Jokin Eizmendik irabazi du Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa

Tolosaldeko Ataria 2021ko abe. 18a, 19:23

Asteasuko Lege Zaharren plazan jokatu da gaur txapelketa; Bigarren egin du Iñigo Eizagirre 'Eiza'k eta hirugarren Jon Unanue 'Goenatxo III'ak.

Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa jokatu da gaur Asteasun. Lau harri jasotzaile ziren aritzekoak baina Aimar Galarragaren hutsunea dela medio, hiru izan dira plazan jardun dutenak. Jokin Eizmendik jantzi du txapela.

Harri jasotzaile zarauztarrak laugarren txapela jantzi du, aurrez 2014, 2015 eta 2018an ere irabazia baitzuen Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa.

Lan mardula egin behar izan dute hiru harri jasotzaileek, harri banarekin hiru minutuko txandatan:

  • Jokin Eizmendi
    • 200 kiloko errektangularrarekin: 8 jasoaldi.
    • 175 kiloko zilindrikoarekin: 10 jasoaldi.
    • 150 kiloko kubikoarekin: 12 jasoaldi.
    • 125 kiloko bolarekin: 14 jasoaldi.
  • Jon Unanue Goenatxo III
    • 200 kiloko errektangularrarekin: 6 jasoaldi.
    • 175 kiloko zilindrikoarekin: 8 jasoaldi.
    • 150 kiloko kubikoarekin: 9 jasoaldi.
    • 125 kiloko bolarekin: 9 jasoaldi.
  • Iñigo Eizagirre Eiza
    • 200 kiloko errektangularrarekin: 5 jasoaldi.
    • 175 kiloko zilindrikoarekin: 7 jasoaldi.
    • 150 kiloko kubikoarekin: 10 jasoaldi.
    • 125 kiloko bolarekin: 12 jasoaldi.

Honenbestez,  6.900 kilo jasota Jokin Eizmendik jantzi du 2021eko Euskal Herriko Harri Handien txapela. Orotara 5.225 kilo jaso ditu Eizagirrek eta 5.075 kilo Goenatxok. Bihar, Eskal Herriko Harri Txikien Txapelketa jokatuko da. Hodei Iruretagoiena Izeta IV, Iraitz Arruti Burni, Xabat Olaizola eta Mikel Lopetegi Urra ariko dira lehian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!