ELKARRIZKETA

«Meliora latinezko hitz bat da, zerbait hobearen bila esan nahi du»

Leyre Carrasco 2021ko urr. 9a, 07:59
‘Pello Errotaria’ bideokliparen grabaketa. ATARIA

Iñaki Mujika (Asteasu, 2002), Markel Galarraga (Zizurkil, 1998), Ivan Ropero (Zizurkil, 1998) eta Jokin Iraolak (Tolosa, 1997) osatzen duten taldea da Meliora. Hiru urteko ibilbidea du, hain zuzen, eta pandemiak eragindako etetearen ostean, inoiz baino indartsuago eta proiektu berriez gainezka dator oraingoan.

Pello Errota asteasuarraren bertsoari rock erritmoak gehituz kaleratu berri du lehen singlea eta bideoklipa Meliora taldeak.

Nola elkartu zineten?

Ivan Ropero: Hasiera batean beste talde bat sortu genuen, baina talde hori bidean geratu eta ez zen aurrera atera. 2018. urtean, hain zuzen, beste proiektu bati hasiera eman genion Markelek eta nik. Instagram bitartez Iñaki aurkitu genuen, eta gu hiruok eta bajua jotzen zuen beste mutil bat elkartu ginen. Baina duela urtebete inguru bajua jotzen zen mutil hori atera eta Jokin sartu zen. Beraz, Meliorak irailean hiru urte bete ditu jada. Hiru urteko ibilbidea, hain zuzen, baina kontuan izan behar dugu pandemia ere tantean izan dugula.

Beraz, pandemia oztopo izan da Meliora hazten jarraitzeko?

I.R.: Bai, baina egia da pandemia aurretik kontzertu pare bat emateko aukera izan genuela; eskualdeko hainbat herrietako festetan, bereziki.

Meliora ezagun dugu eskualdean, baina non du jatorria taldearen izenak? 

Iñaki Mujika: Asko gustatzen zaigun talde bat dago, Ghost izena du, eta talde horren album batek Meliora izena du. Hortik hartu genuen taldearen izena. Meliora latinezko hitz bat da, zerbait hobearen bila esan nahi du, hain zuzen ere.

 

«Meliorak irailean hiru urte bete ditu jada. Hiru urteko ibilbidea, baina kontuan izan behar dugu pandemia ere tartean izan dela»

 

Zein da zuen musika estiloa?

Markel Galarraga: Bariatua dela esango genuke. Azkenean, rock musikan eta munduan nahiko irekiak gara, baina batez ere hard rock-a edota heavy metal estiloak lantzen saiatzen gara, baita rock and rolla ere.

Musika bizia, ezta?

I.R.: Bai, baina tartean baladak ere jotzen ditugu. Ez gara musika estilo batean soilik zentratzen, denetik jotzen saiatzen gara.

Musika talde bakoitzak bere esentzia duela esaten dute. Zein da Meliora taldearen esentzia? 

Jokin Iraola: Lehen aipatu bezala, estilo asko lantzen saiatzen gara. Hau da, ez daukagu estilo finko bat, eta azkenean, gure estiloa gure gustu guztien arteko nahasketa bat da; gustu horien arabera zerbait sortzen saiatzen gara.

Meliora taldea estudioan kanta grabatzen. ATARIA

M.G.: Hori da. Taldekide bakoitzak bere estiloa eta musika erreferentziak ditu. Oso desberdinak gara gure artean, eta zerbait desberdina sortzerako garaian horrek ere laguntzen du.

Zein instrumentu entzun daitezke Melioran?

I.P.: Nagusiki, bateria, gitarra, ahotsa eta baxua. Orain atera dugun single berrian teklatua ere sartu dugu, baina hori oso puntuala da.

 

«Azaroan bigarren aldiz zapalduko dugu estudioa, eta beste lan batzuk grabatzeko asmoarekin gaude»

 

Single berria aipatu duzue; 'Pello Errotaria', hain zuzen. Bere bideoklipa ere kaleratu berri duzue. Nor da Pello? 

I.M.: Ni asteasuarra naiz eta nere herrian Pello Errota izeneko bertsolari ospetsu bat zegoen. Gainera, nire eskolak ere, herriko eskolak hain zuzen ere, bere omenez Pello Errota izena du. Euskal Abentura izena duen espedizio batera joan nintzen, eta horko lan bezala bertsio bat sortu behar genuen. Gaia Nire herria zen, eta ideia bezala liburu batetik bere bertso bat hartzea pentsatu nuen. Bertso hori ez da batere ezaguna, beraz, musika jarri nion. Abesti hori gordeta izan dut denbora luzez, eta aurreko urtean horren bertsio potente bat Meliorarekin egitea pentsatu nuen. Horrela sortu zen Pello Errotaria singlea.

Zer da bertan kontatzen duzuena?

I.M.: Pello baserri batean bizi zen. Behin, baserrira iritsi eta astoan gordeta zituen gauza guztiak lapurtu egin zizkioten. Pello haserretu egin zen, eta gertakari hori salatzera joan beharrean, horren inguruko bertso bat egin zuen.

Lan berria oholtza gainean eta zuzenean aurkezteko gogoz egongo zarete. 

J.I.: Bai, noski. Larramendiko festetan jotzeko eskaera egin digute, eta aurrerago Villabonako Rainbow tabernakoekin ere zerbait egitea aurreikusten dugu. Euren asmoa herriko plazan kontzertu batzuk eskaintzea da, eta gonbidapena luzatu digute. Beraz, oraingoz, bi proposamen horiek ditugu esku artean.

Ibilbide ez hain txikiko taldea, baina bai oihartzun handikoa. Zein proiektu dituzue etorkizunerako esku artean?

I.P.: Printzipioz, single hau bakarrik grabatu dugu Mutrikuko Ame estudioan. Esan beharra dago lehen aldia izan dela estudio batera sartzeko pausoa eman dugula, eta horrek aurrera begira asko esaten du. Azaroan bigarrengo aldiz zapalduko dugu estudioa, eta beste lan batzuk grabatzeko asmoarekin gaude. Hilabete bukaeran bigarren singlea aurkezteko asmoa dugu, eta datorren urtean diskoa amaitu eta hori kaleratu nahiko genuke.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!