Asteasuko langile publikoak kalera atera dira

Leyre Carrasco 2024ko martxoaren 12a

ELA, LAB, CCOO, ESK, SATSE eta Steilas sindikatuek greba deitu dute gaurko eta Asteasuko langile publikoek bat egin dute horrekin. Goizean elkartu dira plazan, sektore publikoaren aldeko borrokan egingo dituzten urratsak herritarrekin batera irudikatzeko.

ELA, LAB, CCOO, ESK, SATSE eta Steilas sindikatuek grebara deitu dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langile publikoak. Eskualdean ere bat egin dute deialdiarekin eta herriz herri egin dituzte mobilizazioak. Esaterako, Asteasuko Udaleko zein herriko gainerako langile publikoek elkarretaratzea eta asanblada egin dituzte plazan. Bertan, aurretik galdutako erosteko ahalmena berreskuratzeko konpromisoa hartzea, pribatizazioei atea ixtea, enplegu publikoa sortzea eta kontsolidatzea, lan orduak murriztea eta lan kargak arintzea izan da, besteak beste, langile publikoek eskatu dutena.

Herritarrekin ere partekatu dituzte euren eskakizunak, «sektore publikoaren aldeko borrokan egin nahi genituzkeen hurrengo urratsak elkarrekin irudikatzeko». «Badakigu etsipenaren indarra handia dela egungo gizartean. Inguruko herrietan ere, jakin dugunez, antzeko gogoetak piztu dira langile publikoen asanbladetan. Gurea ekimen txikia da, talde txikia gara Asteasuko herritarrak eta udal langileak. Baina era berean, ez dugu etsipen hau gehiago elikatu nahi, eta gure esku dagoen horixe behintzat egin nahi dugu. Elkartu, kolektibo sentitu, eta gure inguruan borrokatzeko grina kutsatu».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!