'Txikia', Vicente eta Larrañagaren arteko lehia

Tolosaldeko Ataria 2023ko abe. 28a, 11:58

Urtea herri kirol jaialdi batekin agurtuko dute Asteasun, urteroko legez. Abenduaren 31n, Usarrabi pilotalekuan, Urrezko aizkolarien eta harri-jasotzaileen finalak jokatuko dira. Olaia Esnaolaren marka saiakera ikusteko aukera ere egongo da 17:00etan hasiko den jaialdian. Festa giroa, aldiz, Gesaltzako txarangak jarriko du. Musikariak egun guztian zehar Asteasuko kaleetan barrena ibiliko dira.

Ikusmin gehien une honetako hiru aizkolari onenen arteko lehiak piztu du. Julen Alberdi Txikia IV.a, Mikel Larrañaga eta Iker Vicente aurrez aurre izango dira Asteasun, igandean. Elkarren aurka lehian ikusteko aukera nahi baino txikiagoa denez, abenduaren 31koa hitzordu handi horietakoa bilakatu da herri kirol munduan.

Gazteen mailan, Binakako Aizkolari Koparen finala jokatuko da. Hiru bikote ariko dira txapelaren lehian: Igoin Pikabea-Unai Etxeberria; Isidro Velasco-Jokin Larrieta eta Jon Erdozia-Aritz Oiarbide.

Emakumeek ere binaka jokatuko dute finala. Kasu honetan bi bikoteren artean egongo da txapela. Nerea Arruti-Malen Barrenetxea eta Nerea Sorondo-Ane Zapirain iritsi dira 31ko finalera.

HARRI-JASOTZAILEAK

Binakako Harrijasotze Txapelketaren finala ere ez da nolanahikoa izango. Gizonezkoetan, Xabat Olaizola-Inhar Urruzuno, Mikel Lopetegi Urra-Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a eta Beñat Telleria-Gorka Etxeberria iritsi dira finalera. Emakumeen kasuan, txapelaren lehian egongo diren hiru bikoteak ondorengoak dira: Karmele Gisasola Zelai III.a-Aroa Sanchez, Ainitze Zumeta-Udane Ostolaza eta Maddi Gesalaga-Lierni Osa.

Herri kirol jaialdia borobiltzeko, Olaia Esnaola marka pertsonala egiten saiatuko da 125 kiloko harriarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!