ELKARRIZKETA

«Entzulea interpelatzeko pentsatuta daude emanaldiko testuak»

Jon Miranda Labaien 2023ko eka. 21a, 07:58

Hodei Arrastoak Villabonako Aljibean eskainiko du gaur 'Zarata' izeneko emanaldia; Amasa-Villabonan saio honekin abiatuko dute Harrotasun Astea.

Iaz estreinatu ondoren, aurtengo ekainean herri ezberdinetan eskainiko du Hodei Arrastoa Mendizabalek (Zizurkil,1995) Zarata izeneko emanaldia. Gaur, 17:00etatik 21:00etara, Villabonako Aljibean eta ekainaren 30ean Andoaingo Bastero kulturgunean eskainiko du. QRak deskargatu eta 10 audio entzuteko aukera izango dute ikusleek. Norberak bere entzungailuak eramateko gomendioa luzatu du aktore eta sortzaileak.

 

Harrotasunaren hilabetean Tolosaldean behar bezainbeste ekitaldi antolatzen direla iruditzen zaizu?

Kolektiboaren inguruan bospasei ekitaldi antolatzen dira eskualdean. Beste leku batzuetan hilabete osoko ekitaldiak antolatzen dira eta hemen, Tolosaldean, berriz, ez da antolatzen ezta ekitaldi bat herri bakoitzeko ere. Uste dut esanguratsua dela eta hausnartzeko modukoa. Irudikatu dezagun Martxoaren 8aren bueltan Tolosaldean ekitaldi gutxi batzuk baino ez direla antolatzen. Erraz jartzen dugu gero ortzadarraren ikurra paparrean.

 

Sumatzen al duzu 'pinkwashing'-a egiteko baliatzen direla ekitaldi hauek?

Ortzadarraren bandera eraikin publikoetatik zintzilikatzea ez zait iruditzen gaizki dagoenik. Ikusgaitasuna ematen dio LGTBIQ+ kolektiboari. Sinbolo bat da eta sinboloak garrantzitsua dira. Gainera, kolektiboko kideek ikur hori tokiren batean ikusten badute, badakite gune hori beraientzako segurua dela. Horretarako ere baliagarria da. Ni, dena den, ez naiz bandera zalea. Uste dut intentzio onarekin gauza asko gaizki egiten direla eta gizarte bezala arreta jarri behar diogula kontu honi.

 

Nola eman buelta egoerari?

Uste dut azken urteetan feminismoak mahai gainean jarri duela emakumeen eskubideen gaia eta auzi sozial bihurtu dela. Berdina egin beharko litzateke LGTBIQ+ kolektiboaren eskubideekin ere eta erdigunera ekarri beharko genukeela gaia. Oraindik klixe asko daude eta jendartean ezezagutza dezentekoa da. Nik oraindik ere kalean entzuten dut 'marikoi' hitza iseka bezala. Nola da posible?

 

Aktibista sentitzen al zara?

Ez da nire borondatea eta nagi pixka bat ere ematen dit aktibismoak. Nire existentzia arazo bat izan daitekeen momentu beretik, nahi gabe ere izango naiz aktibista. Taberna batean beste mutil batekin dantzan ibili eta jendea parrez sumatu izan dut, hemen, Zizurkilen bertan. Modu batera jantzita joateagatik ere jendea begira geratzen zaizu. Nik ez dut borroka batean bizi nahi. Baina nola egiten diozu aurre guzti horri? Nik Zarata audiogida sortu dut horretarako. Testuetan badago haserrea. Iruditzen zait haserrea sozialki gaizki ikusia dagoela eta niri haserreak asko mugiarazten nau. Iruditzen zait indar handia duela.

 

Zuk zein helbururekin antolatu zenuen iaz 'Zarata' emanaldia?

Ez dut sentitzen sorkuntza lan hau modu aktibista batean egin dudanik. Gai hau mahai gainean jarri nahi nuen, bai, inporta zaidalako, baina sormen lan handia hartu dut ikuskizuna muntatzeko. Ez dut lotsarik esateko bizimodua atera behar eta dirua irabazteko sortu nuela emanaldia. Ez dut errudun sentitu behar kobratu nahi dudala esateagatik. Nire sektorea kulturarena da eta hortik bizi nahi dut. Propio antzerki lan bat egin nuen alde batetik bestera erraz mugitu zitekeena, erantzukizuna nire gain hartuz.

 

Saiatzen zara ezjakintasunari argia jartzen 'Zarata' audiogidarekin?

Emanaldiko pasarteek balio dute horretarako ere. 10 testu dira, audio gisara emandakoak eta audio bakoitza laguntzen euskarri ezberdin bat jarri dut. Nik prestatutakoak dira testuak eta gero aktore ezberdinek interpretatzen dituzte. Horietako batean, adibidez, galderak egiten dira. Indartsua da audio hori, errepikakorra, galderez josten baitute entzulea. Ebidentzian utzi nahi nuen pasarte honetan gaiari buruz dakigun gutxia, izan kolektibokoa edo ez. Ez dakigu ia ezer, ez terminologiaz, ez historiaz, ez gaiari buruz. Interpelatu egiten gaituen emanaldi bat da, eta Zarata sortuta azaldu nahi nuen, irekita egonez gero, mundu oso bat zabaltzen zaigula ikasten jarraitzeko.

 

Kontzientziak astintzeko sortu zenuen emanaldia?

Astintzeak ez du zertan negatiboa izan behar. Gustatzen zait jendea xaxatzea, baina emanaldi hau ez nuen bereziki helburu horrekin sortu. Nik jendeari esan nahi diot kolektiboaren barruan bizipen hauek egon badaudela, eta nahi izatera, haiekin enpatizatzeko aukera dutela. Testu bakoitzak formatu ezberdina du eta batzuk bizipenetan oinarritutakoak dira. Herri txiki batean edo hiri handiago batean bizitzearen aldea lantzen dut audio horietako batean. Kasu horretan, noski, ni neu izan naiz inspirazio iturri, nahiz eta ez den guztia egiazkoa. Gustuko dut fikzioarekin jolastea. Badira errealitatea bere gordinean ematen duten pasarteak ere bai. Ezagutzen ditudan bi neska parke batean musukatzen ari zirela, gizonezko bat hankartea ukitzera nola hurbildu zitzaien kontatzen da beste audio batean. Testu poetikoagoak daude, besteak gordinagoak. Formatuetan dibertsitate hori lantzen saiatu naiz.

 

Zein jarrerarekin hartu behar da parte emanaldi honetan?

Uste dut formatuak berak eskatzen duela esperientzia indibiduala izatea. Entzulea inplikatzeko pentsatuta daude testuak. Eta feminismoaren kasuan, gizonezkoei entzutea dagokigula esaten zaigun bezala, kasu honetan ere isilik egotea dagokio entzuleari. Aditu eta zure barruarekin ariketa egin. Horixe gomendatuko nuke.

 

Orain arteko emanaldietan iritzi onak jaso dituzu?

Oso onak, oso hitz politak jaso ditut. Ibilbidearen bukaeran iritzia emateko aukera ematen diet parte hartzaileei eta kritika onak jaso ditut toki guztietan. Idatzi izan dute esanez triste bukatu dutela ibilbidea, errealitatea ikusita. Bitxia egin zait ikustea nola guraso batzuk gerturatu eta lasaituta sentitzen duten emanaldiaren ondoren. Parte batean, erreferenteak diren eta kolektiboko kide diren pertsonak ageri dira eta hori ikusita, lasai bezala geratzen dira gurasoak: 'aktore ezagun hau horraino iritsi bada, gure etxekoa ere iritsi daiteke arrakasta izatera, gay edo lesbiana izanagatik ere'. Erreferente positibo falta dagoela esan nahi du horrek.

 

Zeinentzako izan daiteke interesgarria audiogida hau?

Edozeinentzat. Audioetako batean esplizituki sexuaz hitz egiten da. Horregatik abisua pasatzen dut, nola entzuten diren 18 urtetik gorakoentzako audioak bertan. Baina, gero, guraso edo arduradunek ikusiko dute aproposa ote den hortik beherako gazteentzat. Bestela publiko helduarentzat aproposa dela esango nuke.

 

Zizurkilgo Plazida Otaño liburutegian ere arituko zara ekainaren 29an ipuin bat kontatzen.

Bai, Amaia Irazabalek eta biok Plazida Otaño liburutegian Itsaslamina-isatsa ipuina kontatuko dugu eta ipuinaren aitzakian gerturatzen diren umeentzat tailer bat landuko dugu. Itsaslaminaren isatsarekin mozorrotu nahi duen mutil baten istorioa kontatzen da ipuinean eta hor sortzen diren erreakzioen inguruan lanketa egin nahi genuke umeekin. Atentzioa deitzea ere ez da batere gauza txarra eta hori aldarrikatuko dugu saio horretan.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!