Aiztondo elkarteak, Asteasuko Udalak eta Danena txirrindularitza taldeak antolatutako ekitaldia izan zen. Gipuzkoako eskolarteko federaziokoak ere bertan izan ziren antolakuntza lanetan.
Hiru ibilbide izan zituzten kategoria bakoitzean banatuta. Benjaminek 0,7 kilometroko ibilbideari 2 itzuli eman zizkioten, alebinek kilometro bateko ibilbideari 3 itzuli, eta infantilen kasuan 1,4 kilometroko ibilbideari 3 itzuli.
Lehenik herriko gazte ez federatuak izan ziren. Irabazleak infantiletan Peru Muxika, alebin mutiletan Ohinatz Aranburu, alebin nesketan Uxue Maioz eta benjamin mutiletan Galder Muxika izan ziren.
Ondoren neska federatuen txanda izan zen. Hiru mailak minutu bateko tartean irten ziren. Benjaminen kasuan ez da lehiaketa bezala hartzen eta ez da lehiaketa sailkapenik edo saririk izaten. Alebinetan neska irabazlea Ainhoa Plaza eta bigarren Jule Zubeldia izan ziren. Infantiletan, lehena Ane Zubeldia eta Elena Cuenca bigarren.
Benjamin mutiletan denak batera atera ziren. Alebinetan bi talde atera ziren, dortsal zenbaki bakoitia zutenak lehenengo eta ondoren zenbaki bakoitia zutenak. Hemen talde bakoitzeko irabazleari eman zitzaion saria eta lehenengo eta bigarren postua denboraren arabera banatu zen. Lehenengo postuan Daniel Diaz izan zen eta bigarren Xuban Arakistain.
Azkenik infantilen txanda izan zen. Hauek ere bi taldetan parte hartu zuten, dortsalen arabera banatuta. Talde bakoitzeko irabazlea hartu zen kontuan eta denboraren arabera banatu lehen eta bigarren postua. Lehen postuan Aner Irizar izan zen eta bigarren postuan Aiur Ugartemendia.
Aurreko egunetan egindako euriaren ondorioz ibilbidea lokatzez beteta aurkitu zuten, baina ondo moldatu ziren gazteak.
Argazkiak: Txomin Isuntza