2019an Asteasuko festetan lehen aldiz jarri zuten martxan indarkeria matxistaren aurkako protokoloa. Aldi hartan Erratztuz gazte taldearen ekimena izan zen, eta behin pandemia igarota, abiatutako bidetik jarraitu zuen iaz Herritar Laguntza Sareak, Erratztuz taldeko kideekin zein Emakume Taldearekin batera. Aurten ere, sexu erasoei aurre egiteko hainbat neurri jarriko dituzte martxan San Pedro jaietan.
Pili Legarra alkateak herriko gazteentzako esker hitzak izan ditu, "gai honetan agertu duten inplikazioagatik". Herritar Laguntza Sareko kide gisa, Lander Mujikak azaldu du Erratztuz izenarekin bildutako gazte kuadrillaren ekimenez abiatu zela protokola duela lau urte, eta emaitza positiboa izan zuela ikusita, bideari jarraitzea erabaki dutela urtez urte.
Aurten ere, indarkeria aurre egiteko protokoloa landu dute Asteasun, edozein eraso egoerari aurre egiteko jarraibideak biltzen dituena. Libe Muguruza Berdintasun teknikariak azaldu duenez, esku-orri bat banatuko diete herritar guztiei, eraso baten aurrean jarraitu beharreko argibideak emateko, erasoa jaso izanez gero, edo eraso baten lekuko izanez gero. Festek irauten duten bitartean, Herritar Laguntza Sareak 24 ordutan martxan izango du 682 506 153 telefono zenbakia. Muguruzaren esanetan, beti galdetuko diote erasoa jasan duen pertsonari eta bere nahia errespetatuko dute.
Ostiral eta larunbatean 19:00etatik 22:00etara puntu morea jarriko dute plaza inguruan eta festak abiatu aurretik, protokoloa landuko dute tabernako eta txosna herrikoiko arduradunekin. Herrian gune ilunak ere identifikatu dituzte Herritar Laguntza Saretik eta festei begira argiztatu egingo dituzte, "Asteasu gune segurua izan dadin". Herriko neskekin ere lanketa egin dute, Muguruzaren hitzetan, "autodefentsaren bidetik, festei begira gure artean saretu gaitezen eta erreminta ezberdinak izan ditzagun eskura".
Ardura eskaera herritarrei
Aurretik ere egin izan duten bezala herritarren artean Ni ere prest txapak banatuko dituzte aurten, herritarrek erasoen aurka duten konpromisoa herrian ikusarazteko. "Denon ardura da Asteasuko festak denontzat izatea eta denek libreki disfrutatu ahal izatea. Helburua da inork erasorik ez jasotzea eta inork ez izatea beldurrik eraso bat jasotzeko. Jazartzea ez da ligatzea, Asteasun libre eta eroso sentitu gaitezen denok. Libre izan gaitezen nahi dugun pertsonengana hurbiltzeko, proposatzeko, seduzitzeko eta ondo pasatzeko, eta baita proposamenei libreki baiezkoa edo ezezkoa esateko, presio, txantaje eta indarkeriarik gabe". Emakumeen aurkako sexu erasoak bezala, bestelakoak ere gertatzen direla aipatu du Berdintasun teknikariak, arraza, orientazio edo identitate arazoengatik. "Eraso horiek guztiak gaitzesten ditugu eta eraso horietako bat gertatuko balitz erasoa jasan duena artatzeko ardura hartuko dugu".
Alkateak nabarmendu du urrats bat gehiago dela festetarako prestatu duten protokoloa, eta herri ekimenak eta udalak bat egin dutela neurriak pentsatzerako orduan. Asteasun, indarkeria matxistaren biktima direnei arreta emateko erakunde arteko koordinaziorako lehenengo tokiko protokoloa aurkeztu zuten martxoan eta horri adi jarraitzeko konpromisoa agertu du Legarrak. Bide berean, gaur, herri sarreran, kartela jarri dute Asteasuk indarkeria matxistarik eta LGTBIfobikorik onartzen ez duela adieraziz.
"Jai erosoak, seguruak eta alaiak ospa ditzagun elkar errespetatu eta zainduz", esanez amaitu du protokoloaren aurkezpena Asteasuko alkateak.