Asteasuko jaiak 2024

Indarkeria matxistarik gabeko festak nahi dituzte Asteasun

Ataria 2024ko eka. 26a, 15:31

Iturria: Aiurri

Bihar hasiko dituzten San Pedro jaietan indarkeria matxistari aurre egiteko neurriak eta protokoloa izango ditu Asteasuk, urtero bezala. 24 orduz martxan egongo den zenbakia izango dute eta protokoloa etxe guztietara zabaldu dute helburu bakarrarekin: herritar guztiek hartu dezatela indarkeria matxistarik gabeko Asteasu egiteko ardura.

«Zoritxarrez, gure herrietan, indarkeria matxista eguneroko gaia da. Askotan isilpean pasatzen bada ere, jakin  badakigu, indarkeria jasaten dugula, emakume izateagatik, heterosexualak edo CIS pertsonak ez izateagatik, azken finean, arau heterosexualak finkatzen dituen sumisio roletatik ateratzeko ausardia duten guztiak. Gainera, azken garai hauetan, indarkeria hau harro aldarrikatzera ere iritsi dira batzuk, eta honek benetan kezkatzen gaitu, hainbatek gutxietsi edo justifikatu ere egiten baitute indarkeria matxista«, esan du Pili Legarra Asteasuko alkateak gaur, bihar hasiko diren jaietan indarkeria matxistari aurre egiteko prestatu duten protokoloaren aurkezpenean. «Egunero gertatzen diren eraso eta jazarpen hauek, festen testuinguruan are nabarmenagoak bihurtzen dira. Kontaezinak dira, gure herrietako jaietan, neska gazteek zein emakumeek jasan behar izaten dituzten egoera deserosoak, jazarpenak, ukituak, komentarioak, edo kontu larriagoak. Eta berdin, hetero arautik ateratzen diren pertsonak, aurreko astean Errezilen gertatu zen bezala», gaineratu du.

Indarkeriari aurre egiteko neurriak hartu ditu Asteasuk eta konpromiso horren emaitza da gaur aurkeztu dituzten neurriak. Malen Maiz gazte ekintzetako antolatzaileak esan duenez 2019an hasi zinen Erratztuz taldearen eskutik San Pedro jaietan esku hartzen, eta indarkeria matxistari aurre egiteko protokoloa orduan abiarazi zuten. «Geroztik urtez urte herriko eragile eta norbanakoak elkarlanean lan horretan urrats berriak ematen aritu gara. Aurten ere, Asteasuko emakume taldearekin, txosna herrikoiaren bultzadarekin eta herriko neska gazte batzuen inplikazioarekin hainbat neurri zehatz hartu ditugu, indarkeria matxistarik gabeko festak izan daitezen», zehaztu du.  

Neurriak

Asier Baglietto teknikariak gehitu du herritar guztiek ardura hartzea eta prebentzioan indarra jartzea izan dituztela jomugan, Asteasu gune segurua izan dadin eta erosoren bat egonez gero biktima bakarrik ez dela egongo jakin dezan. 24 orduz martxan egongo den telefono bat jarri dute ( 682 506 153 ) eta aurreko urteetako protokoloa festetako programan txertatu dute, herri guztiko buzoian egon dadin eta herritar guztiek jakin dezaten indarkeria matxista egoera bat bizi edo ikusiz gero zer egin behar duten. Protokoloaren bertsio labur bat ere egin dute eta festa gune osoan jarriko dute. Era berean, gaur arratsaldean tabernariekin bilduko dira euren ardurapeko gunean erasoren bat gertatuz gero zer egin behar duten jakin dezaten, eta txosnan lanean ariko direnekin ere gauza bera egin dute. «Ni ere prest leloa duen txapa egin genuen iaz. Aurten ez ditugu txapa gehiago banatuko, baina txapa etxean duten herritarrei jarri dezatela eskatzen diegu. Txapak jartzea ardura hartzea dakar».

Gune ilunei buruz esan dute identifikatutako guneak argitu dituztela eta herritarrei gune ilunen bat topatuz gero esateko eskatzen diete. Herria morez jantzi dutela gehitu du Maizek. Aurreko urteetako lanketarekin jarraitzen dutela esan du Bagliettok eta udazkenean herriko emakumeekin autodefentsa lantzeko asmoa dutela aurreratu du.

Pregoia

Bihar hasiko dituzte jaiak eta LGTBI kolektiboko kideek botako dute pregoia. Euren eskubideak aldarrikatzearekin batera, ikusarazi nahi dute oraindik identitate, genero eta sexu askatasuna ez dela errealitate bat. «Aurten, udalak eta jai batzordeak Herriko Lesbiana, Gay, Transexual, Bisexual, eta finean, CIS hetero arautik kanpo dauden pertsonei eskaini nahi izan diegu aurtengo pregoia botatzeko aukera eta, modu horretan, plazaren erdigunea hartu, eta herritar guztiei haien mezua zuzentzeko aukera eman», esan du Amaia Agirre Zinegotziak. Gehitu du Tolosaldeko mugimendu feministak abiatu eta bultzatutako Nik sinisten dizut kanpainarekin bat egiten duela Asteasuk eta Tolosako Osteopataren kasuaren biktimak izan diren emakumeei elkartasuna adierazteko aukera ere egongo dela jaietan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!