Siemens Gamesako Asteasuko lantegian, enpleguaren etorkizuna bermatzen duen akordioa lortu dute langileek

Ataria 2022ko urr. 3a, 12:35

LAB sindikatuak adierazi duenez, akordio batera iritsi dira zuzendaritzarekin; enpresako hitzarmena berritzeaz gain, lan karga, lanpostu eta lan baldintzen bermea adostu dute.

Azken egunetan Siemens Gamesan emango diren kaleratzeen inguruan publiko egin diren berrien aurrean, LAB sindikatuak adierazi du ez duela inongo jakinarazpen ofizialik jaso. «Informazio bakarra komunikabideetatik eta langileek barne posta bidez jaso duten mezu batetik iritsi zaigu. Mezu horretan enpresa bideragarria izateko 2.900 kaleratzeen beharra aipatzen da mundu mailan, horietatik 475 espainiar estatuan, baina ez dute zehaztasunik eman kaleratzeak non eta noiz emango diren».

LAB-ek gehiengoa duen Siemens Gamesa Asteasuko plantan, akordio batera iritsi dira zuzendaritzarekin. «Enpresak dituen zailtasunen aurrean eta etorkizunean hau saltzeko dauden aurreikuspenen aurrean, akordio honekin langileen etorkizuna bermatzea lortu dugu. Enpresako hitzarmena berritzeaz gain, lan karga, lanpostu eta lan baldintzen bermea adostu dugu».

Azkenik, akordio honen garrantzia nabarmendu du sindikatuak. «Zalantzaz beteriko etorkizun batean bertako langileen etorkizuna bermatzen duelako. Honetaz gain instituzioei exijitzen diegu enpresa saltzeko aukeren aurrean beraien konpromisoa bertako erosle bat bilatzeko, Euskal Herrian estrategiko izango den sektore baten alde egingo duena».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!