Saio dotorea, egun dotorean

Josu Artutxa Dorronsoro 2023ko ekainaren 29a

Asteasuko San Pedro jaien egun handia ospatzen ari dira gaur. Eguerdian, jendetza bildu da Elizmendi auzoko San Pedro eliza atarian, herriko dantzarien dantza-soka ikusteko.

Atzoko parrandaren ajearekin batzuk, dantzarako gogoz besteak, baina herritar gehienak dotore jantzita. Horrela elkartu dira gaur asteasuarrak Elizmendi auzoko San Pedro elizaren atarian. Dianaren eta meza nagusiaren ondoren, alkate soinua joz, txistulariekin batera ohiko ibilbidea egin dute udal gobernuko ordezkariek. Ondoren, dantza-sokaren txanda heldu da.

Urteroko zita da bertan San Pedro egunez egiten den dantza saioa, inork galdu nahi izaten ez duena. Gaur ere jendetza bildu da dantzarien saioa ikusteko. Emanaldi bikaina izan da, maila altuko dantzariekin, eta Elene Zeberio aurreskuaren eta Beñat Beobide atzeskuaren saio dotoreekin.

Behin dantza saioa amaituta, indarrak berreskuratzeko unea heldu da, eta eliza atarian hamaiketakoa jarri dute, edonoren eskura. Bien bitartean, pilota eskolako alebin eta benjaminen finalak jokatu dituzte eliza atzeko frontoian.

  • Arratsalderako egitaraua:
    • 18:00. Kalejira: Herriko trikitilariak, txistulariak, koroa, buruhandiak eta erraldoiak.
    • 22:30. Bertso saioa: Sustrai Colina, Nerea Ibarzabal, Alaia Martin eta Unai Mendizabal. Gai- jartzailea: Igotz Alkorta.
    • Ondoren. Erromeria Laiotz taldearekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!