Siemens Gamesak "konpromisorik hartu gabe" jarraitzen duela salatu du LAB-ek

Ataria 2022ko uztailaren 19a

Bosgarren egunez lanuztea egin dute gaur, Asteasuko lantegian.

Asteasuko enpresako langileek bost egunetan lanuzteak egin dituzte, enpresaren etorkizuna "kolokan" ikusten dutelako; enpresak aurrerapausorik ematen ez badu irailean borrokan jarraituko dutela esan dute langileek.

Asteasuko Siemens Gamesako langileek pasa den astean lanuzteak hasi zituzten enpresaren etorkizuna eta berau kokatuta dagoen GET dibisioarena "airean" ikusten zutelako. Bada, bost egunetan lanuzteak egin ostean, langileek "etorkizuna bermatuko dien" akordiorik gabe jarraitzen dutela esan dute LAB sindikatutik, "enpresak konpromisorik hartu gabe jarraitzen baitu".

Egoera ikusita, "langileen lanpostuak eta lan baldintzak mantentzeko bermea eta etorkizuna bermatuko dien industria plan batean konpromisoak hartzeko" exijitzen diote enpresari. Sindikatutik adierazi dute bide horretan aurrerapausorik ez badago, irailean langileek "euren etorkizunaren defentsan" borrokan jarraituko dutela.

Asteasuko lantegia Siemens Gamesa GET dibisioaren barruan kokatuta dago eta 200 langile ditu. LABeko 7 ordezkarik eta bi independentek osatzen dute enpresa-batzordea, eta iragan astean egindako batzarrean, langileek lanuzteak egitea erabaki zuten, enpresaren etorkizuna "airean" ikusten dutelako. Hala, bost egunez ordubeteko eta bi orduko lanuzteak egin dituzte txanda bakoitzean.

LAB sindikatuak azaldu duenez, proiektuaren etorkizunari buruzko kezka azaldu die Eusko Jaurlaritza eta gainerako erakundeei eta enpleguaren, teknologiaren eta ekoizpen guneen defentsan jarrera tinkoa izateko exijitu die.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!