Erreportajea

Kabitzen da mundu bat Asteasun?

Ataria 2023ko eka. 20a, 07:57

Ashlyn Simmons, Asier Baglietto, Blanca Calderon eta Stiven Salazar.

Gaurko Asteasu ez da duela 25 urtekoa eta gaurko asteasuarrak ez dira duela 25 urtekoak. Gaur egun, beste herrialde batzuetatik Asteasura bizitzera etorri diren herritarrak 150 inguru dira, hau da, biztanleriaren %10 inguru. Denbora gutxian asko aldatu da herritarren pro la eta aldatzen jarraituko du.

Beste herrialde batetik Asteasura iritsi eta egiten al zaie harrerarik? Erakusten zaie herria? Eta bertan dauden baliabideak? Euskarara gerturatzen laguntzen zaie? Herriko ekimenetan parte hartzeko aukerarik eskaintzen zaie?

Galdera horiei erantzun bat aurkitu asmoz eta herritar guztien arteko elkarbizitza sustatzeko helburuarekin hasi da herria lanean, Mundu bat Asteasun egitasmoarekin. Pasa den uztailean jarri zuten proiektua abian Asteasuko Udalak eta Xirimi elkarteak, herriko beste eragile batzuen laguntzaz. Kanpotik Asteasura iritsi eta bertan bizi diren herritarren zerrenda osatu ostean, gonbidapen pertsonalizatua helarazi zieten, bakoitzari bere hizkuntzan, proiektua ezagutzeko bilera batera deituz. Jatorri ezberdineko berrogei lagun elkartu ziren eta haien ekarpenak jaso zituzten.

Asier Baglietto Asteasuko udal kultur teknikariak esan du «arrakastatsuak» izan zirela etorkinekin egindako ondorengo bi parte hartze saioak ere. «Herrira iritsi eta nola sentitu ziren, zeren falta sumatu zuten» galdetu zitzaien, baita «gaur egun nola sentitzen diren eta herritar izateko zer den lagungarri eta zer oztopo» ere. Proiektuan lantzeko pistak atera zituzten erantzunetatik.

Horren ondotik etorri zen jatorriz asteasuarrak diren herritarrekin egindako saioa. Haien iritziak bilduta, prest agertu ziren herritarrak proiektuan parte hartzeko. Eta horrela sortu dute kulturarteko espazioa. Espazio hori jatorri anitzetako asteasuarrek, udaleko ordezkariek, Xirimiri elkarteak eta jatorriz asteasuarrak direnek osatutakoa da.

Kulturarteko espazioaren lehen topaketa maiatzaren 6an egin zuten. Hiru foku nabarmendu dituzte, aurrera begira ere lanean jarraitzeko: harrera komunitarioa, hizkuntza aniztasuna eta kulturartekotasuna. «Nola egin harrera hobea etortzen jarraituko duen biztanleriari?». Esaterako, herriko eta eskualde mailako baliabide gida bat prestatzen ari dira. Bestalde, Tolosaldea mailan protokolo bat prestatuko dute eta ondoren Asteasuko errealitatera egokituko da, harrerak nolakoa izan behar duen zehaztuko duena: nork egingo dion harrera etorri berriari, nork lagunduko dion herria eta bertako baliabideak ezagutzen... Eta harrera egingo duten pertsonei formazioak eskaintzea ere bada asmoa.

Jatorriz asteasuarrak diren herritarrek hizkuntzaren inguruko kezka agertu zuten bileretan eta hor jarri dute beste fokua: hizkuntza aniztasunean. «Asteasun euskara bizirik nahi bada, erraztasunak eman behar dizkiegu kanpotik datozenei hizkuntzara gerturatzeko», dio Bagliettok.

Herrian antolatzen diren ekimenetan etorkinek ez zutela parte hartzen, eta Xirimiri elkarteak adierazi zuen kezka horretatik abiatuta hasi zen guztia martxan. Kulturartekotasunean zentratu dute hirugarren fokua. «Kanpotik etorritakoek bertako ekintzetan parte hartu dezaten bultzatu nahi dugu, eta era berean, beraiek herriari zer eskaini diezaioketen ere aztertu behar da».

Blanca Calderon kolonbiarrak bost urte daramatza Asteasun bizitzen, ahizparen bidez iritsita. Aitortu du gustura bizi dela herrian, baina kosta egin zaiola harremanak egitea: «Hizkuntza muga bat izan da niretzat harremanak egiterakoan, denek euskara erabiltzen dutelako kalean». Horrez gain, eskola bezalako komunitateetako parte izateak lagundu ahal duela

uste du: «Haur txikiak badituzu, harremanak egitea errazagoa da, baina, nire kasuan, alaba nerabea zenean iritsi nintzen, eta zailagoa egin zait». Orain, Mundu bat Asteasun proiektuarekin harreman berriak egiten ari dela dio.

Ez du halako mugarik sentitu Stiven Salazar kolonbiarrak. Bera ere duela bost urte iritsi zen Asteasura, lana medio, aurrez beste bost urte Madrilen egin ostean. «Kalera ateratzea asko gustatzen zait eta taberna giroan ere mugitzen naiz, eta ez dut inolako arazorik izan jendearekin harremanak egiteko». Gutxika, euskarazko hitzak ere ikasten joan da, gehienbat, agurtzeko erabiltzen direnak.

Ashlyn Simmons alaskarrari, gehienbat «eskolako komunitateak» lagundu dio herrian integratzen. 2016an etorri zen Asteasura bizitzera eta «gustura» bizi dela aitortu du. «Zortzi urteko bi alaba ditut, eta iritsi berritan, irakasle batek gomendatu zidan eskolatik irtetean parkean jolasean geratzeko; orduak pasatu ditut bertan eta ezinezkoa da inorekin harremanik ez izatea».

Elkar ezagutzen eta herritar sentitzen hasiak dira pixkana. Harreman pertsonalak egiteak «aurreiritziak gainditzen» laguntzen duela dio Bagliettok. «Ez dira kolonbiarrak edo estatu batuarrak, bera Blanca da, edo Stiven da bestea, ondoko hau Ashlyn den bezala».

Eskuartean duten proiektua ez da momentu jakin baterako martxan jarri dutena. «Etorkinek iristen jarraituko dute, beraz, prestatu egin behar da herria». Elkarbizitzarako bide horretan, adibidez, festak abiatzeko pregoia etorkinek emango dute, eta ekainaren 30ean, Kulturarteko gaua txertatu dute jai egitarauan, jolasen eta musikaren bidez harremanak eraiki eta sendotu daitezen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!