Gamesak Asteasuko lantegia salmentan jarri du

Ataria 2022ko urr. 27a, 11:59

Langileak aukera honen jakitun ziren, eta urriaren 3ko akordio-bermea gogoratu dute. Hala eta guztiz ere, ziurgabetasun egoeran daudela esan dute.

Siemens Gamesak haize erroten osagai batzuk ekoizteari utziko dio, eta zerbitzu hori beste enpresa batzuen eskuetan utziko du. Hala, Eusko Jaurlaritzako iturriek Berria egunkariari baieztatu diotenez, orain arte pieza horiek egiten zituzten lantegiak salgai jarriko ditu, tartean, Asteasun eta Mungian (Bizkaia) dituenak. Gauza bera egingo du Espainian dituen beste sei lantegiekin ere. Asteasuko lantegian 250 beharginek egiten dute lan; Mungiakoan, 70 inguruk.

Siemens Gamesak ez du erabakiaren inguruko adierazpenik egin. Ekonomiaren Garapenerako sailburu Arantxa Tapiak enpresari eskatu dio entzun ditzala aurrena euskal enpresen eskaintzak, beste konpainia bati saldu baino lehen. Jaurlaritzak ez du jakinarazi enpresa horien izenik, baina zehaztu du jada hornitzaile dituen enpresaren bat izan litekeela.

Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuraren atarian egin ditu adierazpenak Tapiak; ez du «kezka» ezkutatu, baina nabarmendu du ez dela «enpresa itxiera bat, salmenta bat baizik». Sailburuak esan du asmo guztien berri eman diela enpresak, eta prozesu guztiaren berri badutela. Aurreko astean bildu ziren enpresako ordezkariak Jaurlaritzarekin, Gasteizen. Euskal enpresekiko «konpromisoa» azaldu zieten enpresako arduradunek bilera hartan, Tapiaren esanetan.

Asteasuko langileen lan hitzarmena

Asteasuko lantegian urriaren hasieran egin zuten zuzendaritzarekin lan hitzarmena berritzeko akordioa. LAB sindikatuak ordu hartan adierazi zuen itunak Asteasuko lan kargari, lanpostuei eta lan baldintzei buruzko bermeak emango zizkiela. Salmenta ere aurreikusten zuten, eta orain, «ziurgabetasun» egoeran daudela azaldu arren, berme hori ekarri dute gogora Asteasuko langileek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!