Sorginaren jaitsierarekin hasi dituzte festak Asteasun

Leyre Carrasco 2023ko eka. 29a, 11:00

San Pedro jaiak abiatu dituzte Asteasun, eta igandera arte izango da zertaz gozatu. Atzo jaurti zuten txupinazoa, Mundu Bat Asteasuko kideen eskutik. Ondoren buruhandi eta erraldoiak ibili ziren kalean zehar.

Asteasuko plazara herritar ugari gerturatu ziren atzokoan, San Pedro jaiei hasiera emateko asmoz. Eta halaxe egin zuten, giro ederrean. Sorginaren jaitsierak eman zion txupinazo ekitaldiari hasiera. Sorgina udaletxeko balkoira iritsi zenean, herritarrak agurtu eta deialdia ere egin zien: «Festak hasi eta bukatu arte, denen ardura da festa hauek ondo ateratzea. Gutako bakoitzaren ekarpen eta keinu txikiek egiten dute festa handia».

Era berean, festak denentzat gozagarri eta seguruak izan behar dutela azpimarratu zuen, «eta hortan ere gutako bakoitzaren jarrera oso garrantzitsua da. Ez onartu inolako erasorik eta norbait deseroso edo laguntza behar duela somatzen baduzue zer behar duen galdetu eta laguntza eskaini».

Mundu osoko 27 bidelagun dituzte gaur egun Asteasun, eta horien izenean hitz egin zuten aurtengo pregoilari eta Mundu Bat Asteasuko kide diren Patricia Calderon eta Javi Aguiarrek. Esker hitzak izan zituzten herritarrentzat, udalarentzat eta Xiri-miri kultur elkartearentzat «ia etxean bezala sentiarazteagatik eta komunitate honen parte izaten».

Suziria lehertuta, gozokiak bota zituzten udaletxeko balkoitik. Kalejiran ere ibili ziren herrian zehar, buruhandi, erraldoi eta herriko txistulariekin batera. Iluntzean, herri afaria ere izan zuten eta horren ostean, Laskotxarangarekin dantzaldia plazan.

Egitaraua:
  • Ekainak 29, osteguna. SAN PEDRO EGUNA
    • 10:00. Diana.
    • Ondoren. Dantza-soka.
    • Jarraian. Pilota eskolako alebin eta benjaminen finalak eta hamaiketakoa.
    • 18:00. Kalejira: Herriko trikitilariak, txistulariak, koroa, buruhandiak eta erraldoiak.
    • 22:30. Bertso saioa: Sustrai Colina, Nerea Ibarzabal, Alaia Martin eta Unai Mendizabal. Gai- jartzailea: Igotz Alkorta.
    • Ondoren. Erromeria Laiotz taldearekin.
  • Ekainak 30, ostirala. KUADRILLEN EGUNA.
    • 11:00. Magia Parrastan ikuskizuna, Andoni Ituñorekin, Usarrabi frontoian.
    • 13:00. Ikurrinaren aldeko ekitaldia.
    • 14:30. Kuadrillen arteko bazkaria.
    • Ondoren. Andoni Ollokiegiren emanaldia.
    • 18:30. Apar festa, Lamiategin.
    • 19:30. Elektrotxufla elektrotxarangaren emanaldia plazan.
    • 22:00. Suzko zezena.
    • Ondoren. Kulturarteko gaua: Tropicana Sound, DJ Fresa Morango eta sorpresaren bat edo beste...
  • Uztailak 1, larunbata. HAURREN EGUNA
    • 11:00. Herriko haurrentzako jolas eta lehiaketak: marrazkiak, xakea, krosa...
    • 12:00-14:00. Puzgarriak.
    • Ondoren. Haurren bazkaria.
    • 15:00-17:00. Puzgarriak.
    • 18:00. Patata tortilla txapelketa.
    • 18:30. Sagardo dastaketa.
    • 19:30. Herriko elektrotxarangaren emanaldia.
    • 22:00. Kontzertuak: Erroka, Bad Sound eta DJ Reimy. 
  • Uztailak 2, igandea. JUBILATUEN EGUNA.
    • 11:00. Meza.
    • 11:00. Haurrentzat zirku tailerra Usarrabi frontoian.
    • 13:00. Herri kirolak. Aizkolariak: Ugaitz Mugerza eta Iker Vicente. Harri-jasotzaileak: Lierni Osa, Lur Errekondo, Mikel Lopetegi Urra eta Paulo Azpiazu.
    • 14:30. Jubilatuen bazkaria. Bertsolariak: Millan Telleria eta Sebastian Lizaso. Trikitilariak: Agurtzane eta Ion Elustondo.
    • 18:30. Trikiti eta pandero eskolaren musika emanaldia.
    • 20:00. Erromeria Agurtzane eta Ion Elustondorekin.
    • 21:00. Sorginaren igoera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!