Kirola eta elkartasuna uztartuko dituzte larunbatean Asteasun

Ataria 2023ko abenduaren 21a

Elkartasun Krosaren VIII. edizioan adin guztietako korrikalariek izango dute parte hartzeko aukera.

Urte Zaharreko lasterketak prestatzeko aukera bikaina izango da larunbatean Asteasun. Zizurkilgo Gau Krosaren ondoren, Asteasuko Elkartasun Krosa izango da abenduaren 23an, arratsaldez. Jubenil eta helduek sei kilometroko ibilbide laua izango dute aurretik, herrian barrena. Txikienek ere euren lasterketa edukiko dute, adinaren araberako distantzian.

Horrez gain, elkartasun itzulia egingo dute lasterketen tartean. Nahi duenak ibilbidea oinez egiteko aukera izango du, hau da, bi kilometroko itzulia eman ahalko du dortsal eta guzti.

Izen ematea 15:30ean zabalduko dute, eta bertan biltzen duten dirua El Salvadorreko Segundo Montes komunitatera bideratuko dute. Haurrek 2 euro jarriko dute dortsala jasotzerako unean, eta helduek bost. Lasterketak 16:00etan hasiko dira. Txikienena, lehenengoa, 500 metrokoa izango da eta hasiera batean korrikalari guztiak neutralizaturik joango dira. Amaieran utziko zaie barruan duten guztia ematen.

ELKARTASUNA GARAILE

Pello Izagirre antolatzaile taldeko kidea da. Asteasuarrak elkartasun lasterketaren xehetasunak azaldu ditu. Lehena datari buruzkoa izan da: «Normalean Elkartasun Krosa beranduago izaten da, urte berriaren bueltan edo baita beranduago ere. Aurtengoan, ordea, data aurreratzea erabaki dugu».

Izaera herrikoia duen lasterketa da Asteasukoa. Izagirrek ezaugarri hori nabarmendu du: «Herriko eta inguruko jendeak parte hartzen du. 100 korrikalari inguru izaten dira. Hala eta guztiz ere, gure helburua ahalik eta jende gehien elkartzea da, elkartasun krosa baita. Bertan biltzen den laguntza asko estimatzen dute Segundo Montes komunitatean».

Asteasun bildutako dirua El Salvadorrera bideratzen dute, bertako hainbat proiektutara. Senideturik dauden bi herri izanik, amerikarrek harreman estua dute Aiztondo bailarako herritarrekin. Pello Izagirreren esanetan, Asteasuko lasterketaren berri badute Segundo Montesen, eta oso eskerturik agertzen dira.

Antolatzaile taldeak herritarren eta boluntarioen lana eskertu du, egun horretan eurekin batera egiten duten lanagatik. Parte hartzaileentzat, berriz, lasterketen ondoren mokadutxo bat egongo dela esan dute. Finean, kirola eta elkartasuna jai giroan uztartu nahi dituzte larunbat honetan Asteasun.

EGITARAUA

Abenduak 23, larunbata

15:30-16:15. Izen ematea.

16:00. 2014 ondoren jaiotakoen lasterketa. 500 metroko ibilbidea.

16:10. 2010-2013 bitartekoen lasterketa, 2 km-ko ibilbidean.

16:15. Itzuli solidarioa.

16:30. Kadeteen lasterketa, 4km; jubenilak eta seniorrak 6 km.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!