Elkarrizketa

«Faltan botatzen dut pixka bat frontoian jokatzea»

Imanol Garcia Landa 2024ko eka. 12a, 11:59

Txomin Zinkunegi eta Xabier Urbieta, 2006ko Hitza PIlota Txapelketan. N. URBIZU

Takoekin jokatzeari utzi dion arren, oraindik pilotan aritzen da Xabier Urbieta (Asteasu, 1992). Hitza Pilota Txapelketan bi finaletara iritsi zen, Txomin Zinkunegirekin, eta biak galdu zituen: 2006an Olano eta Jaunarenaren aurka, eta 2009an Ezkurdia eta Lukinen aurka.

2006ko Hitza Pilota Txapelketan, Zinkunegirekin azaltzen zaren argazkia ikustean, zer etorri zaizu burura?

Zinkunegirekin partida pila bat jokatu nituela. Oso harreman ona geneukan. Gipuzkoako Federazioak egiten zituen teknifikazio saioetan elkar ezagutu genuen. Gero, Alkizako pilota eskolan elkarrekin aritzen ginen. 18 urte bitarte elkarrekin aritu ginen jokatzen; gero bera eskuetako minarekin hasi zen eta utzi egin behar izan zuen pilota.

Eta 2006ko finala nola duzu gogoan?

Jaunarenak bakarrik bioi irabazi zigun. Sekulako kolpea zuen, eta ezker eta eskuin errebotera botatzen zuen pilota. Albizturren jokatu genuen final hura, eta hurrengo urtean beste txapelketa batean Beotibarren jokatu genuen eta orduan irabazi egin genion; frontoia luzeagoa denez, errebotera ez zen iristen.

2009ko finala gogoan duzu?

Galdu egin genuela bai, baina ez daukat garbi nola izan zen finala. Azkenean hainbat partida jokatu genituen, eta guztiez ez naiz gogoratzen.

Orokorrean nola duzu gogoan Hitza Pilota Txapelketa?

Guk oso gustura jokatzen genuen txapelketa zen. Oso gertukoa zen, eta ezagun gehienek jokatzen genuen. Inguruko herrietan jokatzen zen, eta oroitzapen oso politak ditut.

Gerora entrenatzaile moduan aritu zinen?

Aritu nintzen bere garaian, baina 25 urte ingururekin utzi egin behar izan nuen: Asteasun, Aurrera Saiazen, eta Zizurkilgo Herrigunean aritu nintzen. Peña eta Ugartemendia lehengusua entrenatu nituen, adibidez.

Nola ikusten dituzu Ataria Pilota Topaketa bezalako egitasmoak?

Uste dut oso beharrezkoak direla, adibidez gazteen ilusioa mantentzeko. Orain ez dut loturarik pilotari gaztetxoekin, baina irudipena dut nire garaian ilusio edo gogo gehiagorekin bizitzen zela pilota.

Zer aholku emango zenizkieke gaur egun pilotariei?

Ahal duten gehien gozatzeko, eta aprobetxatu dezatela ahal den jende eta herri gehienak ezagutzeko. Eta, noski, pilotan jokatzen jarraitzeko.

Takoekin jokatzen noiz arte aritu zara?

Aurreko urtera arte. Gipuzkoako Txapelketa jokatu nuen iaz. Gehienbat eskuetako arazoengatik, eta materialak ere aldaketa batzuk izan ditu eta ez zaizkit ondo joan. Lana ere erreleboka egiten dudanez, entrenatzeko nahiko arazorekin ibiltzen naiz. Urte asko pasa ditugu, tartean Garfe enpresan zortzi urtez. Ez naiz damutzen egindakoaz, oso gustura nago, baina bai pixka bat faltan botatzen dudala frontoian jokatzea. Egun joko zuzenean aritzen naiz, paxakan eta bote luzean, eta hor ere oso gustura sentitzen naiz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!