ELKARRIZKETA

«Pixkanaka gazteentzako eskaintzaren hutsunea betetzen ari dela uste dut»

Jon Miranda Labaien 2022ko mar. 19a, 07:57

Iñaki Mujika Dumall, Asteasun. J. MIRANDA

Arrakasta handiko ekoizpena da ETBko 'Go!azen'. Azkeneko denboraldian aktore bezala parte hartu du Iñaki Mujika Dumall asteasuarrak, Unaxen paperean. Hurrengo denboraldian telesailean jarraituko du.

Etxetik kanpora ordu asko ematen ditu Iñaki Mujika Dumallek (Asteasu, 2002), baina herrira bueltatzen da behin ikasketa eta bestelako eginbeharrak bukatuta. Musika du pasio eta musikak eraman du, modu batera, Go!azen telesailaren zortzigarren denboraldian parte hartzera. Asko espero gabe eroso jardun du langintza berrian.

Nolaz eman zenuen izena 'Go!azen' telesailaren castingean?

Aurkeztu zen lagun bat daukat, beraz, banuen casting horren berri. Gero beste lagun batek apuntatzeko esan zidan, baina nik hasieran ezetz esan nuen. Gero txantxetan bezala joatea erabaki nuen. Probak pasatzen joan nintzen pixkanaka eta konturatzerako barruan nengoen. Oso azkar joan zen dena.

Oso proba gogorrak izaten dira?

Bideo bidez egiten dute lehenengo proba, zati batean abestu egin behar izaten duzu eta bestean dantzatu, zeure burua aurkeztuz. Bigarren faserako, gidoi bat pasatzen dizute eta etxean ikasi behar izaten duzu. Gero aurrez aurreko probak hasten dira eta hor dagoeneko antzeztu behar izaten da. Finalean, berriz, aurreko denboraldiko aktore batekin jardun behar izan genuen. Egia esan kostatu zitzaidan eta urduri ere jarri nintzen, nik ez nuelako batere esperientziarik aktore lanetan, niretzako lan berria zen. Txikitan, eskolan-eta egiten genituen horrelakoak baina ordutik ezer probatu gabea nintzen. Hara iritsi eta aktoreen aurrean antzezteak lotsa handia ematen zidan, baina kontentu nago ongi atera zelako guztia.

Kantatzen jakiteak ba al du pisua hautaketa prozesuan?

Bai. Nire pertsonaia gainera musikaria da. Uste dut, nire kasuan, kontuan hartu zutela. 

Zuk Unaxen papera jokatzen duzu telesailean. Bere antzik baduzu?

Gauza batzuetan bai, baina ez dut uste hain zakarra naizenik. Nire pertsonaia hasieran gogo gabe joaten da udalekuetara, entzumen murriztua duen arrebarekin. Hura laguntzera doala uste du, baina motor istripu bat edukiko du eta psikologoek udaleku horietara joatea gomendatuko diote. Azkenean arrebak lagunduko dio Unaxi. Gero han maitemindu egingo da eta horren inguruan sortzen zaizkio trama ezberdinak. Nirekin duen antzekotasunik handiena, hala ere, musikarekiko zaletasuna da. Afizio hori konpartitzen dugu.

Lan astuna al da telesaila bat grabatzearena?

Grabazioak ekaina bukaeran hasi genituen eta abuztuaren 20ra arte iraun zuten. Hasieran oso gogorra egin zitzaidan. Aurretik lan hori egin gabea nintzelako alde batetik, baina bestetik oso lanaldi luzeak zirelako. 12-13 ordu pasatzen nituen etxetik kanpora. Goizean goiz atera behar izaten nuen, Donostiara joan eta han furgoneta batek hartzen ninduen grabaziora joateko. Etxera berandu iritsi, hurrengo eguneko gidoia ikasi eta berriz 05:00etan jaiki behar izaten nuen. Astelehenetik ostiralera martxa hori eramaten nuen eta gero asteburuetan hurrengo astekoak ikasi behar izaten nituen. Martxa hartu arte oso gogorra egin zitzaidan. Baina gero ohitu nintzen eta iruditzen zait konpentsatzen duela. Ez nago kexatzeko moduan.

Berriro hots egin dizute denboraldi berrirako?

Bai. Gogo handiarekin nago. Ekaina bukaeran hasiko dira grabazioak eta bi hilabete iraungo dute. Ez dakidana da zer pasako den Unaxekin. Ekoizpen etxekoekin bilera bat izango dugu aurki eta hor emango dizkigute azalpenak. Castingak egiten aritu dira egunotan eta hiru lagun berri hartuko dituztela bakarrik dakit.

Go!azen telesailaz gain, musikalarekin ere bazabiltzate herriz herri. Zer moduzko lana da?

Niretzako telesailak eman didan gauzarik onena izan da. Azken batean lagunekin joaten gara eta ez dugu kamera bat grabatzen ari zaigunaren presioa sentitzen. Gidoi bat badugu baina inprobisatzeko aukera ematen digu eta ondo pasatzera goaz. Publikoa zutik jarri eta dantzan hasten da eta hori ikaragarrizkoa da guretzat. Telebistan bai, badakigu jendeak ikusten duela telesaila, gustatzen zaiola eta oihartzuna duela gure lanak. Baina ez duzu zuzenean nabari, ez duzu antzezlanean bezala jendea gure kantuak nola kantatzen dituen ikusten.

Hainbat abestiren bertsioak egiten dituzue 'Go!azen'en. Aurrez ezagutzen zenituen kantu horiek?

Asko bai, baina beste asko ez. Egia da ez dudala euskaraz musika asko kontsumitzen. Su Ta Gar, Berri Txarrak eta horrelako taldeak ezagutzen nituen, baina berri gehiago entzuten hasi naiz orain. Nøgen bezalako taldeak ezagutu ditut eta sorpresa hartu dut, asko gustatu zaizkit. Ezpalak taldearen Itzala asko gustatu zait, adibidez. Telesailean bertsio bat egin genuen eta gero originala entzun eta are gehiago gustatu zitzaidan.

Uste duzu badagoela musika ondare bat transmititzeko belaunaldi berriei?

Bai. Uste dut garrantzitsua dela, bestela galtzen ari delako euskal musika. Herri txikietan ez hainbeste, baina hiri handietan ez da euskaraz musika entzuten, reggetoia eta horrelakoak nagusitzen dira. Horrek pena pixka bat ematen du eta Go!azen-ek euskal musika bultzatzeko balio badu ongi etorria izan dadila.

Euskara batua erabiltzen duzu telesailean.

Ez da erabat batua ere, baina egia da ez dela nik ohikoan erabiltzen dudan hizkera. Hasieran konplikatua egin zitzaidan, baina honezkero ohitu naiz.

ETBren ekoizpen ikusienetako bat da 'Go!azen'. Gazteentzat, euskaraz, ekoizpen gehiago beharko liratekeela uste duzu? 

Bai. Uste dut Go!azen-ek ez duela hutsunea erabat betetzen. Gaztetxoek zerbait behintzat edukitzea garrantzitsua da. Pena da gure telesaila soilik denboraldiko hamar kapitulukoa izatea. Orain Pausoka ekoiztetxeak Irabazi arte telesaila egin du eta arrakasta handia lortzen ari da. Pixkanaka gazteentzako eskaintzaren hutsunea betetzen ari dela uste dut.

Zer moduz daramazu telesaileko lanak berekin dakarren fama? Umezalea zara?

Bai, umeak gustuko ditut. Hemen Asteasun judo klaseak edo multikirol saioak eman izan ditut eta gaztetxoekin izan dut harremana. Gertatzen dena da, hainbeste ume atzetik «Unax, Unax, Unax» esanez edukitzea, batzuetan nekagarria dela. Ordubete sinatzen aritzea astuna izan daiteke baina ulertzen dugu gure lanaren parte dela, ez naiz kexatzen. Herri txikietan askoz jende gehiago gerturatzen zait hiri handietan baino eta konturatu naiz sei urtetik hamalau urtera artekoek ikusten dutela gehienbat telesaila, nahiz eta helduagoren bat ere badagoen tartean.

Esan duzun gisan, musika maite duzu. Familiatik datorkizula esan daiteke. 

Bai. Amonak pianoa eta organoa jotzen ditu. Bere seme-alaba guztiek jotzen dute instrumenturen bat. Aitak flauta, amak pianoa jotzen zuen lehen, anaiak klarinetea, arrebak biolina... Lauzpabost urterekin, arrebari ikusita, aitari esan nion nik ere hasi nahi nuela musika eskolan. Pianoarekin hasi nintzen eta gero bateriara pasa nintzen. Beranduago, kontserbatoriora pasa nintzen perkusioa ikastera.

"Oholtza zapaltzea baino gehiago gustatzen zait lagunartean ibiltzea eta giroa jartzea"

Orain kontserbatorioan ari zara. Etorkizunerako zein asmo?

Aurten amaituko ditut ikasketak. Gogoa badut bukatzeko, baina pena ere bai perkusioarekin ez dudalako jarraituko. Musikenen sartzeko probak egingo ditut aurten, bateriako goi mailako ikasketak egiteko. Ea zortea dudan. Sartuz gero, beste lau urte dauzkat ikasketak egiteko.

Zein musika estilo entzuten duzu?

Batez ere rocka, metala, jazza eta jazz fusioa entzuten dut. Denetarik entzuten dut, egia esan. Michael Jackson eta horrelako estiloak ere asko gustatzen zaizkit. Go!azen-en ezagutu ditudan lagunek ere gustu ezberdinak dituzte eta bidea zabaldu didate beste musika estilo batzuetara.

Oro har, metala, hardcorea... estilo horietan mugitzen zara erosoen?

Baietz esan liteke. Entzuteko, behintzat, musika pisutsuagoak ditut gustuko, baina pop kantuak grabatzen ere oso ondo pasatzen dut, askotan metal kantuak grabatzen baino hobeto.

Talde batean baino gehiagotan ere aritzen zara. Zer ekartzen dizu zuri oholtzak?

Bai, Melioran nabil, Nera taldean ere bai eta Zozongo perkusio taldean. Oholtza zapaltzea baino gehiago gustatzen zait lagunartean ibiltzea, jendea animatzea eta giroa jartzea. Printzipioz, Meliorakin eta Nerarekin disko bana ateratzeko asmoa daukat. Melioararekin Mutrikun Axularren estudioan lau kantu grabatu ditugu eta Nerarekin beste pare bat. Ea uda parterako prest dauzkagun eta diskoak ateratzeko moduan garen.

Melioran esate baterako, zu zara ahots nagusia, protagonismoa baduzu oholtza gainean. Eroso?

Hobeto daramat orain, Go!azen telesailarekin ikasi dut lotsak kentzen eta jendeak esaten duena aparte uzten. Melioran nik bakarrik hitz egiten dut, eta oraindik lotsa ematen dit. Go!azen-eko emanaldietan gidoi bat egoten da, denak hitz egiten dugu eta ezberdina izaten da.

Nola irudikatzen duzu zure etorkizuna?

Pentsatzen aritu naiz eta nik printzipioz musika daukat buruan. Gero aktore lanak ateratzen bazaizkit, ondo, uste dut bi gauzak batera egiteko gauza izango naizela. Ea nondik nora naraman bizitzak. Aurretik galdetu izan bazenit, argi xamar esango nizuke neure burua kontserbatorioan irudikatzen nuela, musika ikasten. Orain hau guztia gertatu zait eta ez dakit zer erantzun. Auskalo.

MOTZEAN

Musika talde bat? Avenged Sevenfold.

Kantu bat? Lingus, Snarky Puppy

Aktore bat? Johny Depp.

Serie bat? Glee.

Filme bat? In the heights.

Bizitzeko herri bat? Asteasu.

Bisitatzeko herri bat? Las Vegas.

Kirol bat? Judoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!