, alkatetik alkatera: Pili Legarra eta Larraitz Alkorta.

Aginte-makila ematerako orduan hitza hartu du Pili Legarrak: «Aspalditik ari gara elkarrekin lanean. Hainbat eta hainbat lerro landu ditugu elkarrekin, baina Berdintasuna eta Feminismoa bereziak izan dira. Ni harro sentitzen naiz emakume batetik beste emakume batera makila pasatzeaz. Fina da baina zin dagizu asko pisatzen duela momentu batzuetan [...]. Hoberena desio dizut, eta ni beti lagun, ondoan izango nauzu».

Larraitz Alkortak bere aldetik, behin alkate-kargua hartuta eta testigua jasota, diskurtsoa irakurtzeari ekin dio. Lehenik, eskerrak eman nahi izan du, azken urteotan lana egiten ikusi eta ikasi duelako: «Ez dut edonolako irakaslea izan. Mila esker, Pili, herriari eta herritarroi eskaini diguzun guztiagatik». «Errespetuz eta ilusio handiz» hartu du alkatearen ardura Alkortak. Honela, ondoan izango dituen zinegotziei zuzendu da alkate berria, haiek baino gehiago ez dela adieraziz: «Ni ez naiz inor talderik gabe». Jarraian, ongi etorria eman dio Ainhoa Landaberea zinegotzi berriari. Eta eskerrak eman dizkie udala laguntzen duten herritarrei eta udal langileei.

Etxeko emakumeei aitortza

Behin ofizialtasuna gailenduta, etxekoekin gogoratu da alkate berria: «Ni ez nintzateke inor izango etxeko emakumerik gabe». Amona, ama, alabak, ahizpak, ilobak eta koinatak izan ditu gogoan Larraitz Alkortak.

Asteasu «herri bizi, euskaldun, aske» gisa definitu du alkate berriak bere diskurtsoan. Gainera, kanpotik datozenei ere keinua egin nahi izan die, kultur ezberdinentzat Asteasu aterpe dela jakinaraziz. Herritarrok elkarrekin zaindu eta herria bera zaintzeko mezuarekin amaitu du bere hitzaldia Larraitz Alkortak.

Jarraian, alkate berria omendu nahi izan dute Txikia kantua abestuta, eta agurra dantzatuz, azken hau Juan Karlos Izagirrek eta Mikel Alkortak dantzatuta. 

Solemnitatea apurtu eta ondoren, herri-afariaren txanda izan da herriko plazan bertan. Herri-afariarekin alkatetza berria ospatu eta Pili Legarraren alkatetzaren 14 urteko ibilbideari agur esan baitiote.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!