Klima larrialdiak dakarren erronkari bultzada kolektiboarekin egin diote aurre Asteasun. Hiru egunez elkarrizketa sakonak bultzatu dituzte Aste hau - The Week proiektuaren barruan eta krisi ekosozialari ikuspegi arrazional eta emozionaletik heldu diote.
Helene Gerinek eta Frederic Laloux belgiarrek pandemia garaian sortu zuten Aste hau - The Week irabazi asmorik gabeko proiektua. Ordutik 6.000 saio inguru egin dituzte eta 50.000 parte hartzaile baino gehiago gonbidatu.
Verena Hammes prozesu eraldatzaileetarako aholkulariaren eskutik iritsi da ekimena orain Gipuzkoara. Bere inguruan bildutako boluntario taldeak prozesua martxan jartzeko baliabideak euskaratu ditu eta Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza bat jasota, hainbat erakundetan gauzatzen ari dira orain. Asteasurekin batera, Seguran eta Donostian –Cristina Enea fundazioan eta udalean– gauzatuko dituzte prozesuak.
Komunitatetik ekitea
Askotariko helburuak ditu prozesuak: ingurumen krisiaren puzzle osoa ikustea; eko-antsietatearen aurrean elkar babesa sortzea; beldur eta kezkak elkarbanatzea; mundu jasangarri baten alde ekarpena egiteko talde kohesionatu bat aktibatzea; eta aldaketak sustatzea. Aste hau - The Week proiektuan dabiltzan boluntarioek antolakuntzarako laguntza, babes teknikoa eta saioen dinamizatzea eskaintzen dute. Asteasun Leire Olano eta Iker Epelde aritu dira prozesua gidatzen.
Zortzi lagunek parte hartu dute hiru egunetan gauzatu den dinamikan eta gehienak udal taldeko kideak izan dira. Pare bat orduko saioak izan dira, eta larrialdi klimatikoa modu transbertsalean erakusten duten ordubeteko dokumental bana ikusi ondoren, parte hartzaileek elkarrizketa sakona izan dute. U itxura duen bidaia gisa planteatu dute bultzatzaileek hiru eguneko jarduna: arazoaren irismenaren jakitun egin dira lehen saioan; egoeraren jatorriaz kontzientzia hartu dute bigarrenean; eta esku-hartzeko motibazioaz gogoeta egin dute azkenekoan.
Aurretik klima larrialdiarekin oso konprometituta egon ez eta prozesu hau bizi izan dutenen %80k esan du bere burua konfiantza handiagoarekin sentitzen duela erronka ekosozialei aurre egiteko. Proiektuaren bultzatzaileek jendea animatu dute prozesu hauek martxan jartzera, orain hainbat udaletan egin duten bezala. Informazio guztia Theweek.ooo webgunean topatuko dute interesatuek.