eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako, Emakundeko et EUDELeko ordezkaritza bat, Euskadiko Udalen Elkarteak eta Emakundek bultzatutako tokiko hautetsien sarearekin batera, El Salvadorren parte hartzen ari dira egunotan, udalerrietan lider diren emakume politikarien eta horien ahalduntzearen esperientzien truke batean. Emakumeak, parte-hartze politikoa eta boterea. El Salvadorren udal mailako berdintasunerako ibilbide bat eraikiz lankidetza teknikoko ekimen bat da, eta NBE Emakumeak, El Salvadorreko emakume erregidore, delegatu eta alkateen erakunde nazionalarekin (ANDRYSArekin) batera, bultzatutakoa da, eLankidetzaren babesarekin.
Euskal delegazioa honako ordezkariek osatzen dute: ‘Virginia Woolf Basqueskola’ sareko Pili Legarra Asteasuko alkateak eta Itziar Carrocer Santurtziko zinegotziak; eLankidetzako Noemí de la Fuente estrategia koordinatzaileak eta Maite Garmendia lankidetza teknikariak; María Sierrak eta Amagoia Arrieta Emakundeko berdintasun teknikariek; eta Eukene de Miguel EUDELeko berdintasun teknikariak. Emakundeko zuzendaria, Miren Elgarresta, ostegunean hasiko den foroan batuko da modu telematikoan.
Egun hauetan, euskal ordezkaritzak NBE Emakumeak El Salvador eta ANDRYSASekin batera lantegietan parte hartuko du. Gainera, topaketak izango dituzte herrialdeko emakumeen elkarteekin eta bilerak hainbat udalerritako agintariekin eta teknikariekin. Elkartruke horien bidez, Euskadiko eta El Salvadorreko udalerrien jardunbide egokiak gizarteratu nahi dira emakumeen eta gizonen berdintasunerako tokiko plangintzan, eragin politikoan eta emakume liderren eta politikarien prestakuntza prozesuetan.
Esperientzien trukerako foroa
Bisita bukatzeko, euskal ordezkariek San Salvadorren maiatzaren 17an eta 18an egingo den Esperientzien Trukerako Foroan parte hartuko dute.
Lehenengo egunean, emakumeen aurkako indarkeria politikoaren gaia jorratuko dute. Basqueskolatik, Santurtziko zinegotzi Itziar Carrocerak horiek detektatzeko eta prebenitzeko euskal esperientzia partekatuko du. Era berean, EUDELeko eta Emakundeko teknikariek tokitik eragin politikoa sustatzeko izandako esperientziei buruz hitz egingo dute.
Bigarren egunean, bertaratutakoek aukera izango dute entzuteko parte-hartze politikoa eta formakuntza sustatzen dituzten El Salvadorreko zein Euskadiko esperientziak. Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak telematikoki hitza hartuko du Euskadin emakumeen lidergo eraldatzaileak sustatzeko bultzatzen den lanari buruz aritzeko. Bestalde, Asteasuko alkateak, Pilar Legarrak, emakume politikarien prestakuntzari eta agenda publikoan eraginari buruzko ekimenak partekatuko ditu.
Emakume politikarien arteko lankidetza
eLankidetzak El Salvadorreko NBE Emakumeak-ekin harremana du 2012tik, erakundeari lehenengo diru laguntza eman zionean. 2017an eta 2023an beste bi diru laguntza eman ziren, betiere udal eremuan Berdintasuna eta Eusko Jaurlaritzaren eta El Salvadorren arteko lankidetza teknikoa sustatzeko helburuarekin. Salvadorreko udalerrietan proiektu espezifikoak garatzeaz gain, diruz lagundutako ekimenek Emakunderen eta EUDELen lankidetza izan dute. Horren harira, hainbat bilera egin dira Euskadin eta Amerika Erdiko herrialdean bi lurraldeetako teknikariekin eta politikariekin.
Basqueskolako euskal hautetsiek, Emakunderen eta EUDELen bultzadarekin, El Salvadorrekin lanean ai dira 2019tik, emakume politikarien beste sare batzuekin nazioartea aliantzak egiteko estrategiaren barruan. Zehazki, alkateen eta zinegotzien ahalduntzea eta eragina sustatzen ari da udalen agenda publikoan. Helburua da, berdintasuna zeharkako ardatz gisa kokatzea herritarrengandik hurbilen dauden politiketan, eta horrek udalerri berdintasunezkoagoetan eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabekoetan eragitea.