LGTBIQ+ kolektiboari proposatuko zaio festetako pregoia botatzea

Ataria 2024ko ekainaren 6a

Elkargune bat sortu eta partekatu nahi den mezuaz hitz egiteko, deialdi bat zabaldu du udalak ekainaren 13an, 19:00etan, kultur etxean.

Asteasuko Udalak urtero herriko talde edo pertsona bati eskaintzen dio festetako pregoia botatzea. Pertsona, kolektibo edo gai horri «oihartzuna eta errekonozimendua» ematea izaten da udalaren asmoa, eta horregatik proposatu du aurtengo festetako pregoia herriko LGTBIQ+ kolektiboko pertsonei eskaintzea.

«Herri txikia izanagatik, herritar asko dira euren burua zis edota hetero sentitzen ez duten, edo horrela adierazten ez direnak, nahiz eta beti ez den erosoa eta segurua izaten», adierazi dute udaletik. Asteasu bezalako herri batean lesbiana, bisexuala, transexuala, maritxua, asexuala, intersexuala edo querra izatea nola bizi den partekatzeko tarte bat zabaldu nahi du udalak eta elkargune bat sortu. «Elkarrekin pentsa dezagun zer den herriari transmititu nahi zaiona».

Horretarako deialdi bat zabaldu dute, ekainaren 13an, 19:00etan kultur etxean. Egun berean, 16:00etatik 19:00etara Zarata erakusketa izango da ikusgai kultur etxean. Hodei Arrastoak zuzendutako proiektu honek LGTBIQ+ kolektiboaren inguruan kontzientzia sortzea du helburu eta 40 minutuko ibilbidean zehar kolektiboaren parte izan diren hamar euskal artisten ahotsak entzuten dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!