Ehun lasterkari inguru elkartasunez korrika

Tolosaldeko Ataria 2022ko mar. 26a, 16:49

El Salvadorreko Segundo Montes komunitateari laguntzeko VI. Elkartasun Krosa egin dute Asteasun eguerdian, eta antolakuntzatik gustura geratu dira parte hartzearekin.

Berez Eguberrietan antolatzen dute, baina aurreko bietan ezin izan zuten, eta aurten behintzat egin gabe ez zuten nahi utzi. "Beste urtetan Eguberrietan 150 lasterkari inguruk ematen zuten izena. Gaurkoan pozik gaude ehun pertsona inguruk parte hartu dutelako", esan du Joseba Txapartegi antolakuntzako kideak. Giro oso onean egin da lasterketa eta Txapartegik gogora ekarri du egun berezia dela asteasuarrentzat: "Goizean krosa antolatu da eta arratsaldean Iker Elizegi herritarrak pilotako finala jokatuko du". Senior mailan, lasterketako irabazleak Urko Arizeta eta Miriam De la Romana izan dira, eta jubeniletan Beñat Fernandez izan da aurrenekoa, hirurak asteasuarrak. Haur zein helduek parte hartu dute krosean.

Seigarren edizioa bete du krosak, eta bildu den dirua Segundo Montes komunitateko gazteei bideratzen diete. Ikasketak egiteko bekak ordaintzeko da dirua. "Aiztondoko herriak Segundo Montesekin senidetuta gaude eta eskaera iritsi zitzaigun bertako gazteei ikasketak ordaintzeko dirua biltzeko. Kros honen bidez egiten saiatzen gara, eta oso pozik gaude egitasmoarekin", esan du Txapartegik. "Gainera, aipatu beharra dago noizbait bisitan etorri direnean asko eskertzen dutela laguntza. Azkenean, bizitzarako aukera bat ematen diegula diote. Komunitate txiroa da eta ikasketak egiteko aukerarik ez dute, eta laguntza honekin hiriburura ikasketak egitera joateko aukera izaten dute. Beraientzat benetan garrantzitsua da".

Beraz, batetik kirola egitea, eta, bestetik, elkartasunaren helburua du krosak. "Herrian bagenbiltzan kros bat antolatzeko burutazioarekin eta justu eskaera hau garai bertsuan etorri zen eta oso ondo ezkontzen diren gauzak dira kirola eta elkartasuna, eta bide horretatik hartu genuen eta oso pozik gaude balantzearekin", zehaztu du Txapartegik. "Aurten ez genuen egin gabe utzi nahi eta datorrena Eguberrietan egiteko asmoa dugu. Ea urte luzez jarraitzen dugun antolatzen".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!