ELKARRIZKETA

«Elkartzea erreminta indartsua izan daiteke datozkigun garaietarako»

Jon Miranda Labaien 2024ko urr. 31a, 16:00

Leire Olano eta Iker Epelde Aste hau - The Week proiektuan dabiltza boluntario gisa. Asteasun aritu dira hiru eguneko prozesua gidatzen.

Gure planeta zaintzeko hondar alea jartzeko motibazioa dute Leire Olanok (Asteasu, 1995) eta Iker Epeldek (Tolosa, 1992). Aste hau - The Week proiektua Gipuzkoara ekartzeko eta materialak euskaratzeko lana hartu dute eta ekimena Gipuzkoan zabaltzen ari dira, oraingoz, lau udaletan.

Nola izan zenuten zuek Aste hau - The Week proiektuaren berri?

Leire Olano. Gipuzkoan proiektuaren koordinatzailea den Verena Hammes unibertsitatean nenbilela ezagutu nuen. Kutxa Fundazioaren Gazte Ekoliderrak programan aritu izan naiz lanean eta, han ere, kointziditu nuen berekin lidergo kontzientearen inguruko saio batean. Gero Impact Hub kooperatibatik ere ezagutzen dut.

Iker Epelde. Mundu mailako kooperatiba da Impact Hub eta Donostian Tabakaleran du egoitza. Han aritzen da Verena eta bertan antolatu zuen Aste hau - The Week proiektuaren inguruko bilera bat. Leirek eta biok bileran parte hartu genuen eta animatu ginen boluntario bezala ekimen hau zabaltzera.

Boluntario gisa zein izan da zuen egitekoa orain arte?

Epelde. Berez, Theweek.ooo webgunean baliabide guztiak interesa dutenen eskura jartzen dituzte, baina, hori bai, ingelesez. Proiektuaren sortzaileek komunitatean zabaltzeko erraztasun guztiak ematen dituzte, baita norbere hizkuntzara moldatzeko ere. Guk saioetan eskaintzen diren ikus-entzunezkoetarako euskarazko azpitituluak sortu ditugu.

Zergatik abiatu duzue ekimena lau udaletan?

Olano. Programa hau hainbat eremutan jarri daiteke martxan: lantokietan, ikastetxeetan, auzoetan edota familietan, adibidez. Gure hasierako asmoa ahalik eta gehien zabaltzea zen, oso hausnarketa interesgarriak egiten direla uste dugulako. Nonbaitetik hasi behar, eta eraldaketa bultzatzen duten pertsonak gaur egun non dauden galdetu genion geure buruari. Udalak etorri zitzaizkigun gogora, pentsatzen dugulako eraldaketa bat abiatzeko gune izan daitezkeela. Eusko Jaurlaritzaren laguntza bat jaso dugu udal jakin batzuetan programa probatzeko.

Zer nolako prestutasuna du jendeak larrialdi klimatikoaz hitz egiteko?

Olano. Konturatzen naiz ez dela erraza elkarrizketa sozial bat edukitzea gai hauen inguruan. Ez dakit oso ondo zergatik. Informazio bonbardaketa handi bat dugu, estimulazio ugari ditugu eta teknologiarekiko menpekotasunak kolapso egoera batera garamatza. Prozesu honek niri balio izan dit barruan aldaketa sentitzeko eta distantzia batekin egoerari begiratzeko. Zein bizi erritmo darabilgu? Nola elikatzen gara? Nola mugitu? 

Epelde. Bai. Ikusten dut gizarte  bezala falta dela elkarrizketak sortzea, gai guztietan, eta baita larrialdi klimatikoaz hitz egiteko ere. Anestesiatuta gaude eta eztabaidaren kultura falta zaigu. Gune berean elkarrekin bizi daitezke askotariko iritziak. 

Zeintzuk dira larrialdi klimatikoaren aurrean dauzkagun erronka nagusiak?

Epelde. Geroz eta gizarte indibidualagoan bizi gara eta hori traba handia da erronka ekosozialei aurre egiteko. Uste dut norberaren kezka eta beldurretatik abiatu eta komunean jarri behar ditugula gogoetak. Elkartzea erreminta garrantzitsua izan daiteke datozen garaietarako.

Asteasun, adibidez, zer sumatu duzue parte hartzaileen artean?

Olano. Esku zabalik hartu dute proposamena eta motibazio handia erakutsi dute. Oso prozesu aberatsa izan dela esan digute. Gai hauek beste toki batetik begiratzeko gogoa sumatu zaie  gerturatu direnei.

Prozesu hauek balio dute neurri zehatzak adosteko?

Epelde. Helburua ez da denak pentsamendu berdinetara iristea edo gako batzuk zehaztea. Gure baitan, eta komunitatean, gai hauei toki bat egitean datza kontuak.

Zein dei luzatuko zenukete Tolosaldeko herritarren artean?

Olano. Esango nieke animatzeko. Kontua ez da, telesail bat ikusten dugunean bezala, horren inguruko solasaldi pasibo bat izatea, baizik eta aktiboki parte hartzea. Hortik sortzen diren elkarrizketek, derrigor, beste toki batean kokatzen gaituzte, erronkei aurre egiteko beste jarrera batekin. Hori lortu nahi dugu proiektuarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!