Aurkariak gehiago izan dira

Imanol Garcia Landa 2022ko mar. 26a, 20:24

Etxebarria, Zabala, Bakaikoa eta Elizegi, sari banaketan. EITB

Iker Elizegik ezin izan du Promozio Mailako Binakako Pilota Txapelketaren finalean txapela jantzi. Bakaikoarekin batera, 8-22 galdu du Zabala eta Oier Etxebarriaren aurka.

Hasieratik partida urdinentzat izan da. Etxebarriari oso sendo ikusi zaio eta gainera bi tanto egin ditu zabalean dejada eginda, konfiantzaz zegoela erakutsiz. Zabala oso sartuta egon da uneoro partidan, pilotak oso luze jarriz eta min handia eginez bere pilotakadekin. Pilotak agian biziegiak ziren, urdinenak batez ere, eta errebote aldera askotxo iritsi dira, ia gehienak urdinek bidalita. Horren aurrean Elizegik eta Bakaikoak ezin izan dute gehiegirik egin. Halere, Bakaikoak garbi utzi du aurkariak gehiago izan direla, EITBri egindako adierazpenetan. Edozein pilotarekin urdinak gailendu egin direla esan du.

Sekulako giroa izan da Labrit pilotalekuan, eta Asteasutik joandako Elizegiren zaleek zerikusi nabarmena izan dute. Hainbatetan entzuten zen herrikoari egindako “Iker, Iker, Iker Elizegi” kantua, eta gorrientzako partida gero eta okerrago jarri denean ere modu eta indar berean animatu dituzte asteasuarra eta Bakaikoa.

Lehen tantoetan oso serio ikusi zaie urdinei eta abantaila ona hartu dute, 1-7 jarriz Etxebarriak egindako bigarren dejadarekin. Erreakzioa berehalakoa izan behar zuen gorrien aldetik, baina ez da iritsi. 5-9 gerturatu dira gehien markagailuan, eta esperantza izpi bat piztu da. Elizegi azken tantoetan gehiago gozatzen ari zen eta pilota oso urruti jartzen, eta amorruz ari zen ospatzen lortutako tantoak. Tentsioa askatzen ari zela zirudien. Urdinek, baina, bereari eutsi diote eta 5-12koarekin iritsi dira lehen atsedenaldira. Bakaikoa jokoan frontisetik oso urruti jartzen zen, beti defentsan, eta horrela tantoak egitea oso zaila zen. Atzean Etxebarria ari zitzaion gailentzen Elizegiri, eta Zabalak ere laguntzen zuen asteasuarrari zigortzeko lan horretan.

Atsedenalditik gorrien beste erreakzio bat espero zen, partida gehiago gogortu eta urdinen nagusitasuna zalantzan jartzeko. Hiru tanto egin dituzte jarraian, batez ere Bakaikoak kantxan aurrerago jokatzeko aukera izan eta aprobetxatu egin duelako. Baina hortik aurrera gorriek ez dute tantorik egin. Etxebarriak oso sendo jarraitu du, eta izaeraz odolberoa izan ohi den Zabala inoiz baino hotzago aritu da, pilotakadak emanez eta tantoak behar bezala amaituz. Etxeberriak eman dion lasaitasunak zerikusi handia izan du bere aurrelariaren jokoan. Gorriak pixkanaka burua makurtzen joan dira, nahi eta ezin, urdinen nagusitasunari nola erantzun jakin gabe. Tartean Bakaikoak txaparekin topo egin du eta Elizegiri, altura bilatu nahian, gora joan zaizkio bi pilotakada. Azkenean, uste baino lehenago bukatu da partida. Oier Etxebarriak bere bigarren txapela jantzi du eta Zabalak lehenengoa. Hurrengo txapelketaren zain egon beharko du Elizegik bere lehenengoa lortzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!