ELKARRIZKETA

«El Salvadorreko zortzi udalerritan baino ez dira emakumeak alkate»

Jon Miranda Labaien 2024ko mai. 22a, 07:59

Pili Legarra Asteasuko alkate eta Basqueskolako kideak astebeteko bidaia egin du El Salvadorrera; emakume politikarien prestakuntza eta ahalduntzeaz aritu da han, besteak beste.

Nekatuta baina irakaspen ugarirekin itzuli da Pili Legarra (Asteasu, 1960) Euskal Herrira. El Salvadorren egindako bidaia beretzat esperientzia «hunkigarria» izan dela dio.

Zer moduzko esperientzia izan duzue El Salvadorren?

Indar handiko esperientzia izan da. Aukera eman digu beste errealitate bat ezagutzeko. El Salvadorreko emakumeak politika munduan ahalduntzea izan da ekimenaren helburua eta guk, gure xumean, gure esperientzia kontatu diegu. Bide bat egiten ari dira hango emakumeak eta oso interesgarria izan da hori bertatik bertara ikustea.

Zein errealitaterekin egin duzue topo han?

Egona nintzen Aiztondoko beste alkate batzuekin El Salvadorren, gurekin senidetutako herriak bisitatzen 2018an. Oraingo honetan errealitatea aldatuta sumatu dut. San Salvadorren ibiltzea seguruagoa da orain. Marekin duten arazoari heldu dio gobernu berriak eta 78.000 pertsona atxilotu ditu. Ikusi behar, gero, giza eskubideen aldetik begiratuta zein den benetako egoera. Denbora laburrean 262 udalerri izatetik 44 izatera pasa dira. Zentralizatuta dago boterea eta modu hierarkizatuan antolatua. Udal horietatik zortzitan baino ez dira emakumeak alkate.

Zein eragozpen dituzte emakumeek politika munduan sartzeko?

Oso zaila egiten zaie salto hori ematea. Aipatu ziguten zaila dela alderdi politikoek hautagai gisa emakumeak aukeratzea, eta are zailagoa oraindik, emakume bati hauteskunde kanpaina ordaintzea. Ia ezinezkoa dela esaten ziguten. Haiek bilatu behar dute bidea. Oztopo guztiak dituzte politikagintzan jarduteko, baina hala ere, bidea egiten ari dira. Horri balio handia eman behar zaio. Mundu globalizatu honetan leku batean gertatzen denak lorratza uzten du beste leku batean. Ziur nago momenturen batean El Salvadorreko emakumeek egingo dutela saltoa politikara.

Zer nolako azalpenak eman dizkiezue bertako emakume hautetsiei?

Basqueskolan dugun ibilbidea azaldu diegu. Hautetsi berriei egiten zaizkien harrera programak eta formazioaren arloan eskaintzen ditugun ekimenak aipatu genizkien. Esperientzien trukerako foroan, adibidez, indarkeria matxista aipatu zuten. El Salvadorren matxismoa oso errotuta dago. Han esan digute emakume politikariek indarkeria izugarria jasotzen dutela sare sozialetan. Ez dago alderaketa egiterik, baina distantziak distantzia, Basqueskolan martxan jarri dugun proiektu pilotu baten emaitzek erakusten digute indarkeria matxista klase hori Euskal Herrian egon badagoela.

Irakaspenik jaso al duzue handik?

Bai, asko gainera. Ilusio handiko jendea ezagutu dugu. Oso landuta daukate asoziazionismoa. Giza kapitala deitzen zaion hori daukate. Adibidez, han oso errotuta dago komunitatearen liderrak diren emakumeak. Elkarte edo emakumeen unitateak gidatzen dituzte, eta orain, beldur dira gobernu berriak babesa kenduko ote dien. Kezka sumatu dugu. Emakume indartsuak ezagutu ditugu, hizketarako jario izugarria dutenak, eta ez dut uste egoera zalantzagarri honetan atzerapausorik onartuko dutenik. Hor dute itxaropen puntua. Ilusioa eta indarra badute, gogoa ere bai, baina errekurtsoak falta dituzte. Gurean alderantzizkoa da joera. Errekurtsoak baditugu baina emakumeak inguratzeko geroz eta zailtasun gehiago dauzkagu. Erlaxatu egin garela dirudi, eta berdintasuna lortuta balego bezala jokatzen dugu. Eta ez da egia. Oraingo hau momentu arriskutsua da, hemen ere, atzera pausoak ematen hasteko.

Izango al du jarraipenik El Salvadorreko emakumeekin abiatutako lankidetzak?

Bai. Eusko Jaurlaritzako kooperazio agentziaren laguntzaz ehun emakumek jaso dute formazioa orain arte eta uztailean abiatuko dute bigarren txanda. Emankorra izaten ari da ekimena. Lankidetza honek jarraituko du aurrerantzean eta abendurako beste topaketa bat egiteko aukera aztertzen ari dira. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!