Gaur eguerdian Asteasuko udaletxean egin duten osoko bilkuran alkate kargua utzi du Pili Legarrak. 2011tik izan da alkate eta erretiroa hartu du gaur. Behin-behinean, Larraitz Alkortak hartuko du jarduneko alkatetza, hemendik gutxira egingo duten bilkuran izendapen ofiziala jaso arte. Legarrak, alkate karguarekin batera, zinegotzi kargua utzi du, eta bere ordez, Ainhoa Landaberea sartuko da udal taldean.
Azkeneko 14 urteotan Asteasuko alkate izan denak, esker hitz batzuk egin nahi izan ditu osoko bilkuran eta bereziki gogoan izan ditu lau agintalditan aldamenean izan dituen taldekideak: «Ezin izango nuen lan hau guztia egin udal taldeetan ondoan izan ditudan zinegotzirik gabe. Bide honetan nire alboan egon zareten guztioi eskerrak, beste pertsona bat izaten lagundu didazue. Denak maiteak zarete niretzako. Iruditzen zait alkate baten bukaerarako ez dagoela hau baino irudi hobeagorik eta une hau beti gordeko dut bihotzean».
Alkortaren eskutik aginte makil bat jaso du oparitan Legarrak, urteotan egin duen lan onaren eskergarri gisa. Jardunean alkate arituko da Alkorta hurrengo aste honetan eta kargua datorren ostiralean egingo duten osoko bilkuran hartuko du ofizialki. Alkatetza utzi duena, alkatetza hartuko duenaz aritu da: «Ondo ezagutzen du herria, laguntza beharko du, sinistu bere eginkizunean, badaki ni beti alboan izango nauela».
Ekitaldi jendetsua
Behin bilkura amaituta, udaletxeko ikus-entzunezko gelan Legarrari esker ona adierazteko ekitaldia egin dute. Sorpresa izan da alkate ohiarentzat. Amaia Agirrek sei kopla kantatu dizkio, tartean hau: «Hamalau urtez alkate, askatasun eta kate, zure eskutik joango gara, askatzen gaituzun arte; Herritik, herriarentzat, nola borobildu ertzak, eskerrik asko betetzearren herrikideon ametsak».
Bata bestearen atzetik hainbat lagunek hartu dute hitza ondoren. Udal langileek helarazitako mezua luzatu du Agirrek berak: «Pertsona bezala zintzoa zarela azpimarratu dute eta zure langile izaera eta herrigintzarekiko inplikazioa goraipatu ere bai. Zurekin lankidetzan aritzea oso samurra izateaz gain, zurekin asko ikasi dutela nabarmendu dute».
Urte hauetan guztietan eskuz esku Legarrarekin lanean aritu diren zinegotzien izenean hitz egin dute Ramon Aiertzak eta Pili Iturbek. Oroigarri bat eman diote eta bi kopla kantatu, tartean hau: «Hamalau urtez jo eta su, eredu izan zara zu, bidelagun alkate gisa, harro dago Asteasu». Herriko eskolaren izenean, berriz, Arantza Etxeberria zuzendariak eta Onintza Elduaien zuzendari ohiak hitz egin dute: «Pertsona hurbila zara, entzuten dakizuna, laguntzen dakizuna, arduratzen dena. Horregatik sentitu zaitugu gertu, gure behar eta ezinak entzunez, unerik zailenetan ere eskola laguntzeko prest. Zurekin ikasi dugu jendearen egotea dela gobernatzea, euren pozak eta penak partekatuz». Pello Errota eskolako umeek ere kantu bat eskaini nahi izan diote orain arte alkate izandakoari eta laugarren mailakoek, hain zuzen, Hertzainak taldearen Aitormena kantatu diote.
Legarraren aldamenean urteak eman dituen Migel Mari Izagirre brigadako langileak hitza hartu duen unea izan da hunkigarrienetako bat. Auzolanaren eta herri transmisioaren ikur dute Asteasun Izagirre eta estimu handian du orain arteko alkateak. Izagirrek ere hitz onak baino ez ditu izan Legarrarentzat: «Elkarrekin hainbeste urtean jardun gara lanean, langile fina izan zara, ona. Zazpi alkate ezagutu ditut, lehenengo emakumea, zaila izango da zure parera iristea. Herriko artzain izan zara, badakizu zein ardik erren egiten dizun, zein ardi den egoskor eta badakizu ederki asko nola erabili artaldea. Herriko makil fin hori utzi duzu, baina ez nuke nahi zuk artzain makila uztea».
Bernardo Atxaga idazlea ez da gaur Asteasun izan baina mezua utzi nahi izan dio bideo bidez orain arte alkate izan denari: «Nire aldetik eskerrak eman behar dizkizut, batez ere, Muskerraren Bidea gauzatu zenuelako eta geroago harrera gunea. Horrekin bermatu duzu nire izena beste 80 urtean bizirik egotea, Txirritak esan zuen bezala».
Jarraian eskualdeko alkate eta alkate ohiek hartu dute hitza. Inaki Irazabalbeitia Alkizakoak, Amaia Azkue Berastegiko alkate ohiak eta Gorka Murua egungo Irurakoak hitz egin dute. «Urte guzti hauetan Pili izan da eskualdeko irizpidea Tolosaldean zabaltzen lagundu duena, eskualde mailako proiektuak bultzatu dituena. Ezinbesteko lana egin du borondateak elkartzeko, ikuspegi ezberdinak leuntzeko, sesioak baretzeko eta itsasgarri lana egin du», nabarmendu du Irazabalbeitiak. Azkuek, aldiz, urteotan egin dituen ekarpenak zerrendatu ditu, udal politikan hain beharrezkoak diren zehar-lerroetan, bereziki: parte hartzean, feminismoan, berdintasunean... «Erronkak dira, ikusteko zailak, garatzeko bide luzea dutenak, baina gizarte osasuntsu batean bizitzeko ezinbestekoak», esan du Azkuek. Irurako alkateak, berriz, formetan emakume «elegante» bezala definitu du Legarra eta, aldi berean esan du indartsua dela ideia eta erabakietan. «Entzule fina da, entzuteko prest egon da beti. Udal politikagintzan testosterona gutxiago erabiltzen erakutsi digu, eta bere aldamenean ikasi dugu arrazoia ez dela dezibelioetan neurtzen. Maitasunetik eta pasiotik aritu da eta eskertuta gaude».
Justizian, berdintasunean eta tolerantzian oinarritzen den elkarbizitza baketsurako baloreak sustatzen jardun du Legarrak alkatetzan eta balore horiekin aritzen dira lanean, nazioartean, Euskal Fondoko kideak. Juanma Balerdi lizartzarrak, Euskal Fondoko zuzendariak eskerrak eman dizkio alkate ohiari urteotan egindako lanagatik: «Gidari izan da guretzat Pili, bidea erakutsi digu bere alkate makilarekin. Elkartasunaren erregaia hunkidura da eta hunkitzen garen pertsonak, hunkitzen den herri bat ordezkatzen dugu. Agintaritza demokratikoa, parte hartzailea, emakumeen ahalduntzea... horiek gure eguneroko jardunerako eredu dira eta berak erakutsi digu bidea».
Ekitaldia Porrotxen parte hartzearekin amaitu da. Irteeran, udaletxeko atarian, Zizurkil, Amasa-Villabona eta Adunako alkateek agurra dantzatu diote Legarrari eta, ondoren, mokadutxoa jateko aukera izan dute guztiek elkarrekin.
«Edozertarako hemen izango nauzue. Elkartu zaitezte eta elkar zaindu ezazue. Muxu bat denontzat». Pili Legarraren azkeneko hitzak izan dira alkate bezala.